Ez da gure mendietan basati aurkitzen, bai ordea baserri inguruetan landatuta. Erabilera asko izan ditzake.
- Izen herrikoia. Erromeroa.
- Izen zientifikoa. Rosmanius officinalis L. (Lamiaceae)
- Ezaugarriak. Zuhaixka hau 1,50 metro luze izan daiteke. Hosto berde ilunak ditu goialdean, eta zurixkak behealdean; oso usaintsua da. Loreak lilak dira, eta udaberritik uda bukaerara arte egon daiteke loretan. Mediterraneo aldeko landarea denez, ez dugu basati aurkituko gure mendietan, bai ordea baserri inguruetan landatuta.
- Atal erabilgarriak. Loreak eta hostoak erabiltzen dira.
- Propietateak eta erabilpenak. Erromero hostoen prestakinak barne erabileran erabiltzen dira, estimulatzaile moduan. Infusio moduan, organo desberdinen aktibitatea estimulatzeaz gain, animoa igotzeko balio du. Odol fluxua hobetu eta nerbio sistema estimulatzen duenez, egokia da memoria arazoetarako, kontzentrazio faltarentzat, urduritasuna arintzeko…
Oreka hepatikoa mantendu, tronboak saihestu eta zirkulazioa hobetzen ere laguntzen du. Digestioa estimulatzen du, eta hesteetako haizeak saihestu. Tentsioa igotzen du, eta ez da erabili behar gibel eta behazuneko arazoetan, ezta zirrosi, kolesterol eta ikteriza kasuetan ere.
Kanpo erabileran, olio, ukendu eta alkohol moduan erabil daiteke, erreuma, artritis eta lunbago kasuetan, zirkulazio periferikoaren laguntzaile moduan igurtziak emanez. Zaurien zikatrizazioa hobetzen du, eta antiseptiko suabe moduan jokatzen du. Hileroko eta giharretako minetarako alkoholaren nahastuz eman daitezke igurtziak. Erromero esentziak buruko ile-larrua estimulatzen du, eta ilea erortzea saihestu.
Landarearen ur-lurrunak arnastuz, katarro, eztul, bronkitis, asma eta arnas aparatuko arazoak arintze dira.
Kozinatzeko ere asko dira erromeroak izan ditzakeen erabilerak, bai freskoan bai lehortuta. - Kontraindikazioak. Tentsioa handitzen duenez, ez da gomendatzen erromeroaren erabilera hipertentsio kasuetan, ez eta haurdun dauden emakumeetan eta giltzurrunetako arazoak dituzten pertsonetan. Behazun hodien boxadura kasuetan ere ez dira erromero prestaketak erabili behar barne aplikazioetan.