Ane Insausti Barandiaran • Hegitik begira
Gizon zuri zisgenero agurgarriak: badakit zuen pribilegioek ez dizuetela konturatzen uzten egun argitan, tabernako terrazako poste horretan, lasaitasun osoz pixa egiteko aukera zuek bakarrik daukazuenik. Badakit, autobide erdian autoa geratu eta husten zaretenean, larri zaudetelako egiten duzuela, bi aldiz pentsatu gabe zuenaz besteko gorputzek ekintza horiek erosotasun horretan egin ote ditzaketen ala ez.
Konturatu, ordea, beste askok eta askok ezkutuan egin behar izaten dugula pixa. Ez litzaigukeela bururatu ere egingo terraza batean eserita egon eta komunera altxa ordez, jendaurrean lasai-lasai maskuria hustea. Are, noizbait eremu publikoan halakorik eginez gero, zuek entzun ez dituzuen iruzkinak entzun beharko ditugula. Zuek zuen arrastoa kale kantoietan nahieran eta patxada osoz uzten duzuen bitartean, beste askok izerditan egiten dutela komunerako bidea, bi ateetako batekin ere ez direlako eroso sentitzen, eta erasoak jasaten dituztelako.
Badakigu eroso zaudetela, eta ziurrenik ez dituzuela zuen ohiturak aldatuko. Baina beno, saiatzearren ez dugu ezer galtzen, ezta? A! Eta tapa altxa gabe pixa egin eta zikindutakoa ez garbitzeaz beste egun batean hitz egingo dugu.