Asier Mujika Otegi • Arama
Ez naiz nobedaderik esaten ari Arama pilotarien herria dela diodanean, begibistakoa baita, gure herriko gazteak iritsi diren, eta, iristen ari diren, maila.
Eta hau, beraiek azaldu duten gaitasunaren eta ahalaren ondorio izateaz gain, aurreko belaunaldietatik jaso duten pilota jokorako grinak eta zaletasunak ere zeresana badutelakoan nago. Arama, betidanik izan baita pilotazalea.
Garai bateko Araman, beti zen erraza pilotarako laguna bilatzea. Herriguneko eskubi pareta zuen frontoi zaharra izan zen pilotarien harrobi. Hara noraino, gure txikitasunean, Gipuzkoako Herriarteko Pilota txapelketan ere parte hartzeko taldea osatzeraino.
Orain bezalatsu, orduan ere, Ostatua zen herriko gazteen eta helduen bilgune. Baita goierritar asko eta askorena ere. Bertaratzen zirenek, hortxe zuten aukera, ezetz eta baietz, pilotarako desafio bat bota, eta erronda nork ordainduko argitzeko. Jan-edanari leku egin nahi zionak ere, modu paregabea zuen, gorputza pixka bat mugitu, izerdi pixka bat atera, eta berriro ere mokadutarako prest. Ez zegoen adinik, ez zegoen mugarik, inor jokoan hasiz gero, laster elkartzen zen kuadrillatxoa.
Aze oroitzapenak ditudan, tio Joxe Mari, tio Pedro eta bere lagunekin, jo ta su, pilotari astinduaz. Eta gero, Marijorenean, Coca Cola frexkoa. A ze festa!
Pilota baratzeetara
Indarrez pixka bat pasaz gero, hor joaten zen pilota beheko baratzeetara, eta, askotan, patata tartean pilota bila jardun behar. Pilotek hazitarako balioko balute…
Frontoiak gordetzen zuen, baita ere, misterio puntu bat. Bere paretaren atzean, garai bateko ziminterioa aurkitzen zen, eta, ume-umetan, sekulako zirrara sortzen zigun haruntz inguratzeak. Bertan bizileku zuen hontzak ere ematen zigun nahikoa lan…
Ostatuaren bikote paregabea
Frontoi zaharra, ostatuaren bikote lagun paregabea zen. Bien artean sortzen zen herri giroa deskribaezina da gaur egun. Hura zen Aramako kiroldegia. Pilotan, futbolean, bote-botean, ezkutaketan… Hura zen herriko parte zaharra, jai giroan biltzen zen gunea. Herriko dantza taldeak bere emanaldiak ematen zituen gunea. Txistulari taldeak, bere doinuak aireratzen zituen lekua. Hura bai zela erabilera anitzeko espazioa!
Goizeko ordu txikietara arte luzatu zitekeen eguna. Hango mus saioak, hango kontu-kontaldi saioak, hango eztabaidak…
Xumetasunak herriari emandakoa
Baliabidez eta materialez, aurrerapauso itzelak eman direla zalantzarik ez da. Baina, orduko xumetasunak herriari eman ziona berreskuratzen izango da nahikoa lan, berriro ere, orduko herri giro eta aldartea ezagutzen.
Frontoi zaharrak, elkarrekin gozatzeko, eta zergatik ez, elkarrekin jolasteko aukera eskaintzen baitzigun.