Alex Eskisabelek (Beasain, 2000) betidanik izan du zanpantzarrekiko miresmena. Herrian jartzen zuten giro alaia ikusirik, bera ere animatu, eta Beasaingo Zanpaldunak taldeko kide izatera pasa da beasaindar gaztea.
Zanpantzarrak ikustea ohikoa den arren, askotan ez dakigu zer den hauek errepresentatzen dutena.
Kondaira bat baino gehiago dago, baina guk betidanik entzun izan dugu neguko espiritu txarrak uxatzeko eta udaberriari ongi etorria emateko ateratzen direla kalera joaldunak.
Zanpaldunak Beasaingo Joaldunak taldean zabiltza. Zein izan da taldearen bilakaera?
Taldearen izena hitz joko batetik dator, izan ere, jende askorentzat zanpantzarrak garen arren, beste askorentzat joaldunak gara, eta bi hitz horiek nahastuz sortu zen Zanpaldunak taldea. Beasaingo gazteek hutsune bat ikusten zuten esparru honetan; hemen inguruan ez zegoen horrelako talderik, eta herriko festetan ibiltzen ziren joaldunak kanpotik etortzen ziren. 2011n Gazte Antolakundeak antolatutako zanpantzar tailerrean parte hartu zuten herriko gazte batzuk, eta bertan ikasitakoa 2012ko Beasaingo festetan erakustea erabaki zuten lehenengo aldiz. Hasierako lau urteetan zenbait ekitalditan parte hartu zuten arren, duela hiru urte taldea serioski berrartzea erabaki zuten, bi urte geldirik egon ostean. Gaur egun 8 mutil eta 3 neskek osatzen dugu taldea, eta handitzeko asmotan gabiltza.
Taldeko gazteena zara.
Egia esan, pena handiz esaten dut ni neu naizela gazteena, izan ere, denbora aurrera doan heinean gero eta zailagoa da horrelako ohiturei eustea. Taldeko bigarren gazteena ni baino 5 urte zaharragoa dela eta taldeko nagusienak ni baino dozena bat urte gehiago dituela ikustean, etorkizunari begira taldea bizirik mantentzea zaila izango dela sentitzen dut. Joaldunen ohiturari dagokionez, ordea, indarra hartzen ari dela esango nuke. Goierrin, zanpantzar talde bat sortu da Lazkaon, eta Beasaingoa martxan jarri dugu berriro ere. Zer esanik ez Nafarroan dagoen kastari buruz, 6 urteetatik joale bezala ibiltzen dira bertako asko eta asko.
Eta jendeari zer mezu eman nahiko zenioke?
Oso albiste pozgarria iruditzen zait azken urteetan Goierrin asko galdu den ohitura bat izan eta gero berriro ere honen bueltan martxan jartzea. Izugarria izango litzateke Lazkao eta Beasaingo taldeak batu eta zerbait antolatzea. Azkenik, jendeari animatzeko esan nahiko nioke, probatzeko eta zer den ikusteko. Guk ez dizkiogu inori ateak ixten, eta guztiak ongi etorriak izango dira. Taldean beti esaten dugun moduan: ‘Joaleen burrunbak kaleak aztora ditzala!’.