Jon Aizpuru Larrañaga (Beasain, 1988) mendi lasterketetan aritzen den langile bat da. Bere lehentasuna Itsasondoko Jason duen lana da, eta gero dator kirola. «Zoritxarrez, egunek ez dituzte 36 ordu», atsekabetu da. Kontuak kontu, egunero ateratzen du tarteren bat entrenatzeko. «Lasterketa egunean ongi pasa nahi bada aurretik pixka bat sufritu egin behar da. Biltzeko ere aurretik erein egin behar da. Ez baduzu ereiten, ez duzu ezer jasoko».
Entrenamendu egokiarekin ultra-trailak edozeinek egin ditzake?
Nik uste lasterketa hauek edozeinek egin ditzakeela, baldin eta lasterketari errespetua ez badio galtzen. Errespetua ez galtzea da diziplina bat eraikitzea, ohitura bat, non jakin beharra duzun ia egunero kirola egin behar dela. Lasterketa egunean ongi pasa nahi bada aurretik pixka bat sufritu egin behar da.
Lasterketa ez da irteeran hasten.
Biltzeko aurretik erein egin behar da. Kirol munduan, batzuetan, nahiz eta ongi erein zure haziak ez duzu fruiturik biltzen, gure nekazariek bezala. Baina ez baduzu ereiten, ez duzu ezer jasoko.
Entrenamendu egokiak arlo ugari izango ditu. Bat, fisikoa. Esan duzu ia egunero egin behar dela kirola. Nola uztartzen duzu egunerokoarekin?
Ni, lehenik eta behin, langile bat naiz. Goierriko enpresa batean egiten dut lan eta hortara dedikatzen naiz profesionalki. Hori da nire lehenengo ardura profesionala, eta bakarra.
Entrenamenduei dagokienez, egun bat atsedenerako hartzen dut. Gainerakoan, beti entrenatzen dut. Eta, egun batzuetan, oso motibatuta banago, bi saiotxo ere egin izan ditut. Baina saioak ez dira luzeak izaten. Saio asko eta denbora konkretu bat egiten dut, bi ordu inguru. Eta, gero, egun bat bereziagoa egiten dut: bizikletan ibiltzen naiz, adibidez. Orduan bai, orduan ordu gehiago egiten ditut. Behin jantzita…
Entrenatzeko, beti mendira?
Gimnasioko lanak ere egiten ditut. Kore ariketa sinpleak, indarra lantzeko; Altamirako pistara ere joaten naiz; beste batzuetan herritik korrikaldi lasaiak egiten ditut… Baina beti Beasain inguruan. Oso gutxitan hartzen dut kotxea entrenamenduak egiteko.
Asko lotzen duen zaletasuna da?
Zoritxarrez, egunek ez dituzte 36 ordu. Lagunekin geroz eta denbora gutxiago egoten naiz eta etxekoekin ere hala-moduz. Ingurukoen beharra badaukat, baina batzuetan ez diet behar bezalako kasurik egiten. Baina ez da ez naizela denera iristen. Nire erabakia da. Hala erabaki dut lasterketetan gozatu ahal izateko.
Baina eman ere egingo dizu. Zer?
Askatasun sentsazio hori: nik erabakitzen dut erronka bat eta nik erabakitzen dut hori lortzeko bidea. Entrenatzaile bat badaukat, baina beno, horrek ez du esan nahi nik ezin dudala erabaki entrenamendu horien gainean. Gainera, etxean edo lanean dauzkadan barne arazoak askatzen laguntzen dit. Arlo fisikoan eta psikologikoan laguntzen dit kirola egiteak. Nahiz eta momentu batzuetan, bereziki denbora asko daramazunean entrenatzen, obligazio puntu bat bihurtzen den.
Enpresa batean lan egiten duzula esan duzu.
Jaso Industrialen, Itsasondon.
Gustura? Korrika eta ultra-trail munduekin ez du lotura handirik.
Oso gustura nago. Lan-talde polita dugu. Gainera, batzuentzako ezaguna nintzen kirol mundutik eta galderak eta halakoak egiten dizkidate.
Profesionala izatea eta kiroletik bizitzea gustatuko litzaizuke?
Mendi-kirolariak asko dira, baina hortaz bizi direnak oso gutxi. Mundu mailan, ondo bizi direnak, esku batekin kontatu ahalko genituzke. Profesional bezala dabiltzanak justukoa irabaziko dute eta aurreztu oso gutxi egingo dutela imajinatzen dut. Ez dago dirurik.
Zaletasun merkea da?
Ezetz esango nuke . Korrika egitea beti esaten dute merkea dela, baina gero beti garestitzen da. Ez da triatloia edo rallyak bezain garestia, baina garestia bada.
Bidaiak zuen poltsikotik ordaintzen dituzue?
Egin ditudan bidaia guztiak nik ordaindu ditut. Hor egiten du gora aurrekontuak, dezente. Gainera, bakarrik joaten naizenean berdin dit non egin lo, baina baten batekin joaten naizenean saiatzen naiz leku atseginak bilatzen. Kasi nire esklabo bilakatzen dira bizpahiru egunez eta zer gutxiago bidaia atsegina izatea baino.
Lasterketen aitzakian mundu pixka bat ezagutuko zenuen.
Horrenbeste ere ez, baina bestela ezagutuko ez nituen leku batzuk ezagutu ditut: Chamonix, Kataluina, Portugal, Reunion Uharteak…
Entrenamenduetara itzulita, beste zati bat psikologikoa da. Lantzen duzu?
Jendearen kronikak irakurtzea gustatzen zaizkit eta denek aipatzen dute bai fisikoki eta bai mentalki sufritzen dutela. Besteek sufritzen dutela jakiteak niri ere laguntzen dit.
Buruak lan asko egiten du?
Denbora guztian buruarekin zabiltza. Lasterketak arreta handia eskatzen du: jan egin behar duzu, edan, kontuz ibili… Baina baita ere izan daiteke lasterketatik guztiz ateratzeko. Edozer gauzatan pentsatzen duzu orduan: zure bizitza nolakoa izatea gustatuko litzaizukeen lasterketa bukatzean, lanean, amak prestatutako albondigetan… Momentu oso introspektiboa egoten dira.
Beharko beste zerbaitetan pentsatu. Ordu asko dira agonia betean, sufritzen.
Agonia ez dakit, baina sufritzen jakin behar da. Halere, sufrimenduarekiko tolerantzia handitzen joaten da.
Sufrimenduari eusteko indarrak gainezka egiten duenean, zer?
Karrera guztietan damutzen zara izena emateaz eta karrera guztietan esaten duzu ez zarela itzuliko. Hori beti. Baina beti itzultzen zara.
Momenturik gogorrenak zeintzuk dira?
Izan daiteke hotza, beroa, gosea… Bakardadea ongi eramaten dut, normalean. Lasterketa batean bakarrik gelditzeak ez nau kezkatzen. Badakizu talde bat duzula atzean, inoiz ez zaude bakar-bakarrik.
Ultra-trailak taldeko kirola dira?
Ez da, baina bihurtzen da. Korrikalari baten atzean talde oso bat dago, azkenerako: nire kasuan, lasterketa batzuetara anaiarekin joaten naiz, asistentzia egin diezadan. Janak prestatu, arropak… Lasterketan izan beharreko planteamenduak ere aipatzen ditugu, eta zein informazio nahi dudan jaso eta zein ez…
Bikotekidea ere taldekidea da. Gure harremanean korrikak badauka influentzia. Berarekin egon beharrean korrika egitera joaten naiz.
Erretiratu beharra gogorra izango da.
Behin bakarrik erretiratu naiz, eta mina nuelako. Harrotasun puntu bat ere sentitzen dut, gelditzen jakin nuelako eta erabaki zuzena zelako.
Eta zein da unerik politena?
Helmugaratzen zarenean.
Emaitzari begiratu gabe?
Emaitza bazkari bateko postrea da. Gazta tarta on hori. Edo gin tonika.
Irabaztea zer da, orduan?
Ni ez naiz irabazlea. Orduan, etortzen denean, dator eta listo. Ez nau itsutzen horrek. Hori orain, igual datorren urtean beste bat bihurtzen naiz. Baina ez dut uste. Presioa jartzen diodanean nire buruari ez dut disfrutatzen. Ni nire denborak egitera irteten naiz.
Ehunmilak irabazitakoa zara, etxean.
Nik beti esaten dut lehenengoa iritsi nintzela, besterik gabe.
Helmugara iristen diren guztiak dira irabazleak, ala?
Niretzako bai. Zure helburua hori bada, helburua lortu duzu.
Baina harro egongo zara irabazi izanaz.
Ni harro nago denbora batean egin nuelako. Kasualitatez, errekorra ezartzeko balio izan zuen. Ez nuen espero horren ondo ibiltzea. Baina lasterketa ia borobila atera zitzaidan.Eta ingurukoengatik ere pozten naiz. Geroz eta gehiago jabetzen naiz betikoak beti hor ditudala, lasterketak ikusten.
Entrenamenduen hirugarren arloa elikadura da. Zaintzen duzu?
Pisua zaintzen saiatzen naiz, baina ez naiz erotzen horretan. Geroz eta argalago egon, printzipioz, hobeto, baina indarra ere galdu dezakezu. Gainera, horrenbeste kirol egiten duzunean nahi duzun guztia jan dezakezu. Halere, etxean ez ditugu jaki ultra-prozesatuak izaten.
Postrea jaten duzu? Ala debekatuta duzu?
Ez dago debekatutako janik. Saiatzen naizena da ez erosten, tentazioan ez erortzeko.
Sukaldean jarduten duzu?
Ez dago besterik.
«Geroz eta gehiago jabetzen naiz betikoak hor ditudala»
Aisialdian zer egitea gustatzen zaizu? Atsedena oso garrantzitsua izango da.
Atsedenari eta lasai egoteari garrantzi handia ematen diot. Azkenerako, astea gogorra egiten da: lanean zortzi ordu luze, gehi entrenamenduak, gehi dutxatu, aparkatzeko lekua aurkitu… azkenerako, denborarik gabe gelditzen zara ia. Asteburuetan lasai egotea gustatzen zait. Pandemia egoera honetan ekintza sozialak horrenbeste mugatu direnez, nire bikotekidearekin egoteko aprobetxatzen dut denbora. Niregatik ondo eh, ni pozik!
Zer egiten duzu normalean?
Jaiki, kirola egin, bazkaldu, siesta, telebista pixka bat ikusi eta kalera, neskarekin. Eta igandeetan aste guztiko bazkariak prestatu.
Telebistan zer ikusten duzu?
Txirrindularitza ikustea gustatzen zait.
Aisialdian kirolarekin lotuta jarraitzen duzu.
Kirolarien biografiak irakurtzea gustatzen zait eta Youtuben bideoak ere ikusteko joera badut. Baina tira, ikusten ditudan ordu guztietatik segundo gutxi batzuetan egoten naiz erabat kontzentratuta. Denbora pasa, gehiago.
Errekuperatzeko denbora nahikoa izaten duzu?
Nekea, pixkanaka-pixkanaka, gorantz doa. Hankak astunagoak nabaritzen dituzu, aldartea ere ez da betikoa… Eta nekatuta zaudela entrenatzera joatea… Baina hori dena landu egiten da. Ohitura hori eraiki egin behar da. Hor dago gakoa.
Futbol zelaietatik, goi larreetara
Jon Aizpurua Larrañaga baloiaren atzetik hasi zen kirolaren munduan. «Futbolean federatua bai, baina jokatu, zero», aitortu du. Kirolerako grina ez zuen galdu ordea, eta baloia atzean utzi duen arren, ez da sekula gelditu: «Korrika unibertsitate garaian hasi nintzen», oroitu da. «Ez nuen taldeko kiroletan ibiltzeko horrenbesteko aukerarik. Korrika aukeratu nuen anaia zaharrena korrika ibiltzen zelako eta eredu nuelako. Interesgarria egiten zitzaidan».
Bilbon egin zituen ikasketak, Deustun. Enpresen Kudeaketa eta Zuzendaritza gradua ikasi zuen. «Bokazioa ez dakit, baina hori ikasteko gogoa nuen», zehaztu du.
Aizpuruk dio «mugitzen zaituen hori aurkitzen» joan dela. Bai, bizitzan eta bai, kirolean. Bere buruari jarri zion lehen erronka Behobia-Donostia lasterketa amaitzea zen. «Gero etorri ziren Josetxo Imaz eta beste hainbat lasterketa herrikoi. Halako batean, Beasainen Ehunmilak antolatzen hasi ziren eta Goierriko Bi Handiak egitea polita izango litzatekeela pentsatu nuen; G2Haren ondoren, Ehunmilak, ez errepikatzeagatik… eta horrela», sakondu du. «Ez da batere ibilbide naturala, eh. Normalean motzetik luzera jotzen da, eta nik distantzia erditik oso luzera jo dut». Maratoiak ere txiki gelditu zaizkio. Bakarra lehiatu duela dio, nahiz eta ultra-trail bakarrean lau maratoiren distantzia osatzen duten, bata bestearen atzetik.
Erronka berrien bila, beti apur bat gehiago nahi izateak, ekarri du honaino. «Lehia ez da gehien erakartzen nauena», nabarmendu du.