Pako Tejados • Ataun-Lazkao
Tren batetik bestera ibili ondoren, Albaceteko (Espainia) Lezuza herritik Beasainera iritsi ginen ama eta lau anaia-arreba, 1954ko otsail-martxoan. Handik, Ataungo Aiara eraman gintuzten kamioian. Zortzi urte eta erdi neuzkan nik. Lau senideen artean zaharrena nintzen.
Aitari ezagun baten bidez hona lanera etortzeko aukera sortu zitzaionean, ez zuen dudarik egin. Lehenengo bera bakarrik etorri zen, eta handik bi edo hiru hilabetera etorri ginen ama eta lau seme-alabak –bosgarrena Aian jaio zen–. Amak ez zuen behin ere aitortu, baina pentsatzen jarrita, ikaragarri latza izan behar izan zuen Aiara iristea; guretzako gogorra izan bazen, pentsa harentzat. Han oso jende gutxi bizi zen, eta zeudenek ez zekiten erdaraz, eta amak ere ez euskaraz…
Gogoratzen naiz, Ataungo Aiako Santa Isabel egunean, han hiru-bat hilabete generamatzala, bertsolariak ikusi nituela lehen aldiz. Nik ordurako euskaraz zerbait egiten nuen, eta gizon haiek ikusi nituenean zur eta lur gelditu nintzen. «Poetas» zirela azaldu zidaten lagunek, eta esan zituztenak apuntatzen hasi nintzen, eta aldi berean euskaraz ikasten. Handik sei-zazpi hilabetera morroi bidali nindutenerako, jada euskaraz banekien. Beharko! Euskaltegirik onena Ataun Aia izan zen niretzat zalantzarik gabe. Lau urte egin eta Lazkaora joan ginen bizitzera. Gau Eskolan hasi nintzen eta euskararen munduan murgildu nintzen erabat. Izugarri maite dut euskara.
Izena eta abizena ere euskaldundu zidan Iñaki Linazisorok, soldadutzara joan aurretik Eliza Kristoan egiten zen antzerki eta bertso festatxoan. Handik aurrera, halaxe geratu zen: Lazkaotik kanpo Patxi Teilatu bezala gehiagok ezagutzen naute, Pako Tejados izenarekin baino.
Polemika iturria izan zen kartela
«Euskaldun oso» titulua ere jaso nuen 1977an, Lankide Aurrezki Kutxaren kartel bati esker. Caceresen jaioa, eta orain Euskaldun osoa kartela jarri zuen kaleetan, zuzena ez zen testu batek lagunduta, Albaceten jaio bainintzen. Mexikorako bidaia agindu zidaten argazkia ateratzeagatik.
Polemika handia piztu zuen kartelak. Caceresko etorkin talde bati ez zion grazia handirik egin izena eta abizena euskaratzeagatik, eta gutuna idatzi zuten Los Cacereños no somos subnormales izenburupean.