Aitor Montes Arrondok (Segura, 1991) lana eta zaletasuna uztartzen ditu: biologoa da ikasketaz eta bere afizioa naturari argazkiak ateratzea da. Paisaiak eta animalia basatiak erretratatzen ditu, bereziki. Biologo lanetan ikasitakoa argazkiak ateratzeko erabiltzen du, eta alderantziz. «Argazkigintzak baditu beste rol batzuk, beste ekarpen batzuk». 2022rako egutegia prest du dagoeneko.
Biologoa ala argazkilaria. Zer doa aurretik?
Biak, parean. Biologoa eta argazkilaria izateak bi gauzak uztartzea ahalbideratzen dit. Argazkilaritzak aukera ematen dit oso digitalizatutako eta geroz eta urbanizatuagoa den gizarteari erakusteko natura benetan hor dagoela; hurbiltzeko. Natura gizarteak duen ondare bat da. Eta bere onurak ditu.
Segurarra izateak eraginik izan du?
Halako herri txiki batean jaiota natura hurbilago duzu. Gainera, Segura bi parke naturalen erdian dago; Aizkorri eta Aralar. Baina tokiarena baino gehiago gurasoen ekarpena azpimarratuko nuke. Ia beti ateratzen gintuzten naturara eta hori oso garrantzitsua izan zen. Natura asko interesatzen zaien lagunak ere baditut.
Nola hasi zinen argazkiak egiten?
Duela hamar urte baino gehiago hasi nintzen. Progresatzen zoazen heinean nahi duzu zure obrak modu batekoak izatea, eta horrek lanketa bat eskatzen du. Eta hortik, emaitzak.
Eta biologia? Bokazioz ikasi zenuen?
Txikitatik gurasoekin asko joan naiz mendira, eta horrek ondare naturalaren inguruko interesa piztu zidan. Betidanik izan naiz kuriositate handiko pertsona. Unibertsitateak eman zidan aukera biodibertsitatearen inguruan gehiago ikasteko.
Nolakoa da Goierriko biodibertsitatea?
Biodibertsitatea krisian dago, Goierrin, Gipuzkoan eta Euskal Herrian: baliabide naturalen ustiapen intentsuak ekarri du ekosistema desitxuratzea. Eta kezkatzeko arrazoiak ditugu: espezie indikatzaile batzuk daude esaten dutenak ekosistema benetan ongi funtzionatzen ari dela, eta espezie horiek ez dauzkagu hemen. Egiten ari garen lanen helburua da ea lortzen dugun espezie horiek erakartzea, seinale ona izango delako.
Baikorra zara?
Bai, baina epe luzeko proiektuak dira: hamar urte, hogei…
Argazkiek lagundu dezakete?
Hiriburuetan naturara hurbiltzeko gaitasun asko ez dago: urrun daudelako, hiri bizitza asko egiten delako, natura hurbiltzeko denborarik ez duelako… Argazkilaritzak, gutxienez, hurbilketa hori egiteko balio du, edertasuna azpimarratzeko.
«Gizartera hain ongi egokituta dagoen espezie bat gainbeheran egotea ez da batere seinale ona»
«Argazkilaritzak hurbilketa hori egiteko balio du, edertasuna azpimarratzeko»
Goierriko txoko gustukoren bat baduzu argazkiak egiteko?
Lokalizazioak bertan dauden espezien arabera aukeratzen ditut. Adibidez, pinudiak edo larre estentsiboak ez zaizkit asko interesatzen; aldiz, baso ertzak, sagastiak, harkaiztiak… askoz aberatsagoak dira eta gehiago gustatzen zaizkit.
Zein espezieren bila jotzen duzu?
Okilak gustatzen zaizkit niri gehien. Basoko danbor jotzaileak dira, eta oso animalia estilizatuak. Gainera, oso funtzionalak dira. Euren habientzako egiten dituzten zuloak bihurtzen dira beste espezie batzuentzako gordeleku bihurtzen dira.
Enarak dituzu tatuatuta, baina.
Hegaztien munduan oso polita da edukitzea komunitate ezberdinak urtaroaren arabera. Udazkenean hemen zeudenak joan egiten dira; neguan iparraldekoak etorri; udan beste batzuk… migratzaileak dira eta oso mundu dinamikoa da. Eta argazkien bidez saiatzen naiz mugimendu guzti hori jasotzen.
Adituek diote geroz eta txori gutxiago dagoela. Hemen ere krisia?
SEOk argitaratu zuen ikerketa baten arabera, txolarreak, hemen arruntenak diren hegaztiak, gainbeheran daude. Gizartera hain ongi egokituta dagoen espezie bat gainbeheran egotea ez da batere seinale ona. Zeintzuk diren arrazoiak? Gizakia, poluzioa, aldaketa klimatikoa, ehiza…
Ehizak eta argazkilaritzak badituzte antzekotasun batzuk.
Argazkiekin tiro egiten da, baina ez duzu hiltzen. Badaude espezie asko ez dutenak ezertarako merezi hiltzeak. Adibidez, birigarroak. Basurdeak, orkatzak… horrelako animaliek ez dituzte erregulatzaile naturalak eta kalteak eragin ditzakete eta nolabait kontrolatu behar dira. Baina beste espezieekin ez du zentzurik. Gizartean horren errotutako afizio hori pixkanaka aldatzeak bere onurak ekarriko ditu.
Gazteek eskopeta hartu beharrean argazki kamera hartzen dute? Argazkilaritza modan dago?
Ciudad Realen (Espainia) badago finka bat garai batean ehizarako asko erabiltzen zena. Orain iberiar katamotza inguratu da hara. Finka horretako langileek ikusi dute jende gehiago joaten dela katamotzari argazkiak egitera ehizatzera baino. Rolak aldatu dira.
Argazkien atzean aurretiazko laneketa bat dagoela esan duzu.
Nolako argazkia nahi duzun galdetu behar duzu: zer interesatzen zait? Animalia bera aurkeztea? Animalia bizi den ingurua? Plano orokorrak? Motzak? Hausnartu egiten dut eta horren arabera diseinatzen dut nora joan, zein teknika erabili…
Eta zorteak nolako garrantzia du?
Askotan gertatzen da lanketa osoa egin, orduak igaro zain,ezkutatuta, eta animalia ez dela agertzen. Baina normalean aurretik prismatikoekin joaten naiz eta ikusten duzu espezie hori hortik dabilen.
Horrek ere aberasten zaitu: lurraldea askoz ere hobeto ezagutzen duzu eta espezie bakoitzaren presentzia ezagutzen duzu leku bakoitzean. Datu horiek zientzian ere oso erabilgarriak izan daitezke. Argazkigintzak baditu beste rol batzuk, beste ekarpen batzuk.
Hamabi argazki hautatu eta 2022rako egutegia sortu duzu.
Aurretik beste bi egutegi egin nituen eta harrera ona izan zuten. Jendeari gustatzen zaio natura gertu izatea. Gainera, argazkiak garbi eta papel onean inprimatuko ditut, gerora ere erabilgarri izan daitezen. Aurten aitormontes.com helbidearen bidez salduko ditut.