Joxe Mari Gabiria • Zumarraga
Les Choristes (Koruko mutilak) filma ikusi eta etxera bidean nindoala erabaki nuen lerro hauek, edo antzekoak, idaztea egunen baten. 2004an plazaratua. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Frantziako landerri bateko eskolako gorabeherak eta bertako ikasleek pairatu beharreko egoera samin-gordinak kontatzen ditu filmak.
Koruko mutil erretratukoek, lau urtez, egunez egun ezagutu zituzten maisuengandiko agintekeria, irainak, tratu txarrak eta… Mutil horien garai horretako pelikulan lau irakasle izan ziren protagonista, bi fraile eta bi seglar; hauek, Zaragozakoak biak; haiek, biak euskaldunak, bizkaitarra bata, gipuzkoarra bestea.
Maisu zaragozanoekin eman nituen bi ikasturteetan ez dakit haiek banatutako makila-saldarik hartu gabeko egunik izango nuen. Burla moduan «Gavilán» deitzen ninduen La Almunia herrikoak. Piramidearen bolumenaren formula ez dakizula? Jarri eskua! Boli Kostako hiriburuaren izena ez duzula gogoan? Jarri eskua!
Fraile gipuzkoarrarekin trenean egin nuen topo handik hogei bat urtera. Oso urduri ipini zen. Ez zela nitaz akordatzen esan zidan. Egin zizkigun txarkeriak gogoratu nizkion nik, eta betirako izango nituela gogoan bere izena eta irudia esanda joan nintzen berriz nire lekura.
Eskola hartakoak amaitu eta institutuan genbiltzala, auto istripuan hil zen bizkaitarra. Koruko mutil argazkikoak ez nuke esango poztu egin zirenik, baina pena handirik hartuko ez zutelakoan nago. Agintekeria, irainak eta tratu txarrak eragiteaz gain, adin horretako mutilei egin dakizkiekeen txarkeria gordinenak egiten baitzituen gurekin: sexu-abusuak. Batzuk, agerian, gelan bertan, eserita ginela, atzetik etorri eta igurtzi lizunak eginez kokotean, sorbaldan eta bularretan. Bere bulegoa izaten zen lizunkeria handienen txokoa. Ez ninduen inoiz hara deitu, baina han izandakoren bati entzunda dakit negarrari eutsi ezinik irteten zela handik.
Erretratuan koruko mutilen zuzendari ageri den frailea, hori zen bizkaitarra.