Josune Gil • Ezkerreko eserlekutik
Duela urte bete, zutabe honetan bertan, pandemiak gazteon osasun mentalean eragindako arazoen eta honen inguruko estatistika izugarrien inguruan hitz egin nuen. Momentu hartan ikerketa batek emandako zenbaki altuak aipatu nituen, eta dagoeneko nire ingurukoen aurpegietan islatuta ikusten nituen ikerketa horietan eta beste askotan azaldutako zenbait arazo: antsietatea, depresioa, estresa, lo egiteko arazoak, etorkizunera begirako pesimismoa, beldurra… Eta beste gauza batetaz konturatu naiz azken boladan: honelakoak normalizatzen ohitu garela eta laguntza eskatzea kostatzen zaigula, laguntza benetan gaizki daudenentzat dela uste dugulako.
Pandemiak lehen existitzen ziren arazo psikologiko horiek guztiak nabarmendu besterik ez ditu egin eta osasun mentalaren garrantzia geroz eta gehiago izaten ari da kontuan bai komunikabideetan islatuta eta baita jendartean ere. Honek guztiak kalitatezko osasun mentala bermatzeko sistema publiko baten beharra argitara atera du. Bitartean, ahal den neurrian eta bakoitzak dituen baliabideekin, gure inguruan ditugun profesionalengana jotzea ezer txarra ez dela barneratu behar dugu, azken finean, laguntza eskatzea behar dugunean.