Haurrek mugitzeko askatasuna behar dute, eta ondorioz, beraientzat egiten den arropa haien beharretara egokitu behar da.
rtaro aldaketa arropa estreinatzeko aitzakia izaten da haurrentzat. Aurreko denboraldiko jantziren bat edo beste erabiltzeko moduan izatea miraria izaten da etxe askotan; kasurik gehienetan txiki gelditzen baitzaizkie urtebete lehenago erabilitako arropak. Guraso askorentzat inbertsio handia ere suposatzen du, neguan udan baino gehiago, beste zenbait gauzaren artean, arropa gehiago ere behar izaten delako sasoi honetan.
Beasaingo Ipotx dendako Luisi Izquierdo Irizarrek 13 urte daramatza negozioan, eta Goierrin «haurrentzako arropan eta modan gastatzea gustatzen zaigula» uste du. «Produktua orduan eta bereziagoa eta ezberdinagoa izan, orduan eta azkarrago saltzen da nahiz eta garestiagoa izan». Haurrak ezberdin joatea ere lehenesten da Goierrin.
KIROL JERTSEETAN AUKERA ZABALA
Haurrentzako arropak egiterako orduan, joerek ere gero eta garrantzi handiagoa duten arren, erosotasuna lehenesten da, batez ere. Haurrek mugitzeko beharra daukate eta horretarako propio egindako jantziak behar dituzte. Izquierdoren iritziz, etxe guztiek «gero eta gehiago egiten dute erosotasunaren alde». Hori jantzietan erabiltzen diren materialetan ez ezik, egituran bertan ere nabaritzen da. «Bakeroak edo jean-ak oso elastikoak dira, adibidez. Baina gero eta joera handiagoa da txandal itxurako jantzietarako», azpimarratu du. Aurten ikusiko ditugun berokiak edo gaineko jantziak ere ildo berekoak izango dira: silueta erosodunak eta forma aldetik lasaiak izango dira.
Materialei dagokionean, jatorri naturalekoak lehenetsiko dira: kotoi organikoak batez ere. Artilea ere asko ikusiko dugu jertseetan, soinekoetan, txalekoetan… «Gero eta jende gehiagok eskatzen ditu, adibidez, puntuz egindako jertseak».
Koloreei begiratuta, klasikoak ez dira faltako: kakiak, grisak, marroiak… baina aurten «horiak eta teila koloreak ere asko ikusiko ditugu, bai berokietan, baita barruko jantzietan ere». Helduen kasuan gertatzen den bezala, kolore ilunen aldeko apustua egiten da haurren jantzietan ere, «batez ere berokietan». Horrekin apurtzeko «kolore biziagoko jertse, soineko edo kamisetak» erabiltzea gomendatzen du Izquierdok, gutxiago edo gehiago, kolorea ez baita falta izaten inoiz haurrentzako bildumetan.
Kirol-jertseena aurtengo neguan errepikatuko den joera nagusietako bat da: erosoak direlako, beroa ematen dutelako eta edozein jantzi motarekin ondo uztartzen direlako. Izan ere, kirol-jertseak ez dira jada txandalarekin bakarrik janzten «kaleko jantziekin ere egoki konbinatu daitezke». Izquierdorentzat kirol-jertseak haurren armairuan eduki beharreko oinarrizko jantzietako bat dira; «modelo asko unisex-ak dira gainera, neska zein mutilentzako balio dute».