Emakumekoetan ‘cowboy’ itxurako botak nagusituko dira aurten, eta gizonezkoetan ‘snaker’ delakoak edo zapatilak jarraituko dute bogan.
Urtaro aldaketarekin oinetakoak aldatzeko garaia ere iritsi da. Udazken-neguko joerei begiratuta bueltan izango dira aurten hainbat klasiko. Aurreko denboraldietan joera izan direnetako batzuk finkatu egingo dira, eta badaude hainbat berritasun ere. Joerak joera, Oskarbi zapata dendako Oskarbi Gurrutxagak argi dauka, «Goierrin, batez ere erosotasunaren aldeko» apustua egiten dela esaterako orduan. Bertako klimak asko baldintzatzen du oinetako baten aldeko hautua egiterako orduan, horregatik, hemen «euritik eta hotzetik babestuko gaituzten oinetakoak» bilatzen ditugula dio, bai emakumezko, gizonezko zein haurren oinetakoak aukeratzerako orduan.
Emakumeen oinetakoei dagokionean,cowboy itxurako boteak eta botinak nagusituko direla aurreratu du Gurrutxagak. «Modelo asko ikusiko ditugu, betiko botinez gain, aurten belaunera artekoak ere sartuko dira». Bota klasikoagoen artean ere, belaunera artekoak bueltan izango dira berriz. «Azken urteetan bota mota hori gehiegi ikusi ez dugun arren, aurten joera izango dira». Bota mota hori soineko eta gonekin eramateko aproposa da, baina aurten culotte formako prakekin ere eramango dira.
Gainontzeko aukeren artean, militar itxurako botek ere bogan jarraituko dute aurten. Plataforma edo zoru bikoitzekoak izango dira asko. Zoru mota hori, track ere deitua, botetan ez ezik mokasin edo zapata klasikoagoetan ere ikusiko da. Oinetako mota honi dagokionez, «botak gehiago saltzen dira emakumeentzako, gizonek nahiago dituzte zapatak».
GIZONEZKOETAN ASPALDIKO JOEREI EUTSIZ
Dena den, gizonezkoen oinetakoen artean snaker-ak edo zapatilak izango dira zalantzarik gabe, haren hitzetan, joera nagusia. Aspalditik datorren joeretako bat da, aurten are gehiago finkatuko dena, izan ere, joera hau «gelditzeko etorri» dela uste du Oskarbi dendako arduradunak. «Erosoak dira eta gaur egun daukaten diseinuari esker edozein arropa motarekin uztartu daitezke». Gizonezkoetan ez ezik, emakumezkoen look-etarako ere ezinbesteko pieza bihurtu dira. Negurako zapatilak «gore-tex dutenak izan ohi dira, euritik babesteko mintz iragazkorrarekin». Oinak bero mantentzen ere laguntzen dute.
Haurrentzako oinetakoak erosterako orduan, goierritarrek erosotasunari eta funtzionalitateari ematen diotela garrantzia dio. «Haurren oinak bero mantenduko dituzten eta euritik babestuko dituzten oinetako sendoak bilatzen dituzte, batez ere, gurasoak». Snaker edo zapatilen moda haurren esparrura ere zabaldu da, eta egokiak dira oso sasoi arteko denboraldi honetarako. Garai hotz eta euritsuagoetarako bota sendoagoetara jotzen da.
Oinetakoen kalitatea materialak zehazten du, baita sarri, prezioak ere. Garai batean, material sintetikoz egindako oinetakoak nagusitu baziren ere, Gurrutxagak dio «larrua bezalakorik» ez dagoela. Larruz egindako oinetakoak garestiagoak diren arren, denboran gehiago irauten dute, eta oinarentzako berarentzako ere egokiagoak dira: «Transpiragarriak direnez izerdi gutxiago sortzen dute oinek eta beroagoak dira». Material sintetikoen artean kalitate ezberdinetakoak dauden arren, inoiz ez dira larruaren mailara iritsiko. Kalitatezko oinetako on batek, material egokia izatez gain, zoru on bat ere behar du, batez ere neguan euritik eta hotzetik babesteko.
TAKOIAK BAI, BAINA NEURRIKOAK
Neguko oinetakoetan ere takoiek presentzia izango duten arren, ibiltzeko erosoak direnak gailenduko dira, azken urteetako joerari jarraituz. Gaur egun, takoiak karratuagoak dira, zabalagoak eta baxuagoak. Betiko takoidun zapata klasikoak ere egongo dira aukeren artean, eta plataformadun mokasinak ere bai, berrikuntza moduan. Azken joera horiek, ordea, Goierrin, nekez nagusituko direla uste du Gurrutxagak: «Bertako klimak asko baldintzatzen gaitu eta hemen bota edo oinetako eroso eta beroagoetarako joera dago, batez ere».
Oinetakoen formari begiratuta, puntak karratu itxurakoak izango dira. Bota, botin edo zapatetan ikusiko den joeretako bat izango da, puntak eta forma borobilagokoak atzean utzita. Pasa den udaberri-udako denboraldian mamitzen hasitako joera hori finkatu egingo da neguko oinetakoei dagokienean. Adituek diotenez, forma karratuari esker oinetakoa hobe egokitzen da oinera. Ez du aurreko aldean estutzen, sarri gertatu ohi den bezala, batez ere, oinaren anatomia errespetatzen duelako.