Beste denboraldi batez ere, praka bakeroa izango da oinarrizko jantzia gizonezkoen armairuetan; batez ere, bakero urdina, beltza gutxiago. Gainerako, berriz, artilezko jertseak, finagoak zein lodiagoak; batez ere itxiak.
Telelana atzean utzita, eta sozializatzeko aukera gehiago izanik, udazken-neguko arropa eguneratzeko garaia iritsi da. Ordiziako Porfirio Fernandez dendako Inazio Donaverak emandako gomendioen arabera, armairuan ezingo da praka bakerorik falta. «Bakeroa, bakeroa eta bakeroa. Txinoren bat ere bai, pintzarik gabeak, baina bakero urdina izango da nagusi. Bakero beltza gutxiago».
Praka bakeroen arrakastaren gakoa, «konbinatzeko erraza» izatean datza, Donaveraren esanetan. «Edozerekin konbinatu daitezke praka bakeroak». Gainera, adin guztietarako jantzia da. Forma zabalagoko prakak sartzeko joera baldin badago ere, oraindik ere estuagoak ikusiko ditugu udazken-neguan ere.
Gainerako, nahiz eta lehenengo hotzak hasi, mauka motzeko kamisetak dira salduenak: « Udan kamiseta alkandora baino gehiago saldu da. Neguan agian errazagoa da alkandora saltzea, bai lotuta bai irekita erabiltzeko. Kamiseta baten gainetik ibiltzeko egokia da alkandora». Kamisetei dagokionean, logotipo handidunak daude modan.
Alkandoretan, koadrodunak edo estanpatu txikiarekin. «Negurako beti etortzen dira koadrodun alkandorak».
JERTSEAK ETA BEROKIAK
Hotzetik babesteko, berriz, artilezko jertseak, meheagoak zein lodiagoak, gero eta indar handiagoa hartuko dute. «Geratzeko etorri da», gainera. Batez ere, itxiak. Berokietan ere, artileak lekua irabaziko du, beste material berogarriekin konbinatuta.
Hala ere, txamarretan edo berokietan, plumiferoak izango dira oraindik ere nagusi. Hala ere, iaz hasitako bideari jarraituz, parkak ere tokia irabazten ari dira pixkanaka-pixkanaka.
LARANJA ILUN PINTZELADAK
Koloreari dagokionez, zalantzarik gabe, gizonezkoetan betiko bi koloreak nabarmenduko dira: urdin iluna eta beltza. Berderen bat edo kakiren bat tarteka ere bai. Dena den, aurten, laranja ilunak edo teila koloreak jarriko dute bizitasuna.
EZKONTZETARAKO JANTZIAK, URTARRILETIK
Ezkontzetan pentsatzen, urtarriletik aurrera hasiko dira senargaiak. Donaverak aurreratu duenez, aldaketa nabarmenik ez da etorriko. «Bi urtean geldirik egon denez, oihalak aprobetxatu egin behar dira. Beraz, linea berdinean doaz eta formatan ere ez da asko aldatuko».
Beraz, oraindik ere traje urdina izango da aukeratuena. «Grisa sartu nahi izaten dute diseinatzaileek, baina ez dute lortzen. Berde eta granate pintzeladak ere bai, baina Goierrin ez dira kolore horiek aukeratzen».
Azpitik, alkandora, zuria, txalekoa eta korbata. «Txalekoak asko janzten du. Ezkongaiak jaka kentzen badu gainera, besteengandik bereiziko du txalekoak». Txalekoak fantasiazkoak izaten dira.
Korbata, gehienean, txalekoarekin koordinatuta. «Korbatarekin puskatu nahi bada, gehienek gorria aukeratzen dute. Berdea ere oso ondo geratzen da alkandora zuriarekin».