Agirre anaiei 4×4 ibilgailuak gustatzen zaizkie, eta horien artean gustukoenak AEBko armadakoak dituzte. Bost dituzte Legazpiko etxean.
Jose Antonio, Manolo eta Aitor Agirreren aita, Felipe Agirre, primeran moldatzen zen sutegian eta mekanika kontutan. Semeei beraien jakintza igorri zien eta horiek ezagupen hori guztia auto zaharrak konpontzeko erabili dute, besteak beste. Amerikako Estatu Batuetako armadarenak izan ziren sei auto dituzte.
Lau auto Jose Antoniorenak dira eta Manolok eta Aitorrek bana dute. «Jose Antonio da ia dena egiten duena, baina nagusia Aitor da. Berak esaten du zer den balekoa eta zer ez. Jose Antonio ia dena egiteko gai da. Auto guztiak margotu ditu eta mekanika lan gehienak ere berak egiten ditu. Aitor ere mekaniko ona da. Ni saltseroa naiz: agintzen didatena egin, iritzia eman, lagundu…», aipatu du Manolok.
Duela 30 bat urte ekin zioten AEBko armadaren autoak erosi eta berritzeari. Lehenengoa Asturiastik ekarri zuten. «Suzuki Santana bat erosi nuen mendian ibiltzeko eta gustatu egin zitzaigun. Jeep Willys bat ekartzea erabaki genuen. «Avilestik ekarri genuen eta karrozeriaren erdia baino gehiago Jose Antoniok egin du, etxean, esmerila eta txapa erabilita. Zorionez, nire semeari ere autoen mundua gustatzen zaio eta egun berak bilatzen ditu autoak eta piezak Interneten. Lehen aldizkariak erabiltzen genituen. Kilometro asko egin ditugu alferrik. Izan ere, gure auto guztiek jatorrizko motorrak eta piezak dituzte. Eserlekuak bakarrik aldatu dizkiegu. Soldaduek olanazko eserlekuak erabiltzen zituzten, baina guk erosoagoak behar ditugu… Auto eta pieza asko Frantziatik ekarri ditugu, Frantziak Bigarren Mundu Gerran parte hartu baitzuen eta estatubatuarrek autoak han utzi baitzituzten gerra bukatu zenean. Ez doan, e? Oker ez banaiz, duela 15 bat urte bukatu zuten zorra ordaintzen», azaldu du Manolok.
Auto onenak mendirako
Zergatik erabaki zuten Jeep Willys bat ekartzea eta ez beste edozein auto? «Mendian ibiltzeko, onenak dira. Ekarri genuen lehen autoak hamar aldiz baino gehiagotan parte hartu du Arbizuko trialean eta beti hamar lehenengoen artean sailkatu da. Oso auto arina da, 900 kilo pisatzen du, eta lokatz asko dagoen tokietan txantxangorria bezala mugitzen da. Ez du blokeatzailerik behar. Autoa 1951koa da eta ordutik 4×4 ibilgailuen ezaugarri nagusiak ez dira aldatu».
Autoak ez dituzte zaharberritzeko eta mendian ibiltzeko bakarrik ekarri. Aipatu bezala, trialetan parte hartu izan dute eta auto bat ezkontza batera ere eraman zuten: emaztegaia Agirre anaien auto batean joan zen elizara. «Gure autoetako bat besteak baino handiagoa da, komandanteek erabiltzen zuten. Emaztegaiak auto horretan joan nahi zuen ezkontzara, baina hara gindoazela Ormaiztegin matxura izan zuen eta anaiari deitu behar izan genion bere autoarekin joan zedin», oroitu dute. Bestalde, Gernika pelikulan Agirre anaien autoetako batzuk erabili zituzten. Kontzentrazioetan ere parte hartzen dute.
Manolo Agirre: «Jose Antonio ia dena egiteko gai da. Auto denak margotu ditu eta mekanika lan gehienak ere berak egin ditu»
Jose Antonio Agirre: «Pentsa auto batek matxura bat daukan bakoitzean pieza erosiko bagenu zenbat diru gastatuko genukeen!»
Legazpiko hiru anaia hauek sei auto eta kamioi bat dituzte. Ez dute zortzigarren ibilgailua erosteko asmorik. «Zahartu egin gara!», dio Jose Antoniok. «Muntatu dugun azken ibilgailua Mercedes Unimog kamioia da. Nire semeak GMC txiki bat ekarri nahi du», gehitu du Manolok. «Baina nork konponduko du? 40 urte banitu…», gehitu du Jose Antoniok.
Beraien auto kuttunak bi zaharrenak dira. Biak Bigarren Mundu Gerrakoak dira. Komandantearen autoak bi bala-tiro ditu karrozerian. Baina guztiak maite dituzte, noski. «Guztiak goitik behera desmuntatu eta muntatu ditugu. Garbitu, zuzendu…», aipatu du Manolok. «Ba al dakizu zenbat lo galdu dudan auto hauek txukuntzen?», gehitu du Jose Antoniok. «Batek baino gehiagok azaldu du gure autoren bat erosteko asmoa. Baina ez da diru kontua. Mekanikoek bakarrik erosi dezakete halako auto bat. Auto hauek mantentzeak lan handia ematen du. Edozein unetan arazo bat eman dezakete. Eta ez dugu nahi eroslea egun guztia gure atzetik ibiltzea».
Normandiako harea
Horren guztiaren adibide, komandantearen autoarekin gertatu zitzaiena. «Etxe ondoan primeran zebilen eta mendira eramaten genuenean gelditu egiten zen. Egunerokoan erabiltzen dudan autoa hartu, zaharra hari lotu eta etxera ekarri… Zainketa Intentsiboen Unitatera. Purgatu, karburagailua askatu… eta hurrengo astebururako prest. Hurrengo asteburuan, mendira joan eta berriro gelditu egin zen. Halako batean, gasolina depositutik hartu beharrean, bidoi batetik hartzen bazuen ez zela gelditzen ikusi genuen».
Hala, depositua askatzea erabaki zuten. «Depositua soldatutako bi kazola dira. Soldatutako tokitik zizelarekin askatu eta barruan harea pila zuela ikusi genuen. Normandiako lehorreratzekoa igual! Autoak gasolinarekin batera harea hartzen zuen eta karburagailua ixten zuen. Depositua garbitu, barrutik pintura espezial batekin margotu, kontu handiarekin soldatu pintura ez izorratzeko…», azaldu du Manolok. «Depositu berri bategatik 300 euro eskatzen zizkiguten. Pentsa auto batek matxura bat duen bakoitzean pieza erosiko bagenu zenbat diru gastatuko genukeen!», gehitu du Jose Antoniok.
Felipe Agirreren traktore berezia
Jose Antonio, Manoloren eta Aitorren aitak Patrizio Etxeberria enpresan lan egiten zuen, soldagailuarekin. Manolok sutegian «artista» zela dio. Mekanika kontuetan ere oso ondo moldatzen zen eta duela 56 urte traktore bat muntatu zuen. «Ez genuen idirik eta itzainek lan asko zuten. Ezin ziren guk nahi genuenean etorri eta traktore moduko zerbait muntatu genuen, guk geuk, etxean. Barreiros markako motor bat erabili genuen. Atzean bakarrik zuen trakzioa eta atzean pisurik ez zuenez, zakuak jarri behar izaten genituen atzean. Gure baserrian, Mantxola baserrian, lan egiteko balio izan zigun. Azkenean, txatarreroak eraman zuen. Hori izan zen gure lehen katxarroa. Ordutik, mundu honetan sartuta egon gara», aipatu dute bi anaiek.