Ekain Imaz Agirrek (Beasain, 2002) Biarritz Olympiqueko bigarren taldean jokatzen du. Ordiziako taldetik igaro ostean joan zen Ipar Euskal Herrira, eta aurten, hirugarren urtea du bertan. Iaztik Biarritzen bizi da, eta orain, Ziburuko ikastolan dabil magisteritza praktikak egiten.
Nola iritsi da beasaindar bat Biarritzeko taldera?
Ordiziako taldean jokatzen nuen. Denboraldia prestatzen ari nintzela, abuztuan, Biarritzeko taldearekin entrenatzera joatea proposatu zidaten. Lehen entrenamenduaren ostean, bertan geratzeko esan zidaten. Horrelaxe iritsi nintzen, eta aurten, hirugarren urtea izango dut.
Maila bat baino gehiagotan aritu zara Biarritzen.
Bai, lehenengo urtean, 18 urtez azpiko mailan aritu nintzen, eta iazkoa izan zen senior mailako lehen denboraldia. Espoir edo esperantza taldean jokatzen nuen, jokalari amateur gisa. Aurten ere espoir taldean jarraitzen dut, baina bi urterako kontratua egin didate.
Nola doa liga?
Irailaren amaieran hasi genuen, ligako aurreneko zatia jokatu dugu eta play offetarako sailkatu gara. Frantziako espoiretako bigarren mailan gaude eta lehen mailara igotzeko sailkatze fasea izango da. Urtarrileko azken asteburutik aurrera jokatuko dugu.
Biarritzeko lehenengo taldea Frantziako aurreneko mailara igo da aurten. Bertan jokatzeko esperantzarik ba al duzu?
Bai, esperantza beti. Lesioren bat dela medio, beraiekin entrenamenduren bat egitea suertatu zait. Momentuaz disfrutatu eta pixkanaka-pixkanaka nire bidea eginda, momenturen batean, iritsiko dela espero dut.
Espainiako selekzioarekin entrenatzen ere aritu izan zara, ezta?
Bai, 18 urtez azpiko mailan entrenamendu batzuk egin nituen. Errugbiko hamabosteko Europako txapelketa jokatu behar nuen, baina covidagatik bertan behera geratu zen.
Desberdintasunik ba al dago Ipar eta Hego Euskal Herriko jokatzeko moduan?
Bai, dezenteko diferentzia dago. Ni Biarritzera etorri nintzenean, espoir taldeak Ordiziako lehen taldearen aurka jokatu eta irabazi egin zuen. Azken batean, Iparraldean eta Frantzian errugbia txiki-txikitatik bizi dute. Nire ustez kontzentrazioan, eta batez ere, abiaduran dago alde handiena.
Biarritzen bizi zara, ezta?
Bai. Lehenengo urtean, gurasoek eramaten ninduten Beasaindik Biarritzera asteazken eta ostiralero. Ez zen oso urte erraza izan: bigarren batxilergoa, joan-etorriak…, baina ohitu ginen.
Iaz, klubak bertan bizitzeko aukera eman zidan. Zelaiaren ondoan etxe bat jarri zidaten eta bertan bizi izan nintzen taldeko beste hiru kiderekin. Aurten, beste etxe bat jarri didate beste taldekide batekin.
Egunerokoan, aldaketa handia izan al da?
Ez dut unibertsitateko bizimodua bizi izan, baina nik uste antzekoa dela. Ordutegia bai da ezberdina. Eguerdiko ordubietan entrenatzen dugu eta Beasainen, normalean, ordu horretan bazkalduko nuke. Horixe aldaketa handiena, gainontzean, uste dut edozein unibertsitateko ikasleren antzeko bizimodua dudala.
Ikasketak ere bertan egiten dituzu?
Ez, Mondragon Unibertsitatean ari naiz Lehen Hezkuntzako gradua online egiten, eta oraintxe, Ziburuko ikastolan nabil praktiketan. Goizean praktikak eta arratsaldez entrenamenduak.
Hasieran, klaseetara ez joatea arraroa egin zitzaidan. Halere, akademia batera joaten naiz. Klubeko kontratuaren barruan sartzen da zerbait ikasi beharra daukagula eta akademia batekin hitzarmena du. Tutore bat daukagu gure ikasketen jarraipena egiteko eta laguntza emateko.