Arramendi jaiotetxean betidanik ezagututako langintzari tinko eusten dio oraindik Joxe Ramon Arsuaga Garmendiak (Ordizia, 1973). Esne behien sektorea itolarrian ikusten du, saltoki handiekin dituzten borroka, politikoen apustu eza eta produkzio kostuen garestitze etengabea dela medio.
Goizeko lanik handienak eginda dagoeneko.
Bai. Gure martxa izaten da 06:30ak aldera ukuilura etorri, prestatze lanak egin, eta behiak jezten hasi 06:50etik 08:00ak aldera arte. Behin hori egindakoan behientzako jana prestatu, zabaldu, eta 09:30ak alderako hemengo lanak bukatuta. Gero, hortik aparte, beheko ukuiluan dauzkagun bigei kasu egin. Horiek umea egiten dutenean gora ekarriko ditugu. Hemen 66 esne behi dauzkagu, frisoi arrazakoak.
Baina martxa orokorra eskasa ezta?
Lehen beti izan da nahiko justua margen aldetik, baina hortxe ibili izan gara. Azken urte eta erdi honetan dagoen espekulazio txoro honekin, ordea, ia itotzen ari gara, itota gaudela ez esateagatik. Pentsua, argindarra, gasolioa… dena gora doa, produkzioko kostuak ikaragarri ari dira igotzen eta gu kobratzen ari garena ez da proportzio horretan igotzen. Hor ari gara manifestazioak egiten eta supermerkatu hauekin negoziatzen, eta elkarrizketa batzuen ondorenez zertxobait igotzea lortu da, 2-3 zentimo litroa, baina hilabete berri bat hasten da eta beste guztia igotzen da, eta gu lehengoarekin gelditzen gara. Ezinean gabiltza.
Saltoki handi horien esku al dago erabat prezioen gorabehera?
Parte handi batean bai! Horiek ez daude gure probetxuari begira, haien etekinari begiratzen diote bakarrik, eta batek bestearekin daukaten konpetentzia horren arabera, esnea erabiltzen dute jendea erakartzeko –beste produktu batzuk ere bai–, eta nahiz eta esnearekin dirua galdu, beste genero batzuk salduta tapatzen dute zulo hori eta kito. Esnea zentimo bat edo bi igotzea asko eskatzea da saltoki horientzat, eta guretzat, berriz, zentimo bat edo bi soldata da. Haien artean duten konpetentziarekin, zeinek merkeago eduki, azkenean gu eta gure kooperatiba arrastatzen gaituzte.
Espainiako Ministerioko Prezioen Behatokiak esne litroaren salneurria 68 zentimotan finkatu zuen…
Bai, baina ezertarako balio ez duena, inork ez baitu hori errespetatzen eta Espainiako Gobernuak ez du ezer egiten. Hori errespetatuko balitz, esnea pixkanaka igotzen joan beharko litzateke gastuak igotzen ari diren eran. Kontsumitzaileentzat bi, hiru edo lau zentimoren kontua da, ez da besterik ezer, baina guretzako soldata da. Kate hori errespetatzen ez den bitartean jai dago.
Baina legez araututa dago.
Legea jarri egin da, baina ez du inork betetzen.
Protesta egitea beste biderik ez duzue orduan.
Bai, besterik ez ezer ez. Protesta egin, buila atera, eta zerbaiterako balioko duen ala ez, ez dakit. Orain arte hala egin dugu, eta hemendik aurrera ere horrela segi beharko dugu. Beste aukerarik ez da gelditzen. Gure lanean oinarrizkoak diren pentsu eta abarrak igo eta igo ari dira, eta honek ez dauka itxura onik.
Zentimo kontua dela aipatu duzu. Ekoizleok zenbat jasotzen duzue?
60 zentimoren azpitik da apaletan egon den prezioa, orain 62n dago. Gu kobratzen ari garen oinarrizko prezioa da 31 zentimo, eta nik urtarrilekoa kobratu duk 39,6 zentimo litroa. Apaletara iritsi bitartean ere kostu batzuk daude: plantara joan behar du, industriak erosten du esne hori, hor ere kostu batzuk daude, eta azkenean apaletan 60-65 zentimo artean, markaren arabera. Guk ekoizle bezala kobratzen duguna 40 zentimotara ez da iristen.
Saltoki handi horiek baldintzatzen dute merkatua orduan ia erabat.
Bai, Mercadona, Eroski, Lidl, Carrefour…
Zu Kaiku kooperatibako kide zara.
Bai, hona Kaikuko zisterna etortzen egunero 03:00ak aldera, tankea hustu eta martxa. Urnietako plantan ontziratzen da esnea, eta Iruñekoan jogurtak eta beste produktu batzuk. Gure esnea Kaikuren markapean komertzializatzen da, dena hemengo esnea, Euskal Herrikoa. Egunero markatzen du zenbat litro jaso dituen, eta hilaren azkenean nomina bidaltzen digute.
«Hau bukatzera doa! Atzetik ez dator inor. 0 Kilometroko esnea eta horrelako kontuak, horiek denak bukatuko dira»
«Guk diru-laguntzarik ez dugu nahi, nahi duguna da esneak balio duena duintasunez kobratzea, soldata ateratzeko lain»
Eta zenbat kide zareten?
Hori esaten ez dakit. Dakidana da hilero bi edo hiru baja egoten direla. Dagoen egoera jasanezina da. Lehendik gatozenak eta finantza karga gutxi dugunok eusten ari gara, baina gaur egun gazte batek ezingo luke esplotazio bat hutsetik martxan jarri.
Egunean zenbat litro ekoizten dituzuen esaterik ba al dago?
2.000 litro inguru egunean, hori da gure neurria. Nik ez daukat gehiagorako gaitasunik, eta leku hauetan, ezta aukerarik ere. Eta nahi ere ez, hortik gora ia langileak beharko nituzkeelako.
Bakar-bakarrik ere ez zara ariko zu.
Gurasoek asko laguntzen didate, eta gero mutil bat etortzen da goiz eta arratsalde laguntzera. Hau oso lan lotua da, eta nik ere askatasun pixka bat izateko daukat mutila nirekin.
Garai batean esnea poltsetan saldu izan zenuten, baina gero industriari saltzen hasi zineten. Zergatik pauso hori?
Lehen ardiak ere bagenituen, gazta egiten genuen, ontziratzeko makina ere bagenuen, baina horrek lan asko eskatzen zuen, norbera mugitu behar, komertzial lanak egin behar dendaz denda, gurasoak ere adinean aurrera, ni bakarrik, eta utzi egin genion. Niri gainera ez zait lan hori gustatzen.
Orain prezioekin duzuen borroka ikusita, lehengora itzultzeko aukera bideragarria al da?
Nik apustu hori egin beharko banu, hemen pasatu beharreko denbora kalean pasatu beharko nuke, eta kalean zabiltzan bitartean ezin duzu hemen lanik egin. Hori egiten duenari ez diot ezer kentzen, baina Gipuzkoan gauden esne ekoizle guztiak gure esnea komertzializatzen hasiko bagina, sekulako konpetentzia sortuko zen.
Zu betidanik aritu zara langintza honetan.
Bai, txiki-txikitatik. Lehen ardiekin eta behiekin, eta orain behiekin bakarrik. Gure aitona hasi zen, eta ni hirugarren belaunaldia naiz ganaduarekin dabilena. Aitonarena garai batekoa baserria zen, bi-hiru behi eta denetik pixka bat, aitak behietara jo zuen, eta ni 16 urterekin hasi nintzen hemen. Ardientzako pabiloia egin genuen, hamar urtean ibili ginen, anaia ere hemen zegoen artean, baina kanpora ezkondu zen, eta erabakia hartu behar izan genuen, eta behiekin gelditu ginen.
Goierrin zenbat zaudete esne behiekin jarraitzen duzuenak?
Ez dago zaila kontatzen! Lazkaomendin Iztueta, Olaberrian Agerre, Itsasondoko Lukusainen, Ataunen Lauztiturrietan, Ordizian gu, eta hurrengoa Zumarragan izango da ja. Igoal bakarren bat utzi dut, baina hortxe-hortxe.
Baldintza horietan noiz arte eutsi ustialekuari?
Hau bukatzera doa! Atzetik ez dator inor. Bakarren batek jarraituko du behi batzuk jarrita eta esnea berak komertzializatuta, baina gu ari garen sistema honetan honi ez zaio etorkizunik ikusten, eta panorama dagoen bezala, berriak hasteko ez, eta guk bukatzeko ere nahiko lan. 0 Kilometroko esnea eta horrelako kontuak, horiek denak bukatuko dira, supermerkatu handi hauek ekarriko dute esnea nonbaitetik, baina hemengo esneari urte gutxitako bizia ikusten zaio, oso gutxi gainera. Guk eutsiko diogu ahal dugun bitartean.
Kontsumitzaile bezala aipatzen ari zaren kontu hauei guztiei ez zaie erreparatzen.
Kaletarrak kalitatezko generoa eta merkea eskatzen du, eta hori zaila da. Hau kate bat da, eta sektore honek kale egiten badu, inork uste duena baino jende gehiago geldituko da lanik gabe, jende asko dago esnearen bueltan lanean, ikaragarri. Eta ingurumen aldetik ere bai. Ez daukat datu zehatzik, baina esango nuke Gipuzkoako lursailen %70 kudeatzen ditugula esne behiekin gabiltzanok. Ez dut uste astakeria bat esaten ari naizenik. Belardiak-eta asko zikintzen ari dira, eta oraindik eta gehiago zikinduko dira. Guk bigak Idoiaga aldera ateratzen ditugu, eta hemengo terreno gehienak maneiatzen ditugu apiriletik udazkenera bitarte.
Administrazioari, herritarrei… zeini zuzendu behar zaio mezua?
Denei pixka bat. Kontsumitzaileei esan, esnea erostera joaten denean pentsatu dezala atzetik zer daukan. Eta politikariei, berriz, laguntza behar dugula. Ez dugu nahi, guk laguntzarik ez dugu nahi, nahi duguna balio duena duintasunez kobratzea, soldata bat ateratzeko lain kobratzea. Horixe nahi dugu.
Eta nahiko indar ba al dute politikoek saltoki handi horiei presio egiteko?
Gipuzkoa mailan ez dakit, baina Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak eduki behar lukete. Legea egin duenak zerbaiterako kapazitatea eduki beharko du ezta? Gogoa baldin badago egingo du, baina orain arte behintzat ez dute asko demostratu. Gipuzkoa mailan babes instituzional hori badaukagu, eta Eusko Jaurlaritzak ere eman ditu laguntza batzuk oso ondo etorri zaizkigunak, baina guk ez dugu hori nahi, guk nahi duguna da gure lana bere prezioan ordaintzea. Zentimo batzuen kontua da, eta hemendik soldata bat ateraz gero, guk laguntzen beharrik ez daukagu. Laguntza horiek loturak ekartzen dituzte, paperak, inspekzioa, burokrazia eta buruko min ugari, eta amorrazio handiak askotan. Bestela ere egin behar izaten dira horrelakoak, baina zuk zure esplotazioan zure soldata ateratzen baduzu inoren laguntzarik gabe hori ia beste kontu bat da.