Marian Velasco • Mekanizazio teknikaria
Houston, egia esan, hamaika arazo ditugu eta leporaino kakaztuta gaude. Baina Houston, azken bolada hontan beste planeta batekoa banintz bezala sentiarazi nauen arazo bat kontatu nahi dizuet. Hauxe da: Iada 8 hilabete inguru dira alkoholik edaten ez dudala. «Zesaten! Earki ba! Zorionak! Zein da arazoa». Pentsatuko dezue Houstonen hasieran. Baina jarraian, honako galderak botako dizkidazue: «Haurdun al zaude? Zorionak!». «Dietaren bat jarraitzen ari al zara? Argaltzearren egin duzu, ezta?». «Baina ez al duzu ezer edaten? Ardo kopatxo bat edo zuritotxo bat ere ez?». «Ez zara etxetik ateratzen, ezta? Zer egiten duzu, orduan, lagunekin zaudenean?». «Noski, arazo bat zenuen alkoholarekin. Asko edaten zenuen, ezta?»
Hemen dugu arazoa, Houston. Izan ere, alkoholaren kontsumoa horren normalizatua dugu, edaten ez duen pertsona dela bere burua justifikatzen ibili behar duena uneoro. Eta hau ez da batere erosoa, ezta bidezkoa ere.
Hala ere, ezetz azalduko dizuet, ez nagoela haurdun, ez dudala argaltzeagatik egiten, lagunekin tabernan elkartzen naizela, eta ez, ez dudala inoiz alkoholarekin arazorik izan. Hilabetean behin edaten nuela (parranda batean normala den kantitateetan), baina ajeak, psikologikoki lur jota uzten ninduela, triste. Nere burua errespetatzen hasteko hartu dudala erabaki hau. Besterik gabe.
Erotzat hartuko nauzue Houstonen. Baina berarekin edatera presionatzen nauen pertsona ez dago erotuta. Alkohola edateagatik ni baino helduagoa sentitzen den pertsona ez dago erotuta. Alkoholik gabeko egun dibertigarririk imaginatzen ez duen pertsona ez dago erotuta. Ostia, behingoz, erabaki zentzudun bat hartu eta horregatik martiartzat sentiarazten nauten pertsonak ez daude erotuta.
Houston, arazo bat dugu. Alkoholarekin? Ez. Edo bai. Bakoitzak nahi duen irakurketa egin dezala. Houston, ondokoa epaitzeko zein gaizki sentiarazteko dugun erraztasunarekin dugu benetako arazoa.