Denon eskura dagoen altxorra
Etxeko iturria ireki eta urte osoan kalitatezko ura badugu, gure hiru urtegiei esker da: Arriaran, Lareo eta Barrendiola. Nola funtzionatzen dute? Klima aldaketarako prestatuta al daude? Iñigo Elosegi (Ormaiztegi, 1962) Gipuzkoako Ur Kontsortzioko zuzendari kudeatzailea da eta urtegien inguruan jakin beharreko guztia azaldu du.
Elosegik Ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatearen Tecnum-en eta ondoren MBA masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean. Eskoriatzako Ederlanen eta Zaldibiako Azpeitia Hermanosen lan egin zuen, Gipuzkoako Ur Kontsortzioan hasi aurretik. «1993ko martxoaren 8an hasi nintzen Kontsortzioan. Sortu berria zen. Martxan jartzeko kontratatu ninduten. Lehenengo langilea izan nintzen. Hasieran, bakarra. Telefonoa, argindarra… nik kontratatu nituen. Ordura arte enpresa industrialetan aritu nintzen, eta hau, berriz, publikoa eta zerbitzuen alorrekoa da. Nik proposatu nuen Elkarte Anonimoa izatea, bestela administrazioa izango baitzen. Egokiagoa zen, bizkorragoa».
Ur Kontsortzioaren sorrerak aldaketa handia ekarri zuen. «Gu jaio aurretik, obra berrien finantzazioa aldundiak edo Estatuak egiten zuen. Ordura arte hiru urtegi zeuden: aldundiak mantentzen zituen eta ez zuen ezer kobratzen. Azpiegitura gabezia handia zegoen, ez zegoen araztegirik. Udalei ura kobratzen hasi ginen, eta udalei kobratutakoarekin inbertsioak egiten hasi ginen. Azpiegiturek kostu bat dute eta logikoena uraren salmentarekin ordaintzea da».
Udalek beharrezkoa ikusi zuten Ur Kontsortzioaren sorrera. «Urarekin dirua galtzen zuten. Kudeaketa txarra zen. Herrietako azpiegiturak zaharkituta zeuden. Gu urtegiez eta edateko uraren tratamenduaz arduratzen ginen, baina udal askok herrietako azpiegituraz ere gu arduratzea nahi zuten. Egun, Gipuzkoako 64 herriri zerbitzu osoa ematen diegu. Ziklo osoa urtegia, tratamendua, ur biltegiak, herrietako sarea eta araztegia da. Baina herri batzuk beraien sareaz arduratzen dira oraindik: Urretxu, Zumarraga, Arrasate, Bergara, Aretxabaleta, Hernialde, Zaldibia eta Andoain. Guk herri guztiak gure esku egotea nahi genuke, baina ez dugu inor zigortzen ez egoteagatik. Aipatutako herri horiei urtegiko, tratamenduko, ur biltegiko eta araztegiko zerbitzua eskaintzen diegu».
Araztegiak
Azken 30 urteetan egoera asko hobetu dela dio. «Azkoitiko eta Azpeitiko araztegia bakarrik zegoen eginda, eta zati bat soilik, gainera. Gainontzeko guztiak hemendik bultzatu ditugu. Zeuden beharrak ase ditugu. Ia erabat ziur esan dezaket ez dela urtegi gehiago egingo. Nik ez dut ezagutuko, ziur. Araztegirik ere ez da behar, auzoren batean bakarrik. Gelditzen zaiguna araztegi batzuetako konexioa egitea da. Goierrin, egin beharreko guztia eginda dago».
Goierrin hiru urtegi daude, bakoitzak bere ezaugarriekin. «Barrendiola oso urtegi txikia da (1,3 hektometro kubo), baina bere garaian Ibai Ederrekin lotu genuen. Horrela, Barrendiolan ur gutxi dagoenean, Ibai Ederretik ekartzen dugu. Izan ere, Ibai Eder urtegi handia da. Beteta dagoenean, bere eskualdearen hurrengo bi urteetako ur beharra asetzeko ahalmena du. Barrendiolak, berriz, zortzi hilabeterako ura du».
Arriarango urtegia ere txikia da. «Arriaranek ere ez du urtebeterako adina urik. Hori dela eta, Ibai Ederreko ura Ormaiztegiko zubi azpiraino eraman dugu. Hortik behera pasa dezakegu. Bestetik, Lareo Goierriko gainontzeko herriekin lotzeko asmoa dugu. Aiaiturrietako azpiegitura zaharra berritu behar dugu horretarako». Izan ere, Lareok Atauni bakarrik ematen dio ura. «Ataunek 120.000 metro kubo kontsumitzen du urtean, eta Lareorekin soberan du».
Nola daiteke Ataunek bere urtegia izatea? «Estatuak Eztandako urtegia egiteko asmoa zuen, Ormaiztegi gainean, Gabiriako lurretan. Dikea Liernira doan errepidean egin behar zuten, eta ura Arrondoraino iritsi behar zen. Urtegi handia izan behar zen. Baina obra hastear zenean, kontra egin zioten. Beste batzuen artean, nire aitak. Ormaiztegiko alkatea zen. Gabiriako alkateak eta Ormaiztegikoak indar handia egin zuten eta urtegia ez egitea lortu zuten».
Horren ordez, Lareokoa egin zuten. «Eztandako urtegiak ia Oriaren bailara osoari eman behar zion ura. Bertan behera gelditu zen eta Ataunek, Lazkaok, Beasainek eta Ordiziak ur gabezia zuten. Aldundiko ingeniari batek, Jose Mari Elosegik, Lareoko urtegia egitea proposatu zuen».
Arriaran egin zenean, Lareok Lazkao, Beasain eta Ordizia hornitzeari utzi zion. Gaur egun, Lareo berriro herri horiekin lotu nahi dute, baina arazo bat konpondu eta gero: Aiaiturrietako hodietan presioa sartzen dutenean, lehertu egiten dira. Hori dela eta, Kontsortzioak hoditeria hori berritu behar du. Horretaz gain, trataleku txiki bat egiten ari dira. Izan ere, Lareoko ura lokaztu egiten da euria egiten duenean.
Azpiegitura ikusgarriena urtegiak dira, baina urtegietako lana da txikiena. «Urtegietan kontrol lana egiten da. Izan ere, urtegiak mugitu egiten dira. Eta ura iragazi egiten da. Tresneria mantentzeaz gain, filtrazioak ez igotzea zaindu behar dugu. Filtrazioak igotzen badira, nonbaiten fisura bat dagoela edo presioa dagoela esan nahi du. Mugimenduak ere kontrolatu egin behar dira».
Langileak
Araztegietan dute lan gehien. «Araztegietan enkargatua, analista bat eta sei bat ofizial izaten dira. Edateko uraren tratamendurako estazioetan, berriz, enkargatu bat eta ofizial bat izaten dira. Gastu handiena, 17 milioi urtean, araztegietan dugu. Argindar asko kontsumitzen da».
30 urte hauetan ia dena aldatu da. Baita urarekin lotura duen ia guztia ere. «Ur beharra asko aldatu da. Hasi ginenean, duela 33 urte, biztanle bakoitzak 340 litro kontsumitzen zuen egunero. Gaur egun, biztanle bakoitzak 175 litro kontsumitzen du. Zergatik jaitsi den hainbeste? Uraren prezioa igo egin delako (lehen debalde zen), sarea berritu egin dugu eta oso ur gutxi galtzen da: herri batzuetan %60ko galera zegoen eta orain %10ekoa da; eta etxetresna elektrikoek lehen baino ur gutxiago kontsumitzen dute. Kontsumoak gora egingo zuela uste genuen, eta horri aurre egiteko Barrendiolan beste urtegi bat egin behar zen. Baita Urkullun ere. Tolosaldeko beharrak asetzeko, berriz, Zaldibiako Amundarain errekaren emariaren zati handi bat, 200-250 litro segundoko, Ibiurrera pasa behar zen. Zorionez, kontsumoaren beherakadari esker, ez dugu horrelakorik egin beharrik izan. Eta ez dut uste urtegi berririk egingo denik».
Euria gutxiago ez; ezberdin
Ur bilketak behera egin ez duenez, ura lehen baino bermatuago dugu. Ez du lehen baino euri gutxiago egiten, baina bai ezberdin. «Urteko euri kopurua ez da jaitsi. Hori bai, Goierri da euri gutxien egiten duen Gipuzkoako eskualdea. 1.100 litro urteko. Txingudin 2.300 litro egiten du urteko. Ez du euri gutxiago egiten, baina ezberdin bai. Orain, zaparradak egiten ditu, eta lehen zirimiria. Apirilean urtegiak beteta izaten genituen, eta azarora arte jaitsi egiten ziren. Ondoren, apirilera arte igotzen ziren. Gaur egun, gorabehera asko ditugu».
Gorabehera horiek ez dira onak. «Gaurko egunean Barrendiola %60an egongo balitz, 10 urteko media aterako genuke. Beharra egongo balitz, Ibai Ederretik ura hartuko genuke edo emari ekologikoa gutxitu».
Klima aldaketak ekaitz handiak ekar ditzake, baina Gipuzkoako urtegiak prestatuta daudela dio. «Gure urtegien diseinua ez da Espainiakoena bezalakoa. Espainiako urtegiek uhateak goian dituzte. Ur asko badator, ireki egiten dituzte. Tous-en sekulako zaparrada egin zuen, argindarrik gabe gelditu ziren, ekipo elektrogenoek ez zuten funtzionatu eta ezin izan zituzten uhateak ireki. Urak gainezka egin zuen eta dena eraman zuen. Guk goialdean ez ditugu uhateak, zuloak baizik, gainezkabideak. Azken 10.000 urteetan egin ez duena egin beharko luke gainezkabideak nahikoa ez izateko. Gainera, azpialdean isurbideak ditugu. Bihar 40 litro bota behar dituela jakinarazten badigute, aurreko egunetan euria egin duen edo ez begiratzen dugu, lurra bustia edo lehorra dagoen jakiteko; eta 40 litro horiekin zer gertatuko den begiratzen dugu. Urtegiak gainezka egin badezake, isurbideak irekitzen ditugu».
Klima aldaketaren balizko ondorioak ahaztu gabe, uraren zikloaren digitalizazioa da egun Ur Kontsortzioaren erronka nagusia. «Bai guk eta bai kontsumitzaileek urtegian zenbat ur sartzen ari den, zenbat euri egiten ari den, zenbat ur ateratzen ari den, zenbat ur tratatzen ari den, herriko biltegian zenbat ur sartzen ari den, biltegitik zenbat ur irteten ari den, etxeko kontsumoa zenbatekoa den, zenbat ur depuratzen ari garen eta errekara botatzen ari garen uraren kalitatea zein den jakin ahal izango dugu».
Horretaz gain, adimen artifiziala erabili nahi dute. «Araztegietan eta bezeroen arreta zerbitzuan erabili nahi dugu, batez ere. Araztegietan, argindar kontsumoa jaisteko baliatu nahi dugu. Arreta zerbitzuan, berriz, bezeroei egiten diegun inkesta hobetzeko. Adimen artifizialaren bitartez bezeroen sentimenduaren berri izan dezakegu: ea esan digun hori egiatan esan digun, edo bakean uzteko esan digun». ■





