Leire Garmendia • Laia Ingurumen Zerbitzuak (Beasain)
Goierriko eskualdea harremanetarako eta komertziorako zirkuitu nagusietan erabat txertatua dago. Komunikazio bide nagusia Madril-Irun N1a da, esanguratsua da ere Beasain-Bergara-Durango bide komarkala, biak trafiko handikoak, guneko industria garapenaren ondorioz.Zerbitzu sektorean kontsumitzen da petroliotik eratorritako (gasolina, gasolioa, fuelolioa) energiaren %88,7 eskualde mailan eta horietatik %99 garraioan kontsumitu da, pribatuan, publikoan eta merkantzietan.
Honela, joera murrizten ari bada ere, mugikortasuna da gaur egun energia gehien kontsumitzen dugun sektorea. Berotegi efektuko gasen erantzule nagusia da, eta beraz, klima aldaketaren eragile nagusia ere bai eskualde mailan. Eskualdean 20.514 ibilgailu daude (2018), kamioi eta furgonetak kontutan izan gabe. Horiek isuritako berotegi efektuko gasak 60.957 tona CO2 dira, 198,10 g CO2/km (DGT, 2015).
Garraioa beraz funtsezko elementua da gizartea deskarbonizatzeko. Horren aurrean, udal mailan hainbat neurri har daitezke:
- Oinezko eta bizikleta bidezko mugikortasuna ahalbidetu eta bultzatu, oineztatzeak eta bidegorri sareak egokituz.
- Garraio publikoaren zerbitzu eraginkor bat eskaintzea, horren erabilera sustatuz.
- Lantokietarako garraiobide jasangarrien sustapena.
- Bertako produktuen kontsumoa lehenetsi (km 0).
- Motordun ibilgailuak erregai alternatibo eraginkorragoak eta gutxiago kutsatzen dutenengatik aldatu.
- Garraiobide elektriko eta erregai alternatiboei zerbitzua emateko instalakuntzak sortzea.
Gure ohitura aldaketek ere lagundu dezakete deskarbonizazioan:
- Bidaia laburretan, oinez egin edo bizikletaz baliatu, ekonomikoagoa energia aldetik, gutxiago kutsatzen du eta osasungarriagoa da.
- Hirian, erabili garraio publikoa zure joan etorriak egiteko eta utzi autoa aparkatuta.
- Bidaia ertain eta luzeetan, garraio publikoa autoa baino sei aldiz eraginkorragoa da.
- Automobila hartzeko beharra baldin baduzu, ahal dela, partekatu.
- Kontuan hartu modu eraginkorrean gidatzeko teknikak, martxa luzeak erabiliz eta biraketa gutxirekin gidatuz.
- Ikuskatu gurpilen presioa aldian-aldian, kendu erabiltzen ez dituzun osagarriak, ez eraman alferrikako pisurik, aire girotua neurriz erabili eta ez gidatu abiadura handian. Era horretan, erregaia aurreztearekin batera, segurtasun handiagoz ibiliko zara.
- Bidaia planifikatu hegaldiak ahal den heinean ekidinez.
- Motordun ibilgailua erosteko asmoa baduzu, igorpen gutxi eragiten duen bat aukeratu.