Hamabostaldi ekologikoan murgilduta dago Goierri egun hauetan, eta igandean, hilaren 18an izango da ekitaldi nagusia: Zeraingo azoka entzutetsua. Inguruko produktu ekologikoak ere han izango dira salgai, tartean Iñaki Intxausti Iturzaeta ekoizleak (Segura, 1992) Zeraingo Mendarte eta Segurako Markitegi baserrietan ekoizten dituen frutak eta barazkiak.
Hitzordu garrantzitsua duzue igandean Zerainen.
Bai. Urte askotako ibilbidea duen azoka ekologikoa egingo da, Biolurrek, udalak eta ENEEK-Ekolurrak antolatuta. Feria garrantzitsua da, erosle finko asko dituelako, eta jende asko etortzen delako. Goierriko Hamabostaldi ekologikoaren barruan kokatzen da.
Zer da feria hau Zerainentzat?
Egia esan, Zerainentzako egun berezia da, horrelako jendetza elkartzen duen ekintzak urtean bi bakarrik izaten direlako, festak eta azoka hau. Duela gutxira arte plazan egiten zen, eta oso berezia izaten zen, plaza oso polita delako, herriak daukan arte horrekin, oso inguru polita da, bista politak ditu… Aurten, aurreko urtean bezala pilotalekuan egingo da. Iaz COVID-agatik eraman zen hara, baina aurten plazan dagoen eraikin bat erortzeko arriskua dagoelako egingo da han. Egun polita izaten da guretzat ere, hasi goizean azokarekin, gero postuak jaso, azokako beste saltzaileekin eta herritarrekin tabernetatik bueltatxo bat…
Zenbat postuk parte hartzen dute?
Ez dakit ziur, baina 30-bat izango gara. Ni neu ez naiz han izango, baina Jokin anaiak jarriko du gure etxeko postua, barazki eta frutekin. Askotariko saltzaileak izango gara, Biolur horretan saiatzen delako, antolatzen dituen beste azoketan bezala. Oreka bat mantentzea nahi izaten du, erosleak erosketa poltsa oso bat egiteko aukera izan dezan.
Eta zerekin bete ahal izango da poltsa hori Zerainen?
Barazki eta frutez gain, ogia, eztia, baratxuriak, gazta… izango dira. Biolurren informazio postu bat ere izango da, eta Ane Otegi sukaldariak show cooking postu bat ere jarriko du, eta bertan prestatuko du zerbait azokako produktuekin. Denetik egongo da.
Erosleak nongoak izaten dira?
Leku askotakoak. Bailarako jende asko etortzen da, eta bailaraz kanpokoak ere bai. Urte askotan zehar egin denez, jendeak ezagutzen du, eta gainera, inguruak plan politak egiteko aukera ematen du, arratsaldea aprobetxatzeko. Beraz, kanpoko jendea izango da, ziur.
Hemen eguraldiaren faktorea sartzen da, azoka ondo joateko ez zaigulako komeni ez eguraldi oso ona ez oso txarra. Estalpean izango da, baina guri komeni zaiguna da bitarteko eguraldia, eta ez onegia, jendea hondartzara joan ez dadin.
Azoka hamabostaldi baten barruan kokatzen da. Zer ekitaldi gehiago sartu dira egitarauan?
Joan den astean abiatu zen, Zerainen bertan, Zure platerean hasten da mundua dokumentalaren proiekzioarekin. Atzo Segurako osteguneko Zopazokaren inguruan merienda-solasaldia egin genuen, kontsumo eta elikaduraren inguruan, bereziki umeekin, eta bihar Olaberriko Etxeberri-Goiko etxaldea bisitatuko dugu. Ekitaldi esanguratsuena etorriko da gero, igandeko azoka, eta amaitzeko, hilaren 22an, arrantza eta kontsumoari buruzko Itsasoiko. Itsasotik sasoikoa dokumentala emango dute Ataunen. Programa oso konpletoa da.
Hori guztia Zerainen sortu zen. Zergatik dago herri horretan ekologiarekiko sentsibilizazio hau?
Esan daiteke Zerainen beti egon dela lehen sektorerako atxikimendu bat, eta hori bultzatzeko gogo bat, Zerain Dezagun fundazioa atzetik zegoela. Lanketa horri esker Zerainen ditugu artzain batzuk, ni neu ere bai… Inguruko herri txikien artean, lehen sektoreari garrantzi handiena eman diona Zerain izan da. Eta azoka ekologikoarena herriak sektorea bultzatzeko zuen asmoaren eta gogoaren emaitzetako bat da.
«Lehen sektorearekiko lotura txikitatik izan dut, eta 25 urterekin erabaki nuen salto egitea; orduan izan behar zuen!»
«Ekoizpen ekologikoa nolabait bereganatu nahian ari da industria, eta eko-industria ari da sortzen»
Zu zergatik zaude tartean?
Ekoizle ekologikoa naiz, neurri handi batean, arrazoi ideologikoengatik, mundu osasungarriago eta jasangarriago baten aldeko atxikimendua dudalako. Zerainera ekarrita, herritar bezala parte hartzea gustatzen zait, Biolurreko kide bezala ere bai, eta nik dudan ideologia horren bidetik doan ekintza bat da.
Zer ekoizten duzu?
Barazki, fruta eta haragi ekologikoa, aiton-amonen Zeraingo Mendarte eta Segurako Markitegi baserrien artean. Hainbat azokatan saltzen dut produkzioa, baita kontsumo talde batean ere.
Nola hasi zinen mundu honetan?
Industria-antolakuntza ingeniaritza ikasketak egin nituen eta fabrikako lana probatu nuen, baina ez zitzaidan gehiegi gustatu. Lehen sektorearekiko lotura txikitatik izan dut, eta 25 urterekin erabaki nuen salto egitea; orduan izan behar zuen, edo bestela bizitza osoan damutuko nintzen. Esan beharra dut txikitan oso gustuko nuela baserriko lana eta giroa, eta nerabezaroan aldendu egin nintzela beste asko bezala, baina gero berriz ere baserriaren dei hori sentitu nuen, eta bueltatu nintzen.
Inguruko ekoizleak ezagutuz hasi nintzen, mundu honetan sartu nahian. Eta haiekin ikasitakoaren ondoren eta ikastaro batzuk egin ondoren, erabaki nuen etxean zegoen oinarria hartu eta profesionalizatzeko bidean jartzea. Horretarako jarri nituen negutegiak baratzean, eta behi kopurua handitu nuen. Eta bide horri bultza eginez, gaur egunera arte. Bost urte egin ditut dagoeneko, eta ez dut batere damurik.
Nolakoak izan ziren lehen pausoak?
Barazkiekin hasi nintzen lehenengo, ganaduaren mundua konplikatuagoa delako, sarrerak oso gutxi dira eta irteerak asko, gastu askoko mundua da. Barazkiek xumeago hasteko aukera ematen dute, epe laburragoko zikloak direlako, hau da, zerbait landatzen duzunetik etekinak jasotzeko gutxieneko tartea hilabete eta erdia da, eta gehienekoa sei hilabetekoa. Gainera, lurrarekin lan egitea asko gustatzen zait.
Nik baserria osotasun batean ulertzen dut, eta osotasun horretan zikloak ixtea sartzen da, eta horren barruan, animalien eta lurraren arteko konbinaketa dago.
Bost urteko ibilbidea duzu dagoeneko.
Bai, eta alde batetik balorazio positiboa egiten dut, gustuko proiektu bat martxan jartzea lortu dudalako, baina bestetik, tristura pixka bat ematen dit gizarte mailan, niri gustatzen zaidalako baserritarrari erantzutea eta errespetatzea merezi dugun bezala, eta hori ez dugu lortu. Hor sartzen da prezioen borroka, adibidez. Jendeak esaten du «hori oso garestia da», eta ez da konturatzen produktu horrek duen kostearen prezioa dela. Horri jarraituz, esan nahiko nuke segitzen badugu horrela lehen sektorea esplotatzen eta ez babesten, ez dela esistituko. Teoria berdina aplikatzen badugu beste sektoreetan eta lan prekarioak bultzatzen baditugu, gure seme-alabek, bilobek… lan prekarioak egiten bukatuko dute. Izan gaitezen kontziente: dirua non gastatzen dugun, hori bultzatzen dugu.
Eta ahal dela, gastatu dezagun ekologikoan, ala?
Inongo zalantzarik gabe. Egiten dugun lan hori eta lortzen dugun produktu hori ez bada lurrarekiko jasangarria eta errespetatzen duena, ez du balio. Bestela ez du zentzurik, etorkizunera begira hipotekatzen ari garelako gure lurra.
Nola dago ekoizpen ekologikoa?
Orokorrean goraka doan ekoizpen mota bat da, baina aldi berean, ekoizpen ekologikoa nolabait bereganatu nahian ari da industria, eta eko-industria ari da sortzen, nik esaten dudan lurrarekiko errespetu hori eta tamaina txikiko ekonomia eskalatik aldenduz.
Nolako etorkizuna ikusten diozu?
Etorkizun ekologikorik ez badugu, ez dago etorkizunik. Lan egin behar dugu, borroka egin behar dugu, baina ez baserritarrok bakarrik, gizarte osoak baizik.