Antxiñe Mendizabal Aranburu • Idazlea eta editorea
Hondamendiari bere baitan hitz egiten utziz idatzi du Eider Rodriguezek Eraikuntzarako materiala, bere lehen eleberria, «ez idatzi nahiago izango nukeena». Aitortzen du barruan zeramala isilean idatzia, luzaroan. Irakurlearentzat, ordea, iktusa izan berri duen aitaren ondoan hasten da narrazioa. Dena den, ia lehen orritik argi geratzen zaio irakurleari ez dela bat-bateko kontua edo gertakaria izan, gainbehera askoz ere lehenagotik datorrela.
Idazketa hondamendi baten kronika intimoa bihurtu du idazleak, aita-alaba protagonista dituena; alkoholak kutsatutako harremana. Narrazioa aurreraka doan heinean istorioak denboran atzera egingo du, iraganera, «gogoratzeko baino haren begietatik ikusteko». Kontakizuna iluna eta gogorra izan arren, narratzailearen aldetik badago etengabeko argiaren bilaketa nabarmen bat, irakurlea harrapatzen duena. Argi printza batzuk pitzatzen dute liburuaren azalari darion laiotza.
Alabarentzat hondamendiaz idaztea aitarekin egoteko modua bilakatzen da: «Hau ez da idaztea, hau berarekin egotea da ni beste norbait izanda». Elkarrengandik urrun egote horren ondoriozko isiltasunak eta esan ezin direnak gotorleku baino gudaleku bihurtzen dira eta aita eraisten doan heinean, alaba bere burua eraikitzen doa. Hondarrezko erlojua bezala, erdi bat hustu ahala betetzen da beste erdia.
Hausnarketak, galdera-sortak, gutunak, zerrendak, argazkien deskribapenak, pieza asko ditu liburuak; etxe bat altxatzeko ere, eraikuntzarako material asko behar da. Eta aitarekin partekatzeko idazleak sortu duen etxe berri hau eraiki ahala konturatu da, pentsatu eta sentitu arren, ez zekien gauza asko zituela bere baitan: «Esan nintzakeenik ere ez nekien eta esan ezin nituenez idatzi ditut».