Arnau Elgarresta Clivillek (Ataun, 2002) txikitatik izan du oso gustuko argazkilaritza. Gaur egun kamera hartuta une bakoitza betikotzeko prest ibiltzen da argazkilari ataundarra.
Nola hasi zinen argazkilaritzan?
Osabari esker hasi nintzen argazkilaritzan. Txikitan Bartzelonara joaten nintzen osabaren etxera, eta bertan, kamera analogikoak izaten zituen. Hauekin jolasten ibiltzen nintzen eta baten bat hautsi ere egin nion. Ondorioz, nire lehen kamera erosi zidan eta orduan hasi nintzen argazkiak ateratzen, beti izan baitut inguruko gertakariak argazkitan gordetzeko gogoa.
Zein argazkilaritza mota duzu gustukoen?
Oraintxe bertan nahiko paisajista nago, mendira joatea asko gustatzen baitzait eta bertan egoten bainaiz argazkirako une egokiaren zain. Kaleko argazkilaritza ere egiten dut. Honetan ere une egokia topatzea da garrantzitsua. Kaletik kamerarekin noala parean dauzkadan subjektu, argi, zein elementuak ordenatzen joaten naiz. Horrez gain, nire memoria bisuala argazkitan eraikitzea oso gustuko dut eta horretarako, une egokiaren zain egoten naiz, klik batean une politak betikotzeko asmoz.
Kaleko argazkilaritzak baditu bere arriskuak ere, jendearentzat agresibo samarra izan baitaiteke batzuetan.
Bi erantzun posible daude: bat ezezkoa, eta bestea nahita kokatzea. Norbait etorri eta bere irudiak ezabatzeko esatea gertatzen da tarteka, eta onartu eta ezabatzea besterik ez da gelditzen. Kontrara, argazkia ateratzen ikusten zaituen jendeak posizio bat edo beste jartzea apropos ere gertatzen da. Hala ere, ez dakit zer dudan nahiago, izan ere, pertsona batek kokapen jakin bat hartzen duenean konszienteki, unearen naturaltasuna galtzen da.
Etorkizunari begira zein asmo duzu argazkilaritzari dagokionean?
Bertatik bizitzea gustatuko litzaidake baina argazkilari autonomoa izatea eta zuk zeuk proiektuak sortzea oso zaila da, izan ere, aurrera eraman ahal izango duzun proiektua asmatu behar duzu. Gainera, kontuan izan behar da beti egindako lanak erakarri egin behar duela jendea eta ondorioz, askotan zuri gustatzen zaizuna baino besteei gustatuko zaien hori egiten duzu. Beraz, oraindik zalantzak ditut honen inguruan.