![](https://goiberri.eus/site/files/2022/11/bianditz_iraola__cafeko_eu-1.jpg)
Hamalau urtean CAFen muntatze, logistika eta maniobra lanetan aritu eta gero, martxoaz geroztik CAFeko Euskara arduradun ari da Bianditz Iraola Azantza (Zaldibia, 1978). Euskaraldiaren harira egingo dituzten ariketez, dituzten egitasmoez eta lantokian duten errealitateaz hitz egin du.
CAFen sartzeko ikasketak egin aurretik, Kazetaritzan lizentziatu eta horretan aritua zara. Profil hori edukitzea izan al da CAFeko Euskara arduradun izendatzeko arrazoia?
Izan liteke. Nik Joxe Begiristain [ordura arteko Euskara arduraduna] ezagutzen nuen, beste edozein langilek eduki zezakeen bezalako harremana nuen, eta nire inguruko Euskara batzordeko ordezkaria ere ezagutzen nuen, baina oraintsu arte ez dut parte hartu batzorde horretan. Profila izan banuela aipatu zidaten, deialdi bat egin zen, prozesu bat egon zen, hiruzpalau aurkeztu ginen, eta orain hemen nabil.
Jende gutxi horrenbeste langileko lantegi batentzat ezta?
Hemen gertatzen dena da jendeak duen formakuntza ez dela arlo honetan aritzeko. Euskara Batzordeko kideek sentsibilitatea badaukate: tailerreko jendea dago, bulegoetakoa, sindikatu bakoitzak bere ordezkaria dauka, zuzendaritzak ere bai… Berez, sail bakoitzeko ordezkari bat egotea komeni da, baina sail guztiak ez daude ordezkatuta.
Eta zerekin egin zenuen topo?
Amildegi handi batekin! Joxerekin denbora gutxi egin nuen trantsizioa behar bezala egiteko, eta Elhuyarrek ematen digun aholkularitza zerbitzuan aurkitu dut babesa, baita batzordean ere, noski. Pixkana-pixkana ikasten ari naiz, eta aurtengoa horrela joango da, ikasketa prozesu horretan.
Orain Euskaraldia gainera?
Bai, urte betea izaten ari da bai! Euskaraldia dator, hurrengo urtean Bikain ziurtagiria berritu nahi dugu Irungo lantegian, eta horrako ere formakuntza bat egin beharra dago, eta ebaluatzaile izateko lanean nabil, besteak beste. Euskaraldiaren harira motibazio kanpaina bat egiten da udazkenean, baina aurten proposamen bat egin zuten Irundik ingurumena eta euskara lotuta zerbait egiteko, eta martxo-apiriletik horretan ari gara. Alderdi burokratikoan ere, fakturak, eskaerak eta itzulpenak kudeatzeko sisteman aldaketak izan dira, eta hor ere aritu egin behar. Betea izan dela esan dudanean, alderdi horretatik esaten dut.
Eta zer asmo duzue?
Beasaingo eta Irungo tailerretako eta bulegoetako errealitateak ezberdinak dira, lana egiteko modutik hasita. Bulegoetan egin nahi dugun ariketa bat da posta elektronikoen bidalketen ingurukoa. Egin nahi duguna da euskaraz dakienak euskaraz idatz dezala, eta esteka bat jarri euskara ulertzen ez duenak itzultzaile neuronala erabil dezan. Itzultzaile neuronalak bere mugak ere baditu, baina testu bat ulertzeko adina ematen du. Horrekin lortu nahi duguna da euskaldunek euskaraz idaztea, eta ez bi lan hartzea. Ohitura hori hartu nahi dugu, euskaraz ez dakiena ez baita kontziente zer lan suposatzen duen bi hizkuntzetara ibili beharrak.
«Bulegoetan egingo dugun ariketaren zabalkundeari ariketaren arrakastari berari baino garrantzi handiagoa ematen diot»
«CAF-en euskarazko komunikazioa nahiko ondo dagoela esango nuke, kanpokoa hobeto barrukoa baino»
Hamabost egunerako, ala jarraipena ematea da helburua?
Ez dakigu jendeak nola erantzungo duen, norbanakoen esku dagoen zerbait baita. Gure asmoa, edo gure esperantza, ariketa hau bultzatuta Euskaraldiaz harago ohitura hartzea da. Euskaraldian praktikan jarriko dugu, gero irakurketa bat egingo dugu, feed-back-a jasoko dugu, eta gero ikusiko dugu. Inportantea iruditzen zaigu ariketa hau ohitura aldaketa bat suposatuko lukeelako ondo eginez gero. Asmoa da gerora ere mantentzea. Nik garrantzi gehiago ematen diot ariketaren zabalkundeari ariketaren beraren arrakastari baino.
Eta tailerretan?
Zer eta nola egin zehazten ari gara [urriaren 27an egina da elkarrizketa]. Guk eta beste elkarte batzuk elkarlanean egindako euskarazko trengintza hiztegi bat daukagu sortuta, eta horren bueltan arituko gara seguru asko.
CAF bezalako lantegi handi batek zertaraino funtzionatzen du euskaraz?
Neurketa batzuk eginda badaude, baina beti ez dira neurketa berdinak egiten, eta ez dauzkagu eskura ezagutzari eta erabilerari buruzko datu zehatzak. Komunikazioa nahiko ondo dagoela esango nuke, kanpokoa hobeto barrukoa baino. Barrukoan badu zer hobetua oraindik! Lanik handiena ematen diguna sortze hizkuntza da, gure etxe handi hau ez baita euskara eta gaztelera bakarrik, ingelesez ere funtzionatzen du, frantsesez, alemanez… hizkuntza askotan. Gure euskara jarduna Beasaingo eta Irungo lantegietara mugatzen da, CAFek filial asko baitu, baina gurea bi horietara mugatzen da.
Sortze hizkuntza aipatu duzu…
Lan handia dago egiteko dokumentazio sorreran, aurten aritu gara bilerak-eta neurtzen. Hor daude Kaizen bilerak [izen japoniarra da, eta etengabeko hobekuntza esan nahi du], eguneroko lanaren balorazioa egiten duten bilerak, nolabait esateko. Bilera horiek neurtzen ari gara, eta irakurketa inportante bat egin dugu. Gehienbat sortze hizkuntzarekin gabiltza. Antzeman duguna da arduradunetakoren batek halamoduzko euskara gaitasuna baldin badauka, eta nahiz eta bere langile talde euskalduna izan, asko baldintzatzen duela. Dokumentazio orokorra euskarara itzultzen da, baina sortu ez, eta hor ohitura batzuk sortzen dira, euskaraz jakin arren erdarara jotzeko ohitura. Eta horretan ari gara lanean, arduradunen artean motibazioa lantzen. Fronte asko ukitzen dituen gaia da.
Errotulazio aldetik zein da egoera?
Oso ondo. Hor lan handia egin zen orain urte batzuk, karteldegi guztia berritu zen…
Zer dago, euskara lehenetsita?
CAFeko irizpidea da dena elebitan, eta euskara lehenetsita. Lekuaren araberakoa ere bada, baina beti euskara aurrena, eta kasu batzuetan nabarmenduta. Kartelak ematen duen informazioaren arabera, ingelesa ere jartzen da kanpotik datozen kamioilariek-eta uler dezaten.
CAF Goierriko hainbat lantegik parte hartzen duen Ingudea batzordeko kide ere bada. Zer iruditu zaizu?
Oraindik ez dut bilera batean ere parte hartzeko aukerarik izan, beste lan batzuetan zentratuta egon behar izan dut eta. Azaroaren 17an da hurrengo bilera, Euskaraldia hasi bezperan. Gertuko foro bat da, Goierrikoa, eta badaukat gogoa jendea eta dagoen martxa ezagutzeko. Foru aldundiaren Gipuzkoako Berdinago foroan parte hartzen dugu–entitate publiko-pribatuak biltzen ditu–, eta Indeus Spri-n ere bagaude, eta hor EAEko enpresa industrialak elkartzen gara.