Metodologia zientifikotik eta ikuspegi antropologikotik eremu familiarretan bizitza historiak biltzea da Vitagramaren helburua. Hala ere, filosofia kolektiboa ere izan dezake, Seguran egin duten bezala. Joxe Insaustiren memoria bizia jaso dute.
Ez da lehenengoa, eta ez da azkena izango. 2014an Amantalek ezkutuan daramaten gerra dokumentala eta 2021ean Laureano Telleriaren Iragana orain, oraina gero dokumentala osatu zituzten Seguran, eta aurten, abenduaren 3an, Joxe Insausti Urbizu (Segura, 1935) bertsolariaren oroimen biziaren bilketaren laburpena aurkeztuko dute.
Egoitz Apaolaza Segurako Udaleko zinegotziaren esanetan, «gure aurreko belaunaldiek bizi zuten Segura, bizimodua, kultura, ekonomia… jasotzea» da helburua, «ahozko transmisioaren bitartez pasa izan den ezagutza hori jasotzea». Era berean, Joxe Insaustiri ere aitortza egin nahi izan dio Segurako Udalak Vitagramarekin.
Laureano Telleriaren dokumentalaren aurkezpenean «proposatu zuten ideia bat zen, ondarea jasotzen jarraitu behar zela eta Joxe Insaustik zeukan ezagutza jasotzea interesgarria zela». Udalari egokia iruditu zitzaion «Joxek duen Segurarekiko ezagutza, memoria eta ahozko transmisiorako gaitasuna ikusita. Joxe Insausti bertsolari ezaguna ere bada eta bertsolaritzak ere izango du lekua lan honetan».
Ideia hartu eta egin. Abenduaren 3an, 12:00etan, Botikaxaharrean aurkeztuko dute Insaustiri egindako hamabi ordutako elkarrizketetan jasotako pasarteen laburpena.
Vitagrama, oroimen bizia
Vitagrama formatua aukeratu dute Insaustiren memoria bizia jasotzeko, Labrit Ondarearekin. Klara Larruzearen esanetan, «desagertzen den pertsona edo belaunaldi bakoitzeko, Ondare Immaterialari buruzko informazioaren ehuneko oso handia galtzen dugu, konturatu gabe, gure sustrai eta lotura kulturalei pixkanaka forma eman dien memoria preziatua galduz». Vitagrama belaunaldien arteko transmisio hori «gaitzen» saiatzen da; «gure artisauen jakintza, gure arbasoen, familiaren, etxebizitzen memoria biltzen, babesten eta transmititzen».
Iraganeko oroitzapenek eta gaur egungo eta etorkizuneko teknologiek bat egiten dute Vitagraman, aitona-amonak pantailaren erdian jarrita: «Ezinbestekoa da ahozko kultura tradizional hori sistematikoki biltzea, indexatzea, babestea eta zabaltzea, ingurune sozial eta kultural aldakorrera egokitzeko prozesu etengabe eta dinamikoan beronek bizirauteko berme bakarra izango baita».
Segurako Udalarekin eta Insaustiren familiarekin batera egin dute lana, «bildu beharreko edukien ezaugarrien diseinuan ekarpenak egin» eta Labrit Ondareak aurrez ezarritako galdetegiak adostutakora egokituz. Hiru grabazio saio egin dituzte, hamabi ordu guztira. «Honen ostean erregistratutakoaren azterketa antropologikoa egiten da, Vitagramaren oinarri antropologikoa den Ondare Immaterialaren Unitate bihurtzeko. Hor datoz etiketatzea, sekuentziazioa eta edizioa, bai elkarrizketarena, bai interpretatutako materialena. Elkarrizketaren grabazio gordina iraupen laburreko sekuentzia batzuetan banatzen da, izenburuarekin eta gako-hitzekin. Honi esker VitApp-ean gertaera edo gai zehatzei buruzko testigantzak aurkitzeko aukera izanen da».
Era berean, «prozesua interpretatutako materialetarako errepikatzen da, kasu honetan Joxeren familiak esanguratsuak izan daitezkeelako aukeratutakoak. Protagonistaren istorioak eta ahotsa gehituz, irudiek bizia har dezaten lortzen da».
Belaunaldi berriei lekukoa pasatu
Kultura Ondare Immaterialaren inbentarioarekin batera, «biztanleen ehuneko handi bati bizitza-historien bilketek, gure herriak duela 50, 70 edo 80 urte nolakoak ziren» erakusten dute. «Artxibo horiek, altxor horiek, herri bakoitzaren, bailara bakoitzaren idiosinkrasia eta nortasuna (iruditeria kolektiboak) ezagutzeko, indartzeko eta elikatzeko tresna ona dira».
Hala ere, lana ez da hor bukatzen. «Kontuz ibili behar dugu. Orain arte egindako bilketa-lanek erakutsi digute bilketa hutsa ez dela nahikoa. Belaunaldi berriei lekukoa pasatu behar zaie ondare hori guztia ezagutarazteko, bilobek euren aitona-amonen bizitzaren eta pentsamenduen berri izan dezaten. Ezinbestekoa da, beraz, partaidetzazko transmisioaren bidez kontzientzia kolektiboa berpiztea: dokumentalak, webguneak, unitate didaktikoak, liburuak, buletinak, komunikabideetako presentzia, kultura-ekitaldiak (hitzaldiak, proiekzioak, eta abar)».
Larruzearen esanetan, «zabalkunde-aukerak izugarriak dira, eta guztiek dute komunean bizilagunak beren historiaren eta nortasunaren inguruan kohesionatzeko balio izatea. Ahozko memoria hori biltzean eta zabaltzean, ahoz transmititutako ezagutzak ez desagertzea da kontua». Oraingoz Segurako liburutegian kontsultatu ahal izango da Insaustiren memoria bizia.
Jasotzen jarraitzeko asmoa
Segurako Udalak jasotze lan honetan jarraitzeko asmoa daukala aurreratu du, «oraindik zehazki zerekin segi erabaki gabe daukagun arren».
Segurako bizimoduaren lekukotasuna
Gai ugari izan dituzte hizpide Joxe Insaustik eta Labrit Ondareko lankideek, hiru egunetan eta hamabi ordutan. Baserriaren egitura, bizimodua…; kaleak eta zerbitzuak; udalaren barruan agintariak, alkatetza, bitxikeriak, obra eta ekitaldi esanguratsuak; auzolana; lanbideak eta artisauak; enpresak eta tailerrak; dendak eta komertzioak; tabernak eta ostatuak; emigrazioa; kirola; herriari nortasuna ematen dioten toki aipagarriak; herriaren gertaerak (izurritea, Congreso Eucaristico 1945), Urtsuaran; euskara, bertsolaritza.
Haurtzaroaz, nerabezaroaz eta gaztaroaz, historiaz eta politikaz, erlijioaz eta bestelako sinesmenez eta jai kutsuko ospakizunei buruz ere luze jardun da segurarra. Segurako historia eta oroimen bizia jasota geratu da beraz.