Egoera zaurgarrian dauden pertsonen enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzea, eta horiek gizarteratzea helburu duen proiektua abiatu du Goiekik. Emakume langabeei zuzendutako Emaktivan izena emateko epea zabaldu du.
Goiekik Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak: enpleguari buruzko prestakuntza programa jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker eta eskualdeko hainbat eragilerekin elkarlanean. Helburua da egoera ahuletan dauden pertsonen enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzea, eta horiek gizarteratzen laguntzea. «Goierriko gizarte eta eskualde-kohesioa hobetu nahi da, pertsona guztien enplegagarritasuna hobetuz, salbuespenik gabe». Programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin ekimenaren barrukoa da.
Identifikatutako kolektiboek bizi duten gizarte arrakala eta bazterketa egoera saihestea da prestakuntza saio hauen helburua. Goiekiren iritziz, pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitutako irtenbideak eta alternatibak eskaini behar dira, gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden kolektibo horiek gizarteratu eta laneratzeko. Lorategien eta berdeguneen instalakuntzei buruzko formakuntza abian da dagoeneko, eta langabezian dauden emakumeei zuzendutako Emaktiva programan izena emateko epea zabalik dago. Aurrerago Ekintzailetzari lotutako beste formakuntza bat martxan jartzea aurreikusten du garapen agentziak.
Proiektua 2023-2024 urteetan garatuko da. Hasiera batean, Goiekik hartuko du parte lider gisa, Caritas erakundearekin, Sarea Fundazioarekin eta Goierri Eskolarekin elkarlanean. Prospektiker aholkularitza enpresa, berriz, idazkaritza teknikoaz arduratuko da. Horrez gain, Instagi elkarteak eta EDE Fundazioak ere parte hartuko dute.
Emaktivan izena emateko aukera
Emaktiva emakumeei zuzendutako enplegu aktibazio programa bat da. Ikuspegi feministatik abiatuta, enplegua bilatzeko zailtasunak dituzten emakumeak laneratzeko ibilbide espezializatuak garatzen ditu. Komunitatearekin eta euskal enpresen sareko lanaren ikuspuntutik. Programa hori iaz egin zen lehen aldiz Goierrin, EDE Fundazioaren ekimenez eta Goiekik babestuta.
Emaktiva ereduaren ikuspegiaren funtsezko arloak kontuan hartuta egiten dituzte formakuntza saioak: ahalduntzea, enplegagarritasuna eta lan aukerak. Iazko programa Ordiziako Orkli kooperatibara bisita bat eginez bukatu zuten. «Enplegu feminizatuen markotik atera nahi izan dugu, batez ere Goierri bezalako eskualde industrializatu batean», adierazi zuen iazko ekainean egindako bisita hartan Igone Virtok, Emaktiva Gipuzkoako arduradunak. Eskualdean bizi diren bederatzi emakumek parte hartu zuten Goierriko Emaktiva egitasmoan.
Goierriko gizarte eta eskualde-kohesioa hobetzea du helburu Goiekik abian jarri duen prestakuntza proiektuak
Emaktivak enplegua bilatzeko zailtasunak dituzten emakumeen laneratzeko ibilbide zehaztuak garatzen ditu
Programa horren bidez lana bilatzeko dituzten gaitasunak hobetzen laguntzen diete emakumeei. Enplegu tailerrak emango dizkiete, banakako enplegu-planak egingo dizkiete, enplegua bilatzeko gaitasun digitalak landuko dituzte eta enpresen parte hartzeari esker lan merkatuaren errealitatea ezagutuko dute bertatik bertara. Programa horretan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago dagoeneko. Ondoren, hautaketa-prozesu bat egingo dute, eta, azkenik, maiatzetik abendura bitartean, langabezian dauden emakumeei orientazioa eta laguntza emateko plana garatuko da.
Langile faltaren kezka
Gizarteratze eta laneratze programa honi lotuta, bada aipatu beharreko beste kontu bat: hurrengo urteetan belaunaldi erreleboaren beharrei aurre egiteko behar adina pertsona ez izatea. Aurreikuspen hori du Goiekik: «Goierrin ez dira merkatuko irteerak 20 eta 29 urte bitarteko biztanleria-sarrerarekin estaltzen. Azken batean, lan-jarduera bat egin dezaketen pertsona guztien beharra izango du eskualdeak jarduera ekonomikoari eutsi ahal izateko. Ildo horretatik, pertsona guztiak integratzea, nahiz eta bazterketa egoeran edo arriskuan egon, gizarte-justizia kontua ez ezik, ekonomia-sarea mantentzeko beharra ere bada».
Goierrin punta-puntako enpresa sarea izan arren, gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden kolektiboek ezin dituzte lanpostuak lortu enpresa horietan, eta horren ondorioz, «gizarte-kohesiorako arrisku larria identifikatzen» du Goiekik. «Hori dela eta, beharrezkoa da egoera horretan dauden pertsonekin lan egitea, eta, horretarako, haien gaitasun oinarrizkoak eta teknikoak hobetu behar dira, lan-merkatura ahalik eta hobekien iristeko edo hurbiltzeko».
Emaktiva goierrin
Dagoeneko zabalik dago Emaktiva Goierrin izena emateko epea.
- Zer da Emaktiva? Laneratzeko zailtasunak dituzten Goierriko emakumeen enplegagarritasuna hobetzeko programa.
- Izena emateko.
- Telefonoak: 943 42 69 03 / 691 019 038
- Eposta: aurkola@edefundazioa.org
- Webgunea: emaktiva.org
- Non izango da? Goierri Berrikuntza Gunea, NBF eraikina, Arranomendia 5, Ordizia.