Tabernarik ez duen herriak hutsik geratzeko arrisku handiagoa du. Goierriko herri txikietan ostalaritza zerbitzua bermatzeko ahalegin berezia egiten dute udalek, ostatuekin. Azken urteetan, herrietako bizitza soziokulturalaren motore horiek balioan jarri dira.
Herri txikian bizitzeak abantaila ugari ditu, baina baita desabantailak ere, eta horien artean nabarmenena zerbitzu falta izaten da. Herri txiki batek ezin ditu herri handi batek eskaintzen dituen zerbitzuak eskaini, ez behintzat neurri berean. Osasun, kultura, kirol, merkataritza eta ostalaritza aldetik erren geratzen dira gehienetan, udalek horien alde ahalegin handiak egin arren. Zerbitzu batzuen kasuan, osasunean adibidez, ezer gutxi egin dezakete, gainera, goiko erakundeen menpe daudelako. Kulturan, eta batez ere kiroletan, ekonomia izaten da oztoporik handiena, azpiegiturek gastu handiak eskatzen dituztelako. Merkataritzaren eta ostalaritzaren alorrean, ordea, badute eskuhartzeko aukera handiagoa, eta horren adibide dira herri batzuetan dauden dendak eta, batez ere, ostatuak.
Ostalaritza zerbitzurik ez duten herri txikiek badutenek baino arrisku handiago dute hutsik geratzeko, taberna eta jatetxe horiek herritarren topaguneak eta bizitza soziokulturalaren motor direlako. Horregatik, udalek interes berezia izaten dute ostatuak zabalik mantentzeko, eta horien alokairuarekin lortu dezaketen irabazi ekonomikoaren aurretik, herritarrei zerbitzu bat eskaintzea jartzen dute.
Hainbeste entzun den Espainia hustuaren fenomenoa salatu izan duen Teruel Existe alderdi politikoak husten ari diren herrien salbaziorako ezinbestekotzat jotzen ditu ostalaritza zerbitzu txikiak, izan publiko izan pribatu, eta horien aldeko aldarria eta defentsa egin berri du Espainiako Kongresuan, lege proposamen bat aurkeztuta. Ekonomia sozialeko entitate izendatu nahi ditu, diru laguntzen bidez zerbitzu horien biziraupena, eta luzapenez baita herriena ere, ziurtatzeko. Ekonomia sozialeko entitate horien barruan kokatuko lirateke udal ostatuak ere, herri txikienetakoak behintzat.
Zorionez, Goierrin ez da herrien husketa gertatzen ari Espainiako hainbat tokitan bezala, baina ostatuak zaindu behar direla ezin da ukatu. Goierrin, badaude batzuk, hamabi guztira, Araman, Ezkion, Gabirian, Itsason, Itsasondon, Mutiloan, Olaberrian, Zegaman eta Zerainen. Batzuk taberna eta jatetxe dira bakarrik, beste batzuk zerbitzu gehiago eskaintzen dituzte, herriko eskolako ikasleentzako jangela ere badirelako, denda txiki bat ere badutelako, edo logelak alokatzen dituztelako.
Herrietako bihotza
Ostatuak herri txikietako bihotzak dira, eta herritarrentzako bizigarriak, «bigarren etxea», kafea, salda eta pintxoa edo ardo trago bat hartzeko biltzen diren lekua, bizilagunekin elkartzeko lekua. Herri askotan, gainera, ostalaritza zerbitzu bakarra dira.
Baina herritarrei zuzenduta bakarrik ez, kanpotarrei begira ere lan egin dute, azken finean, negozioak direlako, eta errentagarritasun minimo bat ere nahi dutelako arduradunek. Udalak jabetuta daude, eta ahalegin handiak egiten dituzte errentagarritasun horren alde, errenta txikiak eskainiz adibidez, eta ostatuak behar bezala prestatuz. Horregatik, gaurko ostatuek itxura modernoa eta atsegina dute, ondo hornituta daude eta eskaintzen duten zerbitzua ere parean doa, eta kalitatezkoa da. Esan daiteke Goierrin, eta inguruko herrietan ere, ostatuak balioan jarri direla azken urteetan.
Goierriko ostatuak
Goierriko bederatzi herritan daude udal ostatuak, hamabi guztira.
- Arama, Toki Alai Ostatua: taberna eta jatetxe zerbitzuak (Maider Carceller-Elixabete Garcia, 943 88 89 53)
- Ezkio, Argindegi Ostatua, herrigunean: taberna eta jatetxe zerbitzuak (Josu Landa, 943 72 02 67)
- Ezkio, Topa Ostatua Santa Lutzi auzoan: taberna, jatetxe, denda eta eskolako jangela zerbitzuak (Margari Arruti, 943 72 95 37)
- Gabiria, Gabiriako Ostatua: taberna, jatetxe eta eskolako jangela zerbitzuak; bertako produktuak eta herriko artisauen lanak saltzeko denda (Mikel Asurabarrena, 943 88 79 13)
- Itsaso, Itsasoko Ostatua: taberna eta jangela zerbitzuak (Manu Hernandez, 943 88 03 15)
- Itsasondo, Kaxintane: taberna eta jatetxe zerbitzuak (Rosi Noguera, Maite Irastortza eta Jorge Gorrindo, 606 75 65 51, 943 88 76 14)
- Mutiloa, Mutiloako Ostatua: taberna eta jatetxe zerbitzuak, eta logelak (Joseba Baez, 943 80 11 66)
- Olaberria, Zezilionea Ostatua, herrigunean: taberna, jatetxe eta hotel zerbitzua (Rubio familia, 943 88 58 29)
- Olaberria, Ihurreko Ostatua, Ihurre auzoan; taberna eta jatetxe zerbitzua (Francisco Peña, 943 09 25 89)
- Zegama, Zegamako Ostatua: taberna, jatetxe eta hotel zerbitzuak (Eduardo Cuesta, 943 80 10 51)
- Zerain, Zeraingo Ostatua: taberna eta jatetxe zerbitzuak (Aiert Izagirre, 943 80 17 99)
- Zerain, Mandio Ostatua: taberna eta jatetxe zerbitzuak (Marilu Aizpeolea, 943 80 17 05).