Koro Bosque Otegi (Itsasondo, 1964) da Ordizia Rugbi elkarteko lehendakari berria, klubaren historiako lehen emakumea izango dena kargu horretan. Lan talde «berritu eta sendoa» du alboan, lanerako «gogotsu» datorrena. Bi hilabete dira kargua hartu zuela, eta taldearen egoeraz, erronkez eta ilusioez mintzatu da. Ordizia Rugbi elkartearen 50. urteurrenerako ospakizunak ere aurreratu ditu.
Ordizia Rugbi elkartearen lehendakari kargua hartu berri duzu. Nola zaude kargu berriaren aurrean?
Ilusio handiarekin. Beldur pixka batekin ere bai, beldurra edo… errespetua gehiago, lanak ondo egin nahi baititut eta etorriko diren erronka berriei aurre egiteko maila erakustea da espero dudana. Baina batez ere ilusio handia dut, eta lanerako gogo handia.
Erabateko ezustekoa izan zen karguaren proposamena eta hasiera batean inpresio handia egin zidan. Baina buelta batzuk eman ondoren, azkenean aurrera esan nuen. Duela urte asko klubaren inguruan nabil, eta uste dut aukera bikaina dela.
Ordizia rugbiko historian lehenengo emakume presidentea izango zara…
Eta estatu mailan bigarrena. Sanboi taldeko lehendakaria ere emakumezkoa da, Aurora Bravo. Kirol munduan, egia da emakume gutxik betetzen dugun kargua dela, baina poliki-poliki hori ere aldatuz joango gara, eta Ordizia rugbik mugarri berri bat jarri du horretan ere.
Profesionalki, zertan aritzen zara?
Komertzial lanetan ari naiz. Basoa banaketak enpresa izan nuen eta duela 4 urte Txomin Zubeldia edariak enpresan integratu ginen.
Eta errugbirako afizioa, nondik datorkizu?
Alabagatik datorkit. Alaba ez bazen errugbian jokatzen hasiko, seguru, ni ez nintzela gaur egun naizen zalea izango. Maialen hasi zen errugbian umea zela.
Alabarengatik hasi zinen errugbia ezagutzen… Trevijanoko garaietan?
Ai! Ze lokatzak! [barre egiten du]. Momentuan zegoen errugbi zelarik onena zen, baina euria egiten zuenean… A zer nolako ikuskizuna eskaintzen zuten! Maialeni debekatuta nion lokatzarekin etxera etortzea, eta ibiltzen zen botak eta arropak mangerarekin garbitzen etxean sartu aurretik, zeren bestela hondatzen ziren garbigailua eta denak.
Nolako oroitzapenak dakarzkizu Trevijanok?
Ez zegoen gaur egun bezalako harmailarik. Zegoen harmail txiki bat, baina han denak zeuden gu hemen eta zelaia hor. Beraz, zaleak geunden jokalarien gain-gainean. Kristoren giroa izaten zen!
Bazen neska talderik orduan?
Taldeko neska bakarra zen, eta mutilekin jokatzen zuen. Beste garai batzuk ziren; azpiegiturak ere ez ziren gaur egungoak bezalakoak eta aldagelei dagokienez, arbitroaren aldagelan aldatzen zen, eta bera ateratzen zenean sartzen ziren arbitroak.
Garai hartan, umea zen Maialen, eta iritsi zen momentu bat esan ziotela ezin zuela jokatzen jarraitu, ez baitzegoen nesken talderik, eta Donostiara joan zen jokatzera. Beste urtebete pasa zuen han. Eta gero, Gasteizko Gaztedin jokatu zuen, beste pare bat denboraldi edo.
Normalean, amek, seme-alaben trasteak-eta gordeta izaten dituzue. Gordeta al dituzu garai hartako Maialenen botak, kamiseta…?
Garai hartako Maialenen kamiseta enmarkatuta dago eta bere tabernan, Kukuharrin, paretan dago zintzilik. Bigarren kamiseta, arrastoduna zena, klasiko horietakoa, hori zen berak erabiltzen zuena. Eta jangelan, argazki batean dago bera, Iñigo Navarrorekin-eta, mele batean.
Nesken taldea osatzea beti kostatu izan al da?
Garai desberdinetan izan dira, baina bai, gehiago kostatzen da. Duela urte asko, lehen nesken taldea izan zenean, ez zegoen torneorik neskentzako. Egiten zuten ahal zutena. Azken urteetan ere egin dira hainbat saiakera, eta hasiera batean bai, indar pixka bat izan zuen baina gero hori ere beherantz joan zen. Agian klubak ere ez zuen behar besteko indarrik egin horrek funtziona zezan, eta galtzen joan zen.
Eta orain?
Orain saiakera berri bat egin dugu, eta izango da klubaren erronketako bat, hori, eta hurrengo urteetan neska gehiago hurbiltzea ere, haurrengandik hasita gainera. Aurten bazegoen hemen taldea ateratzea, baina justukoa izango zen. Kontutan izan behar da lesioak-eta edozein momentutan iristen direla, eta komeni dela jokalari kopuruari begira, talde handixeagoa osatzea.
Bera-Berarekin hitzarmena egin dugu, bi taldeak bat eginez. 15-16 neska Ordiziakoak dira, eta beste horrenbeste, Bera-Berakoak. Uste dut sortu dugula oso talde polit bat. Orain, Euskal A ligan hasiko dira eta gure asmoa edo ilusioa da, hurrengo urteetan Ohorezko maila A-n jokatzen egotea.
Nesken taldeaz gain, zeintzuk izango dira zuzendaritza talde berriaren erronka nagusiak?
Harrobiari dagokionez, oso garbi dugu, azpiko mailetatik hasi behar dela lanean, harrobi sendo bat izatea delako etorkizuna. Zoragarria izango litzateke, ohorezko mailan, etxeko jokalariez osatutako taldea izatea. Inguruko eskoletara joaten jarraituko dugu, errugbi eskola indartzen jarraituko dugu, haurrei begirako ekintzak antolatuko ditugu… guztia, txikienen artean errugbia sustatzeko helburuarekin. Denbora inbertituko dugu, haurrak errugbira gerturatzeko.
Lehenengo taldearekin, zein da norabidea?
Play Off-etan sartzea izango da Ampo Ordiziaren helburua. Koparekin eta ligarekin ere amets egiten dugu, amets egitea librea baita. Zalantzarik ez dut gure mutilek egingo dutela ahal duten guztia lehenengo postuetan ibiltzeko. Lanean ari dira jada, lan polita egiten ari dira, eta ez dizkiegu gauzak erraz jarriko aurkariei.
Ohorezko mailako taldeari dagokionez, aldaketa dexente izan dira.
Etxeko jokalariak protagonismoa hartzen ari dira, eta orain, taldearen oinarria egin eta taldea egonkortu behar da; iaz entrenatzaile berria ere sartu zen aldaketa handia suposatu zuena. Aro berri bat hasi zen iaz, eta hori dena bateratu arte, denbora bat behar da.
Filosofia aldaketarik ekarriko du lehendakaritza aldaketak?
Filosofia, orain arteko berdintsua izango da. Uste dut, klub honen barruan gaudenok, matizak egon litezke, baina orokorrean, filosofia antzekoa dugula. Zuzendaritza talde berriarekin izango den aldaketa handiena izango da, jende gehiago gaudela lanerako eta lan egiteko modua aldatuko dela. Lan talde txikiek ezin diote behar guztiei behar bezala heldu, eta orain, lan talde sendoa dugu, eta klubaren alde lan egiteko gogotsu gaude gainera.
Nola egingo duzue lan?
Bloke desberdinetan lan egingo dugu; talde teknikoa, talde ekonomikoa, komunikazio taldea, arlo soziala… Baina guztiak koordinatuta egongo gara. Lan talde handi bat izateak, lan banaketa ahalmentzen du, eta uste dut, asmatu dugula.
Zer da momentu honetan gehien indartu behar dena?
Bazkideak behar ditugu, bai ala bai. Babesleak ere behar ditugu, eta inguruko enpresen babesa ere behar dugu. Erakunde publikoen laguntza handiagoa ere bai; azken finean, estatu osoan Ordiziaren izena zabaltzen ari gara, gure herria, gure eskualdea, gure kultura aldarrikatzen. Kontutan izan behar da gainera, Ohorezko mailan, gure lurraldeko talde bakarra garela, eta kirol mailan beti nahiko goian ibili izan garela, inbertsio handiak dituzten taldeen pare. Denon babes handiagoa behar dugu, taldea indartze aldera.
Beste klub batzuekin dituzuen harremanez; uda honetan, Hernani taldearekin tira-birak izan dira. Nola geratu da auzia?
Gai hori itxitzat ematen dugu eta ez diogu buelta gehiago eman nahi. Ordiziaren aldetik ez dugu harremanik moztu, eta haiei ere jakinarazi diegu, ateak irekita dituztela. Konfiantza handia dugu, gauzak bere onera bueltatuko direla, gaur ez bada, bihar, eta guk ez dugu inorekin harremanik moztu. Guk bere garaian azaldu genuen gure politika zein zen eta zertarako, eta ez dugula ezer txarrik egin, beraz, lasai gaude. Beti izan ditugu beste euskal talde batzuetako jokalariak eta gure jokalariak ere joan izan dira beste talde batzuetara, inongo arazorik suposatu gabe.
Urteurrena baduzue. Aurtengoa borobila izango da, 50 urte bete ditu klubak. Nola ospatuko duzue?
Urriaren 28ko partida berezia izango da. Izan ere, 1963 urteko urriaren 28an jokatu zen Ordizia Rugbiren historiako lehen partida. Datorren hilabetean, egun horretan, Ohorezko mailako taldeak, etxean jokatuko du, eta festa handi batekin ospatuko dugu. Den-denak gonbidatuta zaudete.
Gainera, urtean zehar ere egingo ditugu beste hainbat ekintza; beteranoen partida bat antolatu nahi dugu ekaina alderako, neskek ere jokatu dute torneo bat… Oraindik, ez dugu guztiz itxi urteko agenda.
Laster hasiko den ligara begira…zein da irakurleei bidaltzen diezun mezua?
Beraien beharra dugula. Guk, gure aldetik, ilusio guztia jarrita dugu, baina guztion babesik gabe, zailagoa izango da. Proiektu polita ari da sortzen, eta orain, behar dugu, denok bultza egitea.
Gereziondotik atera den sagardoa
Jaiotzez Itsasondokoa, baina 1986 urtetik, Ordizian bizi da Koro Bosque Otegi, Ordizia Rugbiko lehendakari berria. «Bi alabak hemengoak ditut, eta inor mindu nahi gabe, baina ordiziarra sentitzen naiz, Itsasondokoa baino gehiago», desenkusatu da aste honetako elkarrizketatua.
Oroitzapenen ganbarak diren argazkien artean, ondoko arbola hau ageri den irudia aukeratu du Bosquek. Gereziondoa da, udaberri aldean gerizpe zoragarria egiten duena. Argazkia erakutsi eta emoziotik mintzo da; «oso argazki pertsonala da, zeren hau da, nire aita dagoen tokia». Altamirako tabernatik, elkarrizketa egiten ari garen txokotik ikusten da, «Goikogainen dago», dio besoa norantza hartan luzatuz. «Nire amaren jaiotetxetik gora dago, eta inguru horretara askotan joaten ziren nire gurasoak, nire alabekin, mendira joaten zirenean». Gereziondo haren bueltan, oroitzapena oroitzapenaren ondotik; «han, gertu, gerizpean esertzen zen aita».
Gereziondo horretatik atera da Otegi 4 eta 7 sagardoa. Badu nolabaiteko azalpena, hasiera batean arraroa badirudi ere. Bosquek Basoa banaketak zuenean, Migel, aita, zenduta zegoen jada, eta urteetan bai aitak eta bai amak –Maria Pilar Otegi– emandako laguntza guztia eskertzeko modua izan zen, «Urbitarteko Demetriorekin hitz egin eta sagardo bat ateratzea, Otegi 4 eta 7 deitu geniona».
Sagardo botila horren etiketan, ondoan dagoen argazkia ageri da, aitaren omenez. Sagardoaren izena, Otegi, amaren abizena da. Eta, 4 eta 7, berriz, «lehenengo kupasa egin genuenean, laugarren eta zazpigarren depositoetako sagardoak nahastu genituelako». Gurasoen omenez eta familiaren balioa nabarmenduz, topa egin nahi izan du Bosquek.