Euskal errepublika?
Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Asteartean 95 urte bete ziren, Eibarren, II. Errepublika aldarrikatu zenetik. Monarkiaren amaiera eta beste gizarte antolaketa bat eragin zuen 1936ko uztailaren 18an Espainiako armadak estatu kolpe faxista eman arte.
2017ko inkesta baten arabera, gipuzkoarren %84k nahiago zuen errepublika, eta lehenengo postuan gelditu ziren estatu osoan. Bizkaia bigarren eta Nafarroa eta Araba, berriz, laugarren eta bosgarren. Emaitza horien arabera hego euskal herritarren gehiengoa monarkia sistema amaitzearen aldekoa da, orduan? Datuei erreparatuta baietz dirudi.
Bizitzako eguneroko joeretan geruza eta ardatz asko gurutzatzen dira. Pentsakor daramatzat egun batzuk, elkarren kontra etzanak eta kontra esanak orekatu nahian. Iritzi bat sortu dut, leiho honi esker partekatuko dudana. Arriskua eta ardura nire gain, lasai, politika eta kirola nahastea okurritu zaidalako.
Sevillako La Cartuja estadioan jokatu diren gizonen futboleko Espainiako Errege Kopako azken finaletan, 2019-20 denboralditik 2025-26ra, bost aldiz izan dira euskal taldeak, hirutan Athletic, bitan Real Sociedad eta behin Osasuna. 2021ean Realak altxa zuen kopa eta 2024an, berriz, Athleticek. Espainiako erregea izan zen saria eta bostekoa eman zizkiena.
Bihar, Realak jokatuko du finala bertan. Sukar txuri-urdina deitu diotena gaitz endemikoa ote den. Euskal irrati-telebista publikoetan programazio berezia, EITB Mediako 30 profesionaletik gorako lantaldea Sevillan, xehetasun oro bertatik bertara emateko. Hori gutxi balitz, banderola txuri-urdinak jartzeko deiari erantzun jendetsua balkoitik trapuak eskegiz. Errematatzeko, erakunde publikoak pantaila erraldoiak jartzen herriz herri. Goierrin, gugandik gertuen, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan, behintzat, iragarri dituzte.
Koloreak sentitzea dela, ametsa (er)Reala dela eta kirol ikuskizunaz gozatu behar nukeela esango didate. Hori aukera bat izan liteke, baina ez bakarra, eta ezta denona ere.
La Cartujan, 1999an, Munduko Atletismo Txapelketako inaugurazio ekitaldian, Giraldillaz mozorrotutako bi solidario kirol ekitaldiaren inaugurazio galako eszenatokian sartu ziren. Soinean Euskal Herriko mapa zeukaten banderolak zeramatzaten, presoak Euskal Herriratzeko eskatuz. Hori guztia 60 telebistak zuzenean eman zuten. Antzeko irudi eta aldarriren bat balego berdegunean, gaitzerdi, Espainiako ereserkiari, Espainiako estatuari eta monarkiari gorazarre egingo dion ekitaldian.
Ez da futbola soilik. ■
