«Itsasoari buruz ezer ez nekien, ezta igerian ere»
Ternuako itsasoan bakailao arrantzan lan egin zuen Iñaki Auzmendi Larrarte ordiziarrak (Ataun, 1934), 1953tik 1957ra. Lan gogorra bai, baina orduan lehorrean pentsaezinak ziren aukerak ere bazituen.Goierritar ugarik lan egin zuten bakailao arrantzan, 1940ko eta 1950eko hamarkadetan. Bitxitasun horren ikerketa burutzen ari da Xabier Iberoaga Garmendia itsas kapitain lazkaotarra, eta luzea zen Goierriko marinelen zerrenda egunez egun ari da luzatzen. Iñaki Auzmendiren testigantza, 92 urterekin, langintza haren testigu eta berriemaile pribilegiatua da.
Zenbat kanpaina egin zenituen itsasoan?
Bost. Hiru egin, eta soldadu joan nintzen. Soldadutza urtebetean bukatu nuen, Pysbek Gobernuarekin kontratua eginda zeukalako, eta beste urtebetea itsasoan pasatu beharra geneukan marinelek. Hura pasatu, eta laugarren bidaian joan nintzenean, besoa hautsi nuen, barkuan erorita. Saint John’s Newfoundlanden (Kanada) ospitalean egon nintzen; hemen [eskuin besoa seinalatuz] daukat seinalea.
Ataundar bat itsasoan…
Ataunen bizi izan naiz gutxiena. San Martinen, Batzokian jaiotakoa naiz. Aita hango kontserjea zen. Familian bigarrena naiz ni, eta mutikotan Gaztelun egon nintzen, gainera, osaba-izebarenean. 13 urterekin etorri nintzen, eta 14 urterekin Ordiziara joan ginen. Baina Ataunen jende asko ibili zen orduan itsasoan, Ordiziakoak ere bai…
Nolatan aurkitu zenuen itsasoko lana?
Ni 18 urterekin joan nintzen, 19 egiteko. CAFen ibili nintzen 14tik 18ra, arotzerian. Ez nuen nahi ofizio hura. Aita, anaia, lehengusuak, osabak eta denak Perfiletan neuzkan, eta hara aldatuko nindutela, baina ez ninduten aldatzen. 3. mailako ofizial egin nindutenean, nazkatuta nengoen. Ataungo alkatea, Ramon Lasa, zegoen orduan arotzerian lanean, eta hari esan nion: «Jakin dut Ataundik eraman duzula lehen jendea itsasora». «Etxean uzten al dizute?», galdetu zidan. «Jada 18 urte eginda nago e!», erantzun nion. Segituan egin zidan Pysbera joateko bidea. Donostiara eraman ninduen, Ramon Maria Lili kaleko bulegoetara. Ataungo jendea Ramon Lasaren bidez joaten zen Pysbera.
Lehenengo bidaiak zein itsasontzitan egin zenituen?
Tifon-en hiru bidaia egin nituen. Ferrolen geratu zen nik hirugarrena egindakoan, konpontzeko. Eta gero, aurreneko bidaian, Lasa kapitain zela, Terranovan barku portugaldar batek jo zuen eta 11 minutuan hondoratu zen. Denak salbatu ziren, ez zen ezer ere pasatu.
Itsasoaz zerbait bazekizun?
Ezta ezer ere! Igerian ere ez nekien, eta oraindik ez dakit, ez nuen ikasi. Itsasoan zebilenik ere ez nuen inor ezagutzen. Joan nintzen, eta han ezagutu nituen batzuk, Ataungoak eta.
Besoa hautsi zenuela esan duzu.
Soldadutza Itsasoko Infanterian egin Ferrolen, eta handik etorritakoan Tornado barkuan joan nintzen itsasora. Lanean ari nintzela, irrist egin, erori eta eskuineko besoa hautsi nuen, ukondotik gorago. Barkuan ez zegoen medikurik, baina Pysberen flotan bai, konpainiakoa. Bakarren bati zerbait pasatzen bazitzaion, segituan abisatu, eta trasbordoa egiten zen. Ospitalera eraman ninduten, ebakuntza egin zidaten, eta hamar egun egin nituen. Oso ondo egon nintzen, baina han ingelesez egiten zuten, eta nik ez nuen ezer ulertzen. Bermeoko sukaldari bat tokatu zitzaidan han, Santaderreko konpainiako barku batekoa. Ospitaletik irten, eta galiziar bat eta biok itzuli ginen: gauez trenean Gander-eko aireportura; gosea guk, eta tabernan ez genekien nola eskatu. Halako batean, urdaiazpikoa arrautzekin ikusi genuen, eta orduan bai! ‘More, more!’ [gehiago, gehiago!] eskatu, eta bina errazio jan genituen. Hegazkinean ere afaria atera ziguten, baina guk goserik ez ia.
Zein kapitain izan zenituen?
Batean, [Pedro] Lasa. Aurrenekoa ez naiz gogoratzen, edade handiko donostiar bat zen. Eustaquio Arrinda lazkaotarra ez zitzaidan tokatu, ni joaterako erretiratuta egongo zen. Lazkaokoa zuen emaztea, eta haren medioz joaten zen jendea Lazkaotik.
Zer lan egiten zenuen itsasontzian?
Aurreneko bidaian mutil edo mozo joaten zara: arrainak garbitu, burua kendu eta mahaira igo. Hirugarren bidaian jada zatitzaile [tronchador] jarri ninduten: arraina ireki, hezurra kendu, eta aska batera bota… Horrela egin nituen azkeneko hiru bidaiak. Bodegan gatzatzaileak egoten ziren.
Kanpainak edo itsasaldiak egiten zenituzten. Urtean, zenbat?
Urtean, bi kanpaina. Aurrenekoa 1953ko otsailaren 14an irtenda joan nintzen, eta Santiago bezperan [uztailak 24] etorri ginen. Hamabost-bat egun egon ginen hemen; bakailaoa hustu, gatza, gasolioa eta jatekoak sartu, eta berriz itsasora. Eguberrietarako etorri ginen gero. Urteko aurreneko bidaia bost-bat hilabete, eta bigarrena lau hilabete edo gehixeago. Hala izaten zen.
Zer moduz etsi zenuen?
Beno, aurrenekoa nahiko zorabiatuta, joateko bidaian. Orduan bide bat harrapatu banu, igual etorriko nintzen korrika! Pasai San Joanen geneukan basea, eta Ternuako Banku Handietara joaten ginen. Saint John’s Newfoundlandera iristen 9 edo 10 egun pasatzen genuen. Han arraina gutxitzen zen garaian, batzuetan Labradorreko penintsularaino igotzen ginen, beste hiru-bat eguneko bidaian. Han hotz egiten zuen! Gero, Groenlandiaraino iritsi zirela uste dut, baina ni ez nintzen ailegatu.
Bost hilabetean, lurrik zapaldu gabe?
Hilabete eta erdi edo bi hilabete pasatzen genuen arrantzan, eta portura joaten ginen orduan, ikatzaldia [carbonada deitu dio] egitera. Gasolioa, gatza eta janariak hartzeko bizpahiru egun egon portuan, eta berriz ere arrantzara. Batzuetan bi ikatzaldi egiten genituen, baina lau hilabeteko kanpaina baldin bazen, bat bakarra.
Ikatzarekin ibiltzen al ziren barkuak?
Pysberen aurrenekoak bai [1927an sortu zuten enpresa], ikatzezko baporeak ziren, baina gero aldatu zituzten eta gure barkua gasolioarekin ibiltzen zen. Bai Tifon, eta Tornado ere bai. Galerna eta haren kideak izandakoak ziren ikatzarekin. Pysbek orduan 16 bat barku edukiko zituen, denak haizeen izenekin. Bat edo beste bazegoen bestelako izenekin; Euskal-Erria izenarekin bazegoen oraindik bat.
Leku jakinak zeuden arrantzarako?
Bai, Ternuako Banku Handia. Hori famatua zen. Gu behintzat beti portu berera joaten ginen. Pysbeko beste barku bikote batzuk Saint-Pierre eta Mikeleuneraino ere joaten ziren. Behin Halifax-era joan ginen.
Bakailaoa bakarrik ekartzen zenuten?
Bai, bakailaoa bakarrik. Eta tamaina jakin batekoa bakarrik aprobetxatzen genuen, gainera. Beste gainontzekoa berriz ere itsasora botatzen zen, dena. Zer galera egoten ziren orduan! Arrantzan boladak izaten ziren sarea bota, bi ordu arrastan ibili, sarea bildu, eta 100 tona igual etorriko ziren. Eta zer aprobetxatuko zen? Igual 2 edo 3 tona bakarrik. Beste dena, itsasora berriz.
Zenbat arrain ekarri ohi zenuten?
1.000 tona bakailao. Barkuak gehieneko hori zeukan. Gehienean gutxiagorekin etortzen ginen. Arraina orduan ondo hartzen zen, baina gero bajatzen hasi zen. Horregatik hasi ziren Groenlandiaraino igotzen, gero eta urrutirago.
Nolako lan-txandak egiten zenituzten?
Aurreneko bidaietan 12 orduko guardiak egiten ziren, gero jarri ziren 6 ordukoak. 12 ordu horietan sarea arrainarekin ateratzen bazen, lanean segitu beharra zegoen. Sarea botata egoten zen denbora, bi ordu ingurua, izaten zen jateko denbora.
Zer teknika erabiltzen zenuten?
Arrastrea. Urte batean, izotz bloke handi bat etorri zen, eta haruntza joan eta bueltan ibiltzen genuen sarea. Arrainez beteta hartzen genuen han. Kanalen bat edo zegoen han.
Barkuko eskifaia zenbatekoa zen?
65 lagun, Tifon-en eta Tornado-n. Besteak, Galerna eta horiek, ikatzarekin ibilita nola zeuden, txikixeagoak ziren. Baina hor ere 60 bat joango ziren. Jende asko ginen. Hiru arrantxotan banatzen ginen marinelak; arrantxo bakoitzeko 15 lagun ginen, denera 45. Gero, makinetako jendea, sukaldariak… jende gehiago behar zen.
Barkuko bizimodua nolakoa zen?
Barkuan lagunak egiten ginen, nola 24 ordu elkarrekin geunden… Goizean 6etan jaiki, eta lehenak gosaltzeko arrantxoa ekartzen zuen sukaldetik, kafea edo. Gero, jatekoa gehienetan marmitako erakoa izaten zen: arraina patatekin. Hemendik joandako garaian haragia aurreneko egunetan pixka bat izaten zen, baina gero jada arraina. Irratia gehienek eramaten genuen, eta hura aditzen. Gutunak idazten genituen etxera, portura joaten ginenean. Bakarren batzuk hartzen genituen, baina besteak ez ziren ailegatzen.
Laneko baldintzak, zer moduzkoak?
Gogorrak. Itsasoa txarra baldin bazegoen ere arrantzan ibiltzen ginen; maniobra egiteko garaian, zer olatu-kolpe sartzen ziren eta… Gogorra izaten zen, eta arriskua ere bazegoen. Kubierta gainean egiten genuen dena. Olatuak ikaragarriak egoten ziren; palankana batean intxaur azala nola ibiltzen da? Halaxe ibiltzen ginen. Denboralea ailegatzen zen garaian, popan jarri eta alde egin behar inguru hartatik, igual egun bat baino gehiagoan, gero bueltan etorri eta berriro arrantzan egiteko. Ihesi egiten genion denboraleari; sarea jaso, eta ekaitzaren erara joaten ginen. Ezer larririk ez zitzaidan parean tokatu.
Zuretzat, gogorrena zer zen?
Denera egiten zara. Astoa nola egiten da egurrari? Igual-igual egiten ginen gu ere. Arrantza etortzen baldin bazen, ondo; etortzen ez baldin bazen, baita ere: festa.
Eguraldi-baldintzak nolakoak ziren?
Hotza. Urte batean, portura ailegatu ginen gauean; erretiratu eta lo egin genuen, eta goizean hotza ikaragarria. Begiratzera atera, eta badia dena izotzez josita zegoen. Portura izotz bloke izugarri bat sartu omen zen. Abiazioa atera eta bonbardatu egin zuten, portuko sarrera irekitzeko. Fokak ere bazeuden. Marinel batzuek izotzetara salto egin, eta haiek harrapatzen saiatzen ziren. Gero, kapitainek negozioa egiten zutela esan zuten.
Gatzetan kontserbatzen zen arraina?
Bai, gatzetan. Izotzik eta izozkailurik ez zegoen. Bakailaoa gazituta ekartzen genuen; edo, bestela, olioa, bakailao gibelaren olioa. Depositu batzuk zeuden, eta han egiten zen olio hori. Nik behin bakailao kokotxak ekarri nituen, aparte. Debekatuta zegoen, baina estraperloa egiten genuen. Neuretzako ekarri nituen, etxerako eta lagunekin afariren bat egiteko. Gutizia goxoa zen kokotxa, garai hartan ezagutu ere ez zen egiten.
Marinelen soldatak irrikatuak ziren. Ondo kobratzen zenuten?
Aurreneko bidaia ia bost hilabetekoa izan zen, luzea, baina 5.000 pezeta eman zidaten likidazioan. CAFen, eguneko jornala 17,50 pezeta neukan. Eta itsasoko jornala gastuetatik libre zen, gainera. Hemen zeinek aurreratu zitzakeen 1.000 pezeta, gastuak kenduta? Han ere egiten genituen gastuak, tabakoa zela, edo portuan erosketaren bat. Baina hura dirua zen, 1953. urtean. Etxean ematen nuen dirua. Aita-amek Urdaneta auzoko pisua hartzeko, nire diruak han aprobetxatu zituzten. Zazpi senide ginen, eta bestela, hemengo jornalekin, nondik aurreratu?
Kanpaina bukatu eta portura iritsitakoan, zer?
Poza, eta festa! Familiako bakarren bat zain egoten zen beti, noiz etortzekoak ginen abisatzen zieten eta. Parranda egiteko ere elkartzen ginen hemen, Goierri aldeko jendea. Barkua ez genuen guk husten. Pysben, ez. Ailegatzen ginen portura, aduana pasa, eta etxera. Dirua ere segituan ematen ziguten, lehen aurreratutakoak kendu, zenbat tona arrain zegoen baloratu, eta likidatutakoan. Emakume taldeak zeuden barkuak deskargatzeko, eta gero gatza ere haiek sartzen zuten, hurrengo bidaiarako. Gatza ere 500 tona eramaten genuen. ■
Kanadan erositako kamera eta argazkiak
Autarkiatik irten ezinik zebileneko giro itxi eta txirotik, bestelako mundua ezagutu zuten Goierriko marinelek Kanadan. Iñaki Auzmendi eta etxean daukan Kodak argazki kamera bat dira lekuko. Portura joandako batean erosi zuen, eta altxorra bezala gordeta dauka, erosteko eskaintzak egin dizkioten arren. Bakailao arrantzako kanpainak erretratatu zituen, hala. Goikoa da argazki bat. Itsasoa utzi eta lehorrean geratu zenean, familiako hamaika argazki atera ditu geroztik.
«Kristalezko mediak» ziren beste opari estimatu bat etxeko emakumeentzat, Kanadan baizik lor ezin zitezkeenak. Dolar kanadarra estatubatuarra baino garestiago zegoen garai hartan. Abiadore iparramerikarrak ere joaten zitzaizkien barkura, alkohol trago bat hartzera.
Nahikoa probatu zuela iritzita, 1957ko urtarrilean erabaki zuen gehiago ez itsasoratzea. Beasaingo Indarren jardun zen beste 36 urtean, birkonbertsio batean 58 urterekin jubilatu zen arte. Jateko, bakailaoa gustuko du, baina gazitua bakarrik. «Freskoa, nahikoa jan nuen». Eta ez du gehiago nabigatu, Pasaiako txalupan itsasartea gurutzatzeko aldi bakanetan ez bada.

