Abendua hastearekin batera, urtero bezala, euskararen eguna ere bertan da jada. Abenduaren 2an, hau da, bihar, Euskararen Eguna ospatuko dute Beasainen, Aittuko gazteen ekimenez. Aurtengoa bigarren aldia da formatu honetan egiten dutena ospakizun hau eta antolatzaileak prest daude lanerako zein parrandarako.
Aittuko kide den Jone Sukiak (Beasain, 2000) aipatu duenez, joan den urteko edizioa «arrakastatsua» izan zen lehen aldia izateko eta «asko ikasi dutela» esperientzia hartatik dio, izan ere, «hobetzekoak» identifikatu ahal izan zituzten, aurtengo edizioa iazkoa baino «hobea» izan dadin. Horren adibide da aurtengo egitarauaren ordutegia. Iaz eguerdian eman zioten hasiera ospakizunari, baina aurtengoan, arratsaldean hastea egitarauarekin erabaki dute, «iaz hotz handia egin baitzuen eta honek lan handia suposatu zion antolakuntzari», beraz, arratsaldeko 19:00etan emango diote hasiera jaiari oraingoan. Aurreikuspenen inguruan galdetuta, «iaz bezainbeste» jende espero dutela adierazi dute.
Euskararen bitartez gazteengana gerturatzeko formatu «egokia» delakoan daude eta festa giroan herriko gazteak elkartzeko une «aproposa» dela diote. Hala ere, argi izan behar dela zein den jai horren «muina» azaldu du Sukiak, azken finean, ez baita jai hutsal bat, «esanahi» handiko eguna da eta hau kontuan izatea «ezinbestekoa» ikusten dute. Jaiaren bitartez «kontzientziak astintzea» ere bada helburua, euskararekiko atxikimendua «handitzearekin» eta hizkuntza «balioan jartzearekin» batera.
Egitaraua osatzerako garaian taldeak «euskaldunak» izateari garrantzia eman diote, eta horrez gain, herriko taldeak «lehenetsi» nahi izan dituzte, herriko sortzaileei «bultzada» emate aldera. Gainera, talde «potenteak» dituztela herrian diote eta hauek jendea erakartzeko «egokiak» ikusi dituztela. Taldeei jarri zaien muga bakarra errepertorioa euskarazkoa izatea izan da.
Egitaraua
- 19:00etan Joseto ta Alayak elektrotxaranga abiatuko da frontoi estalitik.
- 21:00etatik aurrera, Azken Sustraiak eta Muxutruk erromeria taldeak izango dira frontoi estalian.