Eider Amundarain • Lardizabal Herri Eskolako zuzendaria, Zaldibia
Goierrin ikastetxe bakarra edo bakarrenetakoa izango zarete, ikasgelak gehitzen ari zaretena.
Nik uste dut bakarrenetakoak garela. Inguruan galdetzen dugu, eta eskola batzuetan bi adinetako haurrak gela berean ari dira elkartzen gela bat osatu ahal izateko… Guri alderantzizkoa gertatzen zaigu. Orain ikusiko dugu datorren urtean zer gertatuko den. Haur Hezkuntzako talde guztietan desdoblea daukagu; hau da, maila bakoitzean bina gela ditugu. Lehen Hezkuntzan sei taldetatik bitan ditugu bi gela; datorren ikasturtean, hiru izango dira. Beraz, hamar mailetatik zazpitan izango ditugu bi lerro edo ikasgela.
Ikasgelak husteko joera dagoenean, zuei eskola txiki geratzen ari zaizue.
Txiki geratzen ari zaigu bai. Hezkuntza saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkariarekin harremanetan jarrita dago udala, arazoa planteatzeko.
Ikasgela bakoitzeko gutxieneko eta gehienezko ikasle kopuruak egokitu ditu Hezkuntza Sailak. Haur gutxiagorekin osatu ahalko dira ikasgelak.
Egoerara egokitzeko, eskoletako beharrei erantzuteko egin du. Baina beharbada, askoz lehenago hartu beharreko neurria zen ratioak jaistearena. Izan ere, gela batean, irakasle bat bakarrik 24-25 umerekin… ez da jasangarria. 23 ere asko dira. Baliabide pertsonal gehiago behar da. Lehenengo eta bigarren mailan, irakasle bakoitza 23 umerekin dago. 6 urteko 23 ume irakasle batentzat asko da. Alde batetik, eskatzen zaigu eraldaketa metodologiko bat, egiteko modu berri bat… baina horrek baliabide pertsonalak eskatzen ditu. Batzuetan ezin da mirarik egin.
Ratio berriekin, gutxi gorabehera zenbat ikasleko gelak edukiko dituzue?
24 ikaslerekin bi gela egin daitezke. Laugarren mailan bi hamalauko gela ditugu, 13 eta 14koak… Ratioak jaistea beti da ona. Guretzat ratioak izan beharko luke, 18-20; 18tik pasatzen baldin bazara, bi talde egitea. Hori litzateke idealeana. Gero eskola bakoitza antolatuko da, bi taldeak elkarrekin egon ala ez. Ez da erraza 23 umeei behar duten arreta ematea.
Kopuru polita da hori?
Askoz ere hobeto da. Gainera kasu batzuetan gertatzen da, bi geletako 25 ikasleak elkartzea, baina bi irakaslerekin. Horrek beste aukera batzuk ematen ditu, bakoitza bere taldearekin aparte egon beharrean, elkarrekin egiten dira dinamikak, Ko-dozentzia esaten zaiona. Aukera gehiago ematen ditu, beste era bateko metodologiak eta antolaketak egin ahal izateko gela barruan ere.
Zaldibian eskola bakarra zarete. Esan daiteke, matrikulazio kanpaina lasaiagoa izango dela?
Printzipioz hemen, bertako guztiak gure eskolara etortzen dira, beste herri batzuetan bezala. Hala ere, beti saiatzen gara daukagun onena ematen. Familiei adierazten hemen nola lan egiten dugun. Azkenean, beste herri batera joateko aukera ere badago, nahiz eta herriko bakarra izan, zure gustukoa ez baldin bada. Hemen, joeraz behintzat, herriko gehienak hona dator. Bertakoak ez diren bakarren batzuk ere etortzen zaizkigu, familia bakoitzaren egoeragatik.Garai berezia da matrikulazioarena bai. Saiatzen zara familia berriei hasierako momentutik harrera ona egiten.
Ikasgelak husten ari dira