Jaiotza tasaren beherakadak ez du etenik. Ikastetxeetan hasierako mailetan antzematen da eragina, baina urtetik urtera gainerako mailetara iritsiko da. Goierriko ikastetxeek kezkaz bizi dute, ikasgelak husten ari baitira.
Gero eta haur gutxiago jaiotzen dela erakusten dute hilabetez hilabeteko zenbakiek. Eustaten (Euskal Institutu Erakundea) datuen arabera, 2023ko bigarren hiruhilekoan, 3.205 jaiotza izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan; aurreko urteko aldi berean erregistra- tutakoa baino % 3,9 txikiagoa. Bizkaian 1.577 haur jaio ziren iaz, Gipuzkoan 1.077 eta Araban 551. Goierri ez da salbuespena, beherakada nabaria da urtez urte, ez du etenik: 2022an 502 haur jaio ziren eskualdean; 2015ean, 652an; eta 2007an 808. (6. orrian ikus daiteke 2015. urtetik 2022ra bitarteko jaiotzen datuak herriz herri).
Jaiotzen beherakadaren bilakaera horrek, eragin ugari ditu gizarteko eremu guztietan. Hezkuntzaren arloa da horietako bat, haurrik ezean, ikasgelak husten ari baitira urtetik urtera. Pasa den astean bertan, Donostiako ikastetxe batek ekainean ateak itxiko zituela iragarri zuen. Eustaten jaiotza datuen aurreikuspenaren arabera, gainera, 2032ra arteko epean, 65.500 ikasle inguru gutxiago izango dira eskolaratzeko.
Matrikulazio kanpainan
Matrikulazio garai bete-betean murgilduta daude ikastetxeak. Matrikulazioak beti izaten dira bereziak eta garrantzitsuak; are eta gehiago, gero eta haur gutxiago dagoenean. Ikastetxeei zuzenean eragiten die jaiotzen gainbeherak. Oraingoz, mailarik baxuenetan nabari da eragina, baina urtez urtez, zikloz ziklo nabarituko da.
Urretxuko eta Zumarragako Gainzuri ikastetxe publikoko Iñaki Etxaniz zuzendariak aitortu duenez, «kezkaz» bizi dute jaiotza tasaren beherakadaren bilakaera. «Orain dela urte batzuetatik ikusten dugu urtero beheraka doala eta azkeneko urteetan nabarmen behera. Eta ez dakigu nola joango den jaiotza tasaren bilakaera».
Aurten, adibidez, 2 urteko 82 haur inguru daude matrikulatzeko Urretxuko eta Zumarragako hiru ikastetxeetan. «Eduki ditugu urteak Gainzurin bertan, 80-90 ikasle eduki ditugunak. 82 ikaslerekin gela gutxi dira, eta eskola baten mantenimendua oso garestia da». Etxanizen iritziz, «honek horrela jarraitzen badu, Hezkuntza Sailak ere planteatu beharko du ikastetxe bat baino gehiago dauden herrietan ea zer gertatuko den. Ekonomikoki oso sosteniblea ere ez da. Ez dakit, eskola bat soberan egongo da?».
Horrek jakina, «plantillaren, langileen kontuan» eragiten du. Irakasleak «soberan» egon daitezke. «Ikastetxeak haurrez husteak, lanpostu gutxiago esan nahi du. Egia esanda, ikasgeletako ratioak jaitsi egin dira eta onura batzuk izan ditugu. Guk nahiago genituen gehiago jaistea, baina ratio jaitsiera horrek ere ekartzen du irakasle batzuk estabilizatzea». Ikasgela bakoitzeko gutxieneko eta gehienezko ikasle kopuruaren birmoldaketa «asko eskertu» dutela dio, «azken batean kalitatean eragiten duelako. Zenbat eta ume gutxiago izan gelan, arreta handiagoa da. Maila batzuetan bi gela egotetik hiru izatera pasatu gara. Hiru lerroko ikastetxea gara, bira gindoazen jaiotza tasagatik. Hortxe gabiltza, bi-hiru. Baina ikusten duguna da, orokorrean, ikastetxe asko linea bat galtzen ari dela. Hirukoa bira, bitik batera…».
Beasainen kasuan, 110 bat haur matrikulatuko dituzte herri lau ikastetxetan. Andramendi Ikastolako Itziar Floresen esanetan, matrikulazio kanpaina urtero «erronka bat» izaten da ikastetxeentzat, «eta orain gehikuntza bat du, jaiotza tasaren beherakadarekin». Hala ere, «geroz eta familia gehiago ditugu Goierrin kanpotik datozenak, eta horrek Beasainen orekatzen du».
Kanpotik etorriak
Izan ere, Eustaten arabera, beste datu aipagarri bat ere badago jaiotza tasaren zenbaki horien atzean: 2023ko udaberriko hilabeteetan izan diren jaiotzen % 32,1en kasuan, amak atzerriko nazionalitatea zuen. Era horretan, Floresek garbi du: «Egungo gizartean familiak oso anitzak dira, aniztasun hori naturala da, eta irakaskuntzak, eta bereziki euskararen irakaskuntzak, kontuan hartu behar du». Horretarako, geletako ikasleen ratioak jaitsi dituzten bezala, «irakasleen ratioak igotzea» beharrezkoa dela ikusten du. «Aniztasuna ere asko dago eta horri erantzuteko, behar duguna da irakasle gehiago izatea. Baina aniztasun horri erantzuteko baliabide asko kentzen ari dira hezkuntzan ere. Askotan ikastetxe bakoitzaren gain geratzen da, eta hori dena ezin du ikastetxeak bakarrik egin. Irakasleen ratioaren gehikuntzak asko lagunduko luke».
Eider amundarain
(Lardizabal Herri Eskolako zuzendaria, Zaldibia)
«Guri alderantzizkoa gertatzen ari zaigu. Haur Hezkuntzako maila bakoitzean bina gela ditugu»
Kalitatean arreta
Beasaingo La Salleko Sonia Redondoren ustez, «jaiotza tasaren jaitsiera, urte batzuetatik hona errealitatea da». Hala ere, gaineratu duenez, «Hezkuntzak ere bazekien hau dena zetorrela, eta hor beraiek erdibideko irtenbide batzuk bilatu dituzte, baina nik uste dut hemen, aukera polit bat galtzen ari dela. Jaiotza tasaren beherakada Euskadiko errealitate bat da, herri gehienetan gertatzen ari dena. Eta nik uste dut aukera polita zela geletako ratioak jaisteko eta nolabait gure hezkuntzaren kalitateari arreta gehiago jartzeko».
Immigrazioaren gaiarekin lotuta, ikasturteko edozein garaitan edozein mailatan matrikulatu daitezke ikasleak. Era horretan, Redondok argitu duenez, «2 urteko gelan sarrera garrantzitsua da noski, baina Beasain bezala herri batean ikasturtean zehar ere matrikulazioa edukitzen dugu, edozein mailetan. Aurten ere ikasle kopuru handi bat etorri zaigu maila desberdinetara».
Ataungo Joxemigel Barandiaran herri eskolan ere horixe gertatu zaie aurtengo ikasturtean, Dorleta Barreros zuzendariak jakinarazi duenez: «Nahiko harrituta gaude aurtengo fenomenoarekin: ikasturtea hasi denetik hona, zortzi ikasle berri matrikula zaizkigu. Eta hori ez da ohikoa hemen. Atauna bizitzera etorri direnak dira. Jatorria, gehienena, etorkinena da».
Ataungo egoerarekin jarraituz, Ataungo Joxe Migel Barandiaran herri eskolan ere urtetik urtera nabarmentzen ari da jaiotza tasaren beherakada: «2022-2023an asko eragin zigun. Hamabi gela izatetik bederatzi izatera pasatu ginen. LH6. mailako bi gela geneuzkan eta ikasturte hartan DBHra joan ziren, eta HH2 eta HH3 gelen kasuan, Hezkuntzak esan zigun kopurua zela eta, gela berean elkartu beharko genituela. Momentu honetan HH3 eta 4koek elkarrekin jarraitzen dute». Gainera, aldaketak etengabekoak dira: «Ratio aldaketak aurten5. mailako ikasleengan bakarrik izan du eragina . Beti aldakorra izan da gela hori. Kopuruagatik beti bi gela izan dira, baina LH4 pasatu ziren gela bat izaten, eta orain ratio berriak aplikatu dituztenez, orain bi gela dira berriz». Aurtengo egoeran, «arreta askoz ere hobea» ematen zaiela ikasleei uste du: «Laugarren mailan zeudenean 24 ikasle egon ziren gela batean, eta orain, 5. mailara pasatu direnean, matrikulazio berri bat ere izan dugu, 25 dira bi gelatan banatuta. Bat, 12koa eta bestea 13koa. Beraz, irakasleek eman dezaketen arreta askoz ere zuzenagoa da».
Aurten ikasturtera hamahiru haur egongo dira Ataunen matrikulatzeko. «HH2ko gela bat ziurtatuta dago aurten. Iaz hamar bakarrik izan genituenez, egun erdiko irakasle baten laguntza galdu egin genuen. Aurten 13rekin, laguntza berreskuratzeko aukera izango genuke, 12 ikasle baino gehiago eduki beharko direlako horretarako», gaineratu du Barrerosek.
Berrantolaketa orokorra
Amaitzeko, Floresek ondorengo hausnarketa egin du: «Gizarte mailan dagoen aldaketa orokor horretan, hezkuntzak ere eman behar dio erantzuna. Berrantolamendu orokor bat dator gizartean, eta gu ere hor barruan gaude, hezkuntza ez da salbuespena. Gizartearen isla dira ikastetxeak. Eta aurre egin beharko diogu beste modu batean, gizartea aldatzen ari delako».
Zeraingo herri eskolaren egoera
Zerainen 2 urtetik 7-8 urtera bitarteko (Lehen Hezkuntzako bigarren maila) hezkuntza eskaintzen dute.3. mailan Segurara joaten dira. Momentu honetan, 11 ikasle dabiltza. «2018-19 ikasturtean 21 haur geneuzkan. Nik uste, egon garen zenbaki gorrienak bizitzen ari garela», dio Elixabet Jauregi zuzendariak.
«Egia da, herrira gazteak datozenean gorakada bat izaten dela jaiotzetan, eta momentu honetan geldialdi bat bezalakoa dago. Ez dakit ondorengo etorkizuna zein izango den. Zeraingo kasuan urtero haur bat edo bi jaiota, mantenduko litzateke eskola. 2023a emankorra izan da, adibidez, lau jaio dira. Baina urtea joan, urtea etorri, haurrik ez jaiotzeak, seguruenik, epe motzera eskolaren itxiera ekar dezake. Eta behin itxiz gero…».
RATIOAK
Ratio berrien aldaketa pixkanaka egingo da ikastetxeetan.
- Diru publikoarekin mantendutako ikastetxeetan
- Gutxienez 11 ikasle beharko dira ikastalde bat osatzeko, salbu eta ezinezko bada elkarren segidako beste adin bateko ikastalde batekin bateratzea.
- Gehienezko kopuruak:
- 2 urtekoen gela: 18 ikasle
- Haur Hezkuntza (bigarren zikloa): 23.
- Mailak bateratzen dituztenean
- Maila desberdinetako ikasleak eta ikastaldiak bateratzen direnean.
- 2-3 urtekoen gela: 18 ikasle
- Gainerako mailetan: 20 ikasle
- Hiru adin desberdinetako ikasleak: 15
- Hiru adin desberdinenko kasuan: 12
- Maila desberdinetako ikasleak eta ikastaldiak bateratzen direnean.
- Itunpekoetan
- Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, taldeak osatzeko gutxieneko ratioa 17tik 13ra jaitsi da.
- Gehienezko kopuruak: 2 urteko gelan, azkeneko bi urtean izandakoa ikasle kopuruaren araberakoa. Gehienez, 25 ikasle
- Haur Hezkuntza: 25 ikasle