Mikel Etxeberria • Aranzadi Botanika saileko kidea
Udazkena, izatez, garai gogorrerako prestaketa bat da. Tenperaturak jaitsi eta egunaren luzera murriztean, landareek hostoetako klorofila baliotsua berreskuratzen dute hurrengo udaberrian erabili ahal izateko.
Ezin konta ahala poeta inspiratu ditu udazkenak. Garai ederra izaten da, zeharo koloretsua; nola ez dira ba hitzik ederrenak sortuko artisten lumetan. Zuhaitzen biluztea hain gertatzen da azkar, une koloretsu horiek itzelezko miresmena sortzen baitute. Gozamen iturri hori etorri bezala joaten da, asko konturatzerako.
Udazkena, izatez, garai gogorrerako prestaketa bat da. Tenperaturak jaitsi eta egunaren luzera murriztean, landareek hostoetako klorofila baliotsua berreskuratzen dute hurrengo udaberrian erabili ahal izateko. Nekeza da konposatua sortzea, eta zuhaitz hostogalkorrek xurgatu egiten dute pigmentua hostoak bota aurretik. Klorofila hori bera da, hostoei kolore berdea ematen diena. Horregatik geratzen dira agerian gainerako pigmentuak, horiak, gorriak eta okreak. Baina horrek ere ez du asko iraungo, neguaren etorrerak hostoak galtzera eramango baititu.
Badira udazkenik gabeko zuhaitzak ere, hostoiraunkorrak. Klima hotz edota beroagoetara moldatutakoak, fotosintesitik energia gutxiago atera bai, baina, hostoak urte osoan mantentzen dituztenak, urteko eguzki printza guztiak xurgatzeko. Arteak ditugu horren adibide nabarmen, Ataun aldera joatea besterik ez dago urte sasoi guztietan kolore beretsuko hostoak ikusteko.
Bada bestelako hostoiraunkorrik ere gurean; kanpotik ekarritakoak mende batzuk direla, arrazoi sozioekonomikoak tarteko. Horiek gailendu dira eskualde ia osoan, Aizkorri eta Aralarko magaletan izan ezik. Garai ederra da udazkena batzuen eta besteen arteko aldeak ikusteko. Begi kolpe bakarrean hauteman daiteke bertako basoen eta egur industriara bideratutako landaketen arteko aldea. Laranjak eta berdeak. Basoak eta landaketak.
Koloreak, gainera, lagungarriak izango dira lur publiko eta pribatuak bereizteko. Lur komunalean, onura kolektiboa bilatu izan da, eta horrek epe luzerako onurak lehenestea ekarri izan du. Lur pribatuetan, berriz, epe motzeko etekinak lortu nahi izan dira, luzera hainbeste begiratu gabe, eta horregatik bilakatu dira ustiaketa intentsiboko eremu. Lotu daitezke ia erabat lur publikoak bertako basoekin, natura parkeekin eta udazken koloretsuekin. Udazken arrasto faltak, aldiz, lotura gehiago du landaketekin.
Garai ederra da, beraz, udazkena. Egunsentiak eta ilunabarrak nola, hala izango baitira basoak ere. Era berean, udazken orbainak ia erregela baten zehaztasunarekin marraztu ahalko dira, eta hausnarketak bideratzeko tartea eskaini dezake. Are gehiago, udazken koloretan poemaren bat ere idatzi lezake inork. ■