Azaroaren 25ean emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko ekintzaz beteko dira kaleak eta plazak, beste behin. Gaiarekiko sentsibilitatea areagotu da gizartean, baina asko dago egiteko oraindik.
Urte hasieratik hiru emakume hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian. Maiatzaren 3an, 33 urteko emakume bat aurkitu zuten hilda Donibane Lohizuneko hotel batean indarkeria zantzuekin, eta berehala atxilotu zuten bikotekidea horregatik. Irailaren 12an, 31 urteko Yanely Gonzales erail zuen Bilbon bere bikoteak; hura ere atxilotu zuten. Eta urriaren 9an, Iruñean, 20 urteko Kayle Villar erail zuen lokal batean gizon batek. Horiez gain, Laure Zacchello 43 urteko emakumea desagertu zen ekainaren 21ean Urruñan, eta haren senarra atxilotu zuten. Uztailaren 26an, Erandioko Eneritz Argintxona 30 urteko emakumea, Costa Rican boluntario ibili ondoren Panamara joan zen, egun batzuk igarotzera, bertako uharte batean aurkitu zuten bere gorpua, eta feminizidio gisa ikerketa ireki zuten.
Emakume horiek eta indarkeria jasan duten beste milaka gogoratzeko, eta oro har hain adar zabalak eta luzeak dituen indarkeria matxistaren aurka egiteko, horren desagerpena bultzatzeko, azaroaren 25a mobilizatzeko eguna izango da mundu osoan, beste urte batez. Goierrin ere izango dira elkarretaratzeak, manifestazioak, hitzaldiak, sentsibilizazio ekintzak edota adierazpen instituzionalak.
Adar ugariko indarkeria
Nazio Batuek jakinarazi dutenez, munduan gehien hedatuta dagoen giza eskubideen urraketa da emakumeek jasaten duten indarkeria. Erakunde horrek egindako kalkuluen arabera, 736 milioi emakumek, hau da, hirutik batek, jasan du gutxienez behin indarkeria fisikoa edo sexuala gizonen aldetik. Fisikoa, sexuala, emozionala, ekonomikoa, legala… era askotakoa da emakumeenganako indarkeria. Aurpegi asko ditu; indarkeria bikarioa, proxenetismoa, trata, sexu jazarpena, soldata arrakala, bikote barruko zein kanpoko sexu erasoa, kolpeak, umiliazioa, suntsipen morala, tortura, amatasun subrogatua, pornoa… ere indarkeria matxistaren isla dira. Atzetik, gizarteak duen egiturazko arazoa dago, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen dena.
Azken aldian sortu dira indarkeria matxista existitzen dela ukatzen duten mugimenduak, batez ere Europako eskuin muturraren inguruan, baina hemengo erakundeek, Goierrikoek bederen, uko egiten diete diskurtso horiei eta tinko agertzen dira horren desagerpenaren aldeko borrokan, eta lanean. Borroka eta lan hori eskualdeko udalek eta garapen agentziek martxan dituzten prebentzio programetan, erantzun publikoko eta arreta protokoloetan eta ekintzetan gauzatzen da, besteak beste, herri mailako mugimenduekin eta elkarteekin elkarlanean.
Udaletan barneratuta
Goierrin udal guztiek dute neurri handiagoan edo txikiagoan indarkeria matxistaren aurkako pauta barneratuta, eta lanketa ugari egiten dituzte horretara bideratuta. Hasteko, azaroaren 25ari begira, adierazpen instituzionalak egiten dituzten azken urteetan, aurten mezu ukatzaile horiek salatuz. Egun horren inguruan antolatzen diren elkarretaratze, giza kate, hitzaldi, zinema saio, ipuin kontaketa saio eta bestelako jarduerekin ere bat egiten dute.
Prebentzioan ere jartzen dute indarra, eta haur eta gazteei zuzendutako programak lantzen dituzte, eskolan edo gazte txokoak bezalako elkarguneetan, baita kirolaren arloan ere. Herrietako eta bestelako jaietan ere kanpainak egiten dituzte, eta arreta guneak prestatzen dituzte. Protokoloak ere martxan dituzte hainbat tokitan, gertaera bat salatzeko, eta gertaera horri eman behar zaion erantzuna zehazteko, adibidez. Eta Ertzaintza edo Osakidetza bezalako erakundeekin koordinatuta daude.
Emakumeen Etxeen papera
Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga batzen dituen Urola Garaiko Mankomunitateak hirugarren Berdintasun Plana du zehaztuta, eta bertan kokatzen dira berdintasunaren alorrean egiten diren ekintzak eta lana, tartean indarkeria matxistaren ingurukoak. Hasteko, sentsibilizazio eta prebentziorako programa bat dute martxan lau herrietako zortzi ikastetxeetan, Urola Garaiko haur eta nerabeenganako indarkeria matxista off-line eta online: ziber indarkeriari aurre egiteko sentsibilizazio eta prebentzio estrategiak izenburuarekin. Nerabe zerbitzuekin, berriz, gaiaren lanketa espezifikoa egiten dute, eta Jabetze Eskolan ematen diren ikastaroen helburuetako bat, «bizi ditugun zapalkuntzen kontzientzia hartzea da, aurre egiteko, eta, beraz, indarkeria matxista prebenitzeko», Mankomunitateko Berdintasun saileko teknikariak diren Maitane Agirre Arrieta eta Estibaliz Ripa Saez de Maturanaren esanetan.
Emakumeen Etxeek duten garrantzia ere azpimarratu dute, «zerbitzu espezializatuak» dauzkatelako prebentzio eta sentsibilizaziorako, eta «indarkeria jasaten ari diren emakumeak identifikatzeko edo deribatzeko duten gaitasunagatik, eta premiei erantzuteko ahalmenagatik». Emakumeen Etxeen zeregin nagusietako bat emakumeak ahalduntzea dela diote, eta «horretarako, kontzientzia feminista bultzatu eta praktika feministak garatzen dira, eta landutako edukiek beste ikuspuntu bat eskaintzen dute indarkeria matxistaren aurrean kokatzeko». Gainera, informazio eta orientazio espezifikoa eskaintzen dute indarkeria egoerak gainditzen laguntzeko, eta horrela «emakumeak indartu egiten dira indarkeria matxistari aurre egiteko».
Emakumeen Etxeak «babesa eta segurtasuna eskaintzen duten espazioak dira, kontzientzia feminista pizten laguntzen dute, eta indarkeria matxistaren kutsu indibiduala ekidin eta arazo kolektibo eta estruktural gisa ikusarazten dute». Gainera, «indarkeriaren informazioa eskaini, kasuak detektatu eta deribatzen dituzte, eta indarkeria jasan duten emakumeentzako arreta espezifikoa eskaintzen dute». Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobea emateko erakundeen arteko koordinazioa ezinbestekoa dela diote Agirrek eta Ripak. Kasu honetan, Urola Garaiko Berdintasun Arloa, udaltzaingoak eta udaletako gizarte zerbitzuak, Ertzaintza, osasun zentroetako emaginak, Zumarragako osasun mentaleko gizarte langilea, Zumarragako ospitaleko larrialdietako arduraduna eta gizarte langilea, eta hezkuntzako ikuskaritza dira erakundeak.
Goiekin, eskualde protokoloa
Goierri beheko Goiekin, bestalde, Genero-indarkeriaren aurka eskualde protokoloa dago indarrean 2016tik, biktima baten arretan zuzenean inplikatutako eragile bakoitzak eman beharreko urratsak jasotzeko. Udalerriez gain, inplikatutako agenteek sinatu zuten dokumentua: gizarte langileek, berdintasun teknikariek, Oriako Ertzaintzak, Beasain, Ordizia eta Lazkaoko udaltzainek, eta Zumarragako ospitaleak.
Kasuak koordinatzeko eta horien jarraipena egiteko Koordinazio Batzordea dago, inplikatutako eragile guztien ordezkariek osatuta. Protokoloaren aplikazioaren jarraipena egitea du helburu nagusi, baina baita premia berriak identifikatzea, sortzen diren desbideratzeak zuzentzea edo emakumeen aurkako indarkeriaren arloan aplikatu daitezkeen berrikuntzak helaraztea ere.
Protokolo honen aplikazioan antzemandako kasuen irismena handitu da, eta 2023tik indarkeria mota guztiei lotutako kasuak identifikatzen dira: bikoteak edo bikote ohiak eragindako genero indarkeria, familia barruko indarkeria (aita alabengan, semea amarengan…,), erlazio afektibo batetik kanpoko sexu erasoak edo jazarpenak, transfobia, lesbofobia edo homofobia, eta sexu abusua haurtzaroan. Identifikatutako kasuen azterketa, garrantzizko informazio kualitatiboarekin batera, urteko txosten batean jasotzen da, eta datu nagusiak Goiekiren webgunean argitaratzen dira. ■
Indarkeriaren biktima bazara, nora jo, eta zertara
- Osakidetza: Prebentzioa, detekzio goiztiarra, arreta fisikoa, ginekologikoa, osasun mentala eta soziala. Behar denean, kasuen erregistroa eta lesio partea.
- Ertzaintza: Arriskua baloratu, arreta eman eta babes neurriak.
- Udaltzaingoa: Lehen harrera egin, eta behar duen zerbitzura bideratzen lagundu.
- Udaleko gizarte zerbitzuak (orduz kanpo, Gizarte Larrialdirako Foru Zerbitzuak): kasuaren arreta eta jarraipen indibidualizatua. Beharrezkoa bada, GLFZ tokira bertaratuko da, hasieran emakumeari eta inguruari babesa eman eta eusteko.
- Emakumeen Etxeak: laguntza psikologikoa, juridikoa, zerbitzu espezializatuak eta Jabetze Eskola.
Yolanda Cervero, psikologoa: «Bikote gazteen artean geroz eta indarkeria kasu gehiago dago»