Antton Fernandez Lasa • Bertsozalea
Finala baino sei egun lehenago Zumarragako jaialdian aritutako Alaia Martin nagusitu da 2024an, eta sailkapenari errepasoa egingo diot Urretxutik.
Idiazabalen bizi den Oihana Iguaran buruz burukotik puntu erdira geratu da bere hirugarren finalean, Irungo laurdenetako saioan eran maila itzela emanda. Zutabe hau argitaratu den abenduaren 20an bertan irakurtzen ari bazara, gaur izango du azken aldiz 2022ko apirilean Amaiur Luluaga dantzariarekin hasitako AMAraun ikuskizuna (Idiazabalgo kiroldegia, 20:00); Elgoibarko antzokian kantatuko du 26 ostegunez, Xabat Illarregi, Agin Laburu, Maialen Lujanbio eta Julio Sotorekin, 20:00etan.
Nerea Elustondo legazpiarra bigarren aldiz jarraian izan da finalista. Intentzio erakusgarri edo, Mikel Markezen ‘zertarako mugak jarri’ doinuan ekin zion. 10eko txikian egin zuen ariketa osoena, eta bukaerako agurrean ilea urdindu arte txapelketan segiko duela iragartzea pozik jaso genuen. Azpeitiko Soreasun ariko da gaur 22:00etan, Maider Arregi, Eneritz Artetxe, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi eta Unai Izagirrerekin, eta Usurbilgo Udarregiko jangelan bazkaritan 29an, 14:00etan, Haizea Arana eta Eli Pagolarekin.
Finaletik gertu bukatu du Amaia Iturriotzek, eta bigarren aldiz abestuko du Euskal Herriko txapelketan 2026an. Gaur, Amaia Agirre, Asier Azpiroz eta Asier Ibargurenekin ariko da Hernaniko gaztetxean, 19:00etan.
Nereaz eta Amaiaz gain, final laurdenetan gelditu den Maialen Akizurekin, ia final laurdenetara iritsitako Mikel Iturriotzekin, sailkapen fase ederraren ostean txapelketan aritutako Uxue Fernandezekin, Uxue bezala lehen aldiz final zortzirenetan sartu den Ane Belokirekin eta Asier Iriondo gai jartzailearekin bideko uneak partekatzea luxua izan da. ■