Bi kasete haiek
Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Gure eskuetara ez da iritsi ia kaseterik. Diskoak jartzeko aparatua beti existitu da gure gurasoen kotxean, nik gogoratzen dudanaren arabera. Kotxe-bidaietan behin eta berriz eta berriz entzun izan ditugu kantu berberak ordena berberean; ez gara disko-zaleenak, baina, entzunaren entzunaz, disko batzuen oso zale egin gara. Egongelako izkinaren batean beti egon dira, paisaiaren apaingarri, kasete multzo hautseztatuak. “Zertarako gorde?” pentsatzen nuen nik, gauza haien bizitza aspaldi akabatu zelakoan. Ba, hala ere, zaharraren usainaren nostalgiagatik edo ez dakit zergatik, inoiz ez bezalako zera bereziz jaso nituen, aspaldiko irakasle baten eskutik, bi kasete haiek opari: Lazkao Txiki 1 eta Lazkao Txiki 2.
Geroztik, haren bertso zaharrak behin eta berriz eta berriz entzun izan ditut denbora luzez, egongelako izkinaren batean; eskerrak irrati-kasete zahar-zahar hura ekarri zidan Olentzerok. Bertso haiek ikasiz, kantatuz, aldatuz jolas egin izan dugu makina bat alditan gurean. Oraindik ere, kasete haietako grabazioak entzundakoan, sumatu egiten dut ni bertsozale-bertsozale bat tripatik gora etortzen.
Irail honetan 100 urte beteko dira Lazkao Txiki jaio zela. Efemeridearen nostalgiagatik edo ez dakit zergatik, ohean etzanda bertso haiek entzuteko tartea hartu nahiko nuke. Eta ohetik altxatutakoan, nahiko nuke indar berezi bat sumatu tripatik gora etortzen, baliatu ahal izango dudana Goierriko izkina denetara ozentzeko bertso-doinu bat: bertso-doinu bat, dei egingo diona goierritarrari, eta kontatuko diona nola errima multzo hautseztatu bat dirudienak tripetan zerbait zoragarria eragin dezakeen. ■
