Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
UNESCOk 2019an ofizialki aldarrikatu zuen martxoaren 14a Matematiken Nazioarteko Eguna izatea. Horren ondorioz, omenaldia egiten zaio, gutxi gorabehera 3,14 zenbakiari, π zenbakiari. Ospakizun ofiziala 1:59an hasten da, horrela 3/14 1:59 (3,14159) idatz daiteke.
π zenbakia alfabeto grekoaren hamaseigarren letra den zenbaki irrazionala da. Komaren ondoren luzatzen den zifra kopuru amaigabea du, inoiz eredu bera errepikatu gabe, 3,141592…
Antzina, matematikariak ohartu ziren zirkunferentzia baten luzeraren eta diametroaren arteko erlazioa beti berdina zela, zirkunferentziaren tamaina edozein zela ere. Bi magnitude horien arteko konstante hori da gure π. Zehatz-mehatz kalkulatzen lehena antzinako munduko matematikari handienetako bat izan zen, Arkimedes (K.a. 287- K.a. 212).
Ordenagailuaren asmakuntzak π zenbakiaren zifrak kalkulatzea erraztu zuen. 1949an, ENIAC ordenagailu batek lehenengo 2.037 hamartarrak lortu zituen 70 lanordutan. Gaur egun, hamarnaka bilioi digitu ezagutzen dira.
Bitxikeria gisa, Guinnes liburuan ere azaltzen da π-ren inguruko munduko errekorra; pertsona batek zenbat digitu errezitatu ditzakeen buruz, huts egin gabe. Errekorra etengabe gainditzen ari da.
Gaurko egunez 1879an, Albert Einstein jaio zen, zientziari izugarrizko ekarpenak egin dizkion zientzialari aparta. Bera lekuko izandako pasartea kontatuko dizuet. Badira urte batzuk koadrillako bat bisitatzera joan ginela Bartzelonara. Bidaia gauez egin genuen, eta goizeko zortziak aldera iritsi ginen hirira. Lagunak lan eguna zuenez, ezin ginen berarekin elkartu eguerdira arte, eta, orduan, zientzia museora joatea erabaki genuen. Bertan ginen, fin-fin, irekitzeko ordurako, 10ak. Sarrerak erostera joan ginen, hiru leihatila zeuden. Bitan itxaron beharra zegoen; hirugarrenean, aldiz, ez. Bigarrenean jarri ginen itxaroten. Halako batean, bidaide batek bere tonu graziosoan «hauek dittuk melokotoiak!» bota zuen eta hirugarren leihatilara joan zen han zegoen pertsonari sarrerak eskatuz. Dirudienez behin baino gehiagotan eskatu zizkion sarrerak pentsatuz ez ziola entzuten. Besteok, ilaran jarraitzen genuen lagunari begiak kendu ezinik algaraka. Halako batean, konturatu zen bertan zegoena ez zela gizakia, manikia baizik, eta nor izango? Gure Albert Einstein.
Garbi dago matematikekin edozein modutan eta garaitan topo egin dezakegula; beraz, egon hadi prest! ■