Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Aizkorpe, Arkupe, Ataun, Atxurbide, Beloki, Gaztelupe, Goierri, Lazkao Antzar, Legazpiko Gazteak, Murumendi, Oiangu, Segurako, Tartaloetxe eta Txapagain. Izen segida honek zer iradokitzen dizue? Zein ote da denak bere baitan biltzen dituen gaia.
Agian, erantzuna asmatzeko lagungarri izan daiteke ondorengo zerrenda hau ere: Beñat Garmendia, Oier Ibarluzea, Ekhi Irribarria, Lide Lopez, Aratz Elorza, Beñat Ibarguren, Xabier Ibarguren, Zuhaitz Letamendia, Xabier Naldaiz eta Aitor Otegi.
Oraindik irakurleren bat zer suma badabil, argituko dizuet lehenengo hamalauak Goierriko euskal pilotako klubak direla (erregistrotik jasoak). Bigarrenak, berriz, aurten Gipuzkoako selekzioarekin federazioen arteko GRABNI lehiaketan parte hartzen ari diren pilotari goierritarrak.
Zertara dator hau guztia? Bada, aipaturiko denen atzean Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa dago, eta hauek bezala beste hamarka klub eta ehunka pilotariren ibilbideak ere bai. Ziur aski, oso gutxitan ikusiko zenuten lehen lerroan entitate honen izena, hedabideetako kirol titular nagusien eta asteroko albisteen martxan aurkitzea lan nekeza da, EITB taldeko emanaldietan ez dira aipagai eta pilotako tertulietan zein atarietan denboraldian zehar antolatzen dituzten txapelketak oso gutxi aipatzen dira (edo batere ez). Honenbestez, gure herrian ikusgarritasun gutxiegi duten eragileen artean bat gehiago da. Ikusgarria da, ordea, euskal pilota oinarri-oinarritik sustatu eta indartzeko izan duen ekimena, konbikzioa eta ahala.
2025eko abuztuaren 9an Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte beteko ditu. Mendeurrena, alajaina! Hori ospatzeko hainbat ekintza antolatzen ari da urtean zehar, eragile askorekin lankidetzan. Logoa berritzeko lehiaketa Irati Etxeberria tolosarrak irabazi zuen, martxoko azken astean emakume pilotarien inguruko jardunaldia antolatu zuten Zestoan eta Azpeitian, eta, berriki, euskal pilotan oinarritutako
karta-sorta aurkeztu dute. Hurrengo ospakizun ekitaldia Goierrin izango da bihar,
bertso saioa Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Euskal pilota esku pilotatik harago doala egiaztatzeko, plan polita izan liteke bihar goizean Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituko XV. Txapelketaren baitan, Ordiziako Beti Alain jokatuko den 5. jardunaldia ikustea, Ataun elkarteko Josu Arratibel tartean dela.
Urtez urte ehundutako pilotari, epaile, ordezkari, teknikari, boluntario, ikusle, klub, babesle eta eragileen ehun handi bezain zabalak sendo jarrai dezala. Zorionak! Ez dadila haria eten! ■