Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Haurtzaroko Aste Santuak isiltasunaren hotsa eta iluntasunaren mingotsa dakarzkit: musika klasikoa irratian, Bibliako dramak telebistan, herio giroa elizan, eta, kontuz gero: jende larriaren errieta jasoko zenuen etxean algaraka edo zarataka ibiltzekotan. Danbor hots beldurgarria ere bazen, izan Seguran edo Azkoitian, izan Teruelgo Calanda herrian. Luis Buñuel zine zuzendaria hantxe jaio zen eta Mi último suspiro memoria liburu ederrean aitortu zigun ez zuela Jainkoarengan sinesten, baina ondotxo ulertzen zuela gizon-emakume petralok jainko bat asmatu behar izatea: nola esplikatu, bestela, bizitzaren misterioa, heriotzaren larria…? Haren ustez, zientziak eta teknologiak ia denerako erantzunak dauzkate, baina ez gaituzte benetan asetzen eta lasaitzen; ateoa izanagatik, hark nahiago zuen jainkoaren ideia txiki errukarria.
Baina egunotan berriro ere beterik dauden elizak hutsik daude urtean zehar. Adituek aldarearen aldaketa aipatzen dute: gaur egun dirua, gaztetasuna edo turismoa bezalako beste jainko batzuk nagusitu dira –Israel gerra turismoa bultzatzen ari da Palestinan!–; sinesmenaren mundua aldatu zaigu, eta teknologiarena, eta artearena… Eta galduta sentitzen gara, txiki baino txikiago. Buñuelek kontatzen du zinea jaioterrira iritsi zenean, pianista bat egoten zela zuri-beltzeko pantaila mutuaren aldamenean, baina hasieran gizon bat ere ekartzen zutela: esplikadorea…, ikusleei zinearen erritmo berria azaltzeko, pasadizoen arteko salto ulertezinak argitzeko.
Beharbada horrexen beharra daukagu: esplikadore bat, munduko gorabeherak ulertzen lagunduko diguna, erlijio handien gehiegikeriak baztertu, eta, errespetutik, espiritualtasun berri bat aldarrikatuko duena. XII. mendeko Ibn Arabi mistiko murtziarrak idatzi zuen: «Garai batean baztertu egiten nuen nire antzera sinesten ez zuena. Orain, nire bihotzak forma ugari ditu: gazelen belardia da, fraile kristauen klaustroa, idoloen tenplua, eta erromesentzako Kaaba, bildu egiten ditu bai Torako taulak bai Koranaren bertsoak. Izan ere nire erlijioa maitasuna da».
Luis Buñuel ez zen heriotzaren beldur, baina etorkizunak zer ekarriko digun ez jakiteak tristetzen zuen. Hamar urtez behin, hilobitik altxatu, eta kioskora joan ahal izatea eskatzen zuen: «Egunkariak besapean hartu, eta munduaren hondamendi eta desastreen berri izanda, atzera berriz kanposantuko bakera itzultzeko». ■