Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Legealdi berriekin nekazaritzako erreleborako planak ari dira aurkezten Hego Euskal Herrian. Begi bistakoa denez, erreleboa nekazaritzan beharrezkoa da. Azken nekazaritza zentsoaren arabera, EAEko bataz besteko adina 58 urtetik gora dago eta Nafarroan nekazarien ia erdiak 55 urte baino gehiago ditu. Beste sektore batzuetan jendea aurre jubilazioan pentsatzen ari den adinean, nekazaritza sektorearen barruan sasoi beteko langile gazteak dira.
Programa hauetan jarduera uztear dauden baserrietan jartzen da arreta. Sektorearen diagnosia egiteko garaian, eskalako ekonomiaren perspektibatik bakarrik aztertzen dira etxaldeak, eta zuzenean ontzat ematen dira lurralde honekiko dimentsio handia edo oso handia hartu duten ustiategiak. Gehienetan laguntza publiko kopuru altuenak jasotzen dituztenak baina lurrarekiko loturarik ez dutenak eta duten jabego patrimonial handiarengatik familiatik kanpo transmititzeko zailenak direnak.
Eskalako ekonomia hutsak ez du lehenengo sektorean funtzionatzen. Nekazaritzan eta abeltzaintzan, etxaldeko ekoizpena muga batetik aurrera gehiago hazteak ez ditu kostuak jaisten: baserri bakoitzeko baliabideekiko orekak bai. Lurrari lotutako ekoizpena, iraunkorrena izateaz gain, burujabeena eta merkeena izan daitekeelako. Are gehiago gurea bezalako lurralde malkartsuenetan. Programetako diagnosi horrekin, tamaina txikikoak baztertzea aurreikusten da. Lehengo lepotik burua!
Naturarekin lan egiteak lan egiteko moduan eragina zuzena dauka. Ekoizpen txiki guztiak beharrezkoak dira eta jardueren dibertsifikazioak garrantzi handia du baserria bideragarria izateko. Sentsibilitate horrekin lehenengo sektorera gerturatzen diren gazteak zaindu behar dira, ekoizpen oreka mantentzen duten baserrietara bideratuz, gertuko merkaturatze kanalak erraztuz, formazio egokiarekin eta modu kooperatiboagoak sustatuz adibidez.
Baserriko jarduerak zaintzatik asko du eta, beraz, lanak egin behar direnean egin behar dira eta askotan ez ordutegi baten barruan, eta ez astean zehar bakarrik. Baina horrek ez du esan nahi prekarietatea egon behar denik. Lehenengo sektorean gutxieneko ordainsaria eta pentsioak (1.000 eurotik beherakoak izanik, baxuenetarikoak dira gaur egun) aldarrikatzeaz gain, bizi eta lan baldintza duinak nahi baditugu paradigma aldatu behar dugu eta orain arte porrot egin duena baztertu. Helburua bada, gure lurraldean bertako populazioarentzako elikagai osasungarriak ekoiztu ahal izateko etorkizuneko sektorea indartzen joatea. ■