Monica Leiva • Kazetaria
Bat-batean argia itzali zen eta bazirudien biziraupen-kit ospetsuaren bila erosketa-orgarekin kalera irten zen bakarra ni nintzela. Eroskiko langileek lasai-lasai erretzen zuten atean, «makina erregistratzaileek funtzionatzen ez zutelako»; auzoko belar-dendaren aurrean, Maria Eugeniak kalean irakurtzen zuen «pertsiana elektrikoa jaisten ez zelako»; tabernak bizilagunez beteta zeuden, pintxoak jan eta jan, eta nerabeak kexu ziren Internetik ez zutelako. Baina denak oso lasai zirauen, batez ere sare sozialetan buloak zabaltzen ez zituztelako, dena laster konponduko zen ziurtasuna gailentzen zelako. Nik, badaezpada ere, pospolo eta kandelen bila jarraitzen nuen, zorte handirik gabe. Marixabelen dendan: «Ze pena, ez daukat. Begira, Europar Batasunetik abisatu ziguten». Eta orduan pakistandar familia batek zuzentzen duen janari-dendara iritsi nintzen. Ia-ia bilatzen nuen guztia bazeukaten. «Bai horixe! –pentsatu nuen– Pakistanen, munduko toki gehienetan bezala, badakite minutu gutxiren barruan dena eraits daitekeela». Ondo aztertuz gero, sistemarekiko konfiantza itsua oso pribilegio europarra da. Eta egia esan, nire hozkailuko banilla izozkia desizoztu baino lehen elektrizitatea itzuli zen.
Etxera itzulitakoan, nire orga kontserbaz beteta ikustean irribarre egiten duen lagun kubatar batekin topo egin dut. Habanako bere familiak jateko eta sendagaiak lortzeko zailtasun handiak dituela esaten dit. Gaixotzeko beldur daudenez urteak dira seme-alabek ez dutela familia uhartean bisitatu. Eta gogoan dut, duela gutxi nire gurasoak leku pobre eta isolatu batean hazi zirela, non ez zegoen ia argindarrik, ezta ur korronterik ere, eta europarrak (beti besteak) ez ziren guregana etortzen gaixotasunen bat kutsatzeko beldurrez. Ia mende bat igaro da eta, la chapuza nacional-ik gabe bizitzerik ez dugun arren, gauza gehiago egiten ditugu ondo gaizki baino. Baina Europako kontinentean ez bageunde, nola moldatuko ginatekeen? Eskualde-egonkortasuna ezinbestekoa da oparotasunaz eta garapenaz gozatzeko.
Bigarren Mundu Gerra amaitu eta laurogei urtera, Europa egiazkoa eta ukigarria da. Ordu gutxiren buruan, euskal sare elektrikoa iparraldetik berriz hornitu zen. Zorionez, gure gurasoen edo gure bizilagun berrien segurtasun eza eta beldurra berbizitzeko ez gaude prest. Neure buruari galdetzen diot, paranoia iraunkorrean bizitzea edo gure garaiezintasunean inolako zalantzarik gabe fidatzea, ez ote diren bata bestea bezain txarrak. Nik, badaezpada ere, kandelak eta pospoloak bildu ditut.