Idoia Luzuriaga • Berdintasun teknikaria
Gaur, maiatzaren 23a, Dortoken Nazioarteko Eguna omen da. Eta nik ez dut dortokarik eta ez dut inoiz izango, baina gustatzen zaizkit. Beren ibilera mantso eta nekatuarekin erlaxatzen naute. Agian, nolabait ni naizenetik hain urrun eta izan nahiko nukeenaren parean jartzen nautelako, edo estresez eta zereginez gaina hartuta gauden egun hauetan, haien kezka bakarra hondartzara iritsi eta nonbait deshobiratzea dela dirudielako; hori ere gurean ez bezala, haurdunaldiaren eta hazkuntzaren inguruan hainbeste zarata egin gabe burutzen omen dute. Gustatzen zaizkit, baita ere, urte asko bizi direlako eta imajinatu nahi dudalako –noizean behin nahi dudana irudikatzen baitut– adineko jakintsuak daudela eta beren inguruan gurtuak direla.
Dortoka zaharrena besteak dauden tokira iristen denean, gainerakoek isilik begiratzen dutela, zerbait esan, aholkatu, adierazi, zoriondu, eta, errespetuz, onartu eta haren arrastoari jarraitzen diotela. Dortoken Pepe Mujika moduan. Inork ez dio gogorarazten bere adinagatik ez dela ezertaz enteratzen eta hobe lukeela ixilik eta zaratarik egin gabe egon, besteek berari komeni zaiona dakitenaren aitzakiarekin. Beharbada dortoken taldean izango da dementziaren bat duenik ere, baina ziur asko gainerakoak arduratuko dira beren beharrak asetzeaz eta bakardadeak jotako arratsaldeetan haien presentziarekin laguntzeaz. Dagokien nazioarteko egunean ahizpatasuna eta zaintza praktikatzen duen espezie bat dela pentsatu nahi dut; ez dut ziurtasun zientifikorik behar gaur.
Gustatzen zait beraien aurpegia, zimurtua eta latza, botoxaren beharrik gabekoa, hidrataziotik eta skin-care-tik urrun, bizitako bizitza islatzen duten pozen eta atsekabeen arrastoa estaltzeko edo desagerrarazteko beldurrik gabekoa. Ezin uka daiteke uretan duten dotorezia eta igeri egiten dutenean haien itxura arina, nahiz eta oskolean kezka batzuk eta dortoka-ardurak daramatzaten, ziur asko. Hori gutxi balitz, martxa pixka bat behar izanez gero, espeziearen bertsiorik aktiboena dugu: Ninja dortokak. Egia da hemen ere, gure munduan gertatzen den bezala, emakumeen ordezkaritza eskasa dagoela, hori ere aldatuz eta garatuz doala dirudien arren, eta edozelan ere, ez dugu haien nazioarteko egunean betikoarekin matraka emango. Eta amaitzeko, dortoka arrak eta emeak itxuraz berdinak direnez, zarata egiten dutelako bereizten dira elkarren artean. Badakizue nola? Arrak marmarka eta emeak txistuka egoten omen dira. Beraz, giza espeziea bezala. Edo gugan alderantziz ote?