Arimarekin dantzan
Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Bazkalordua dela jakinarazteko, mahaira deitzeko, Goizueta aldean honela esaten dute: ‘Arrima, arrima, gorputz eta arima!’. Neguak ahaztuarazi zigun gorputza gogorarazten digu udak: udaminean, arropak eranztean, bete-betean jabetzen gara gorputza garela; forma, kolore eta plazer eske daukagula haragia.
Mendebaldean, gizaldi askotan –gizaldi gehiegitan–, filosofoek eta sinesmenek arima nabarmendu ziguten, erabat baztertu eta gutxietsi zuten gorputza. Aristotelesek eta Platonek gorputza hil zuten eta Jesukristok errematatu egin zuen, nahiz eta gero haren gorputzaren piztuera aldarrikatu ziguten. Bi mila urteren buruan, beste filosofo batek hil zuen jainkoa, Nietzschek hain zuzen ere, nahiz eta lehendik Darwing biologoak horixe bera ziurtatua zigun.
Uda garai aproposa da gorputza garela gogoratzeko, gorputzaren mirariaz jabetzeko. Descartes filosofoaren «Pentsatzen dut, hortaz, banaiz» esapidea osatu beharrean gaude: «Sentitzen dut, hortaz, banaiz; emozionatzen naiz, negar egiten dut, dantzan nabil…, hortaz, banaiz». Literaturak ere halakoxe deia egiten digu, adibidez, D. H. Lawrence idazleak idatzi eta Xabier Olarra tolosarrak itzuli zuen Lady Chatterley-ren maitalea nobelan: «Baina azkenean gorputza biziberritzen hasi da, hilobitik altxatzen ari zaigu eta benetan gozagarria izango da, bizimodu atsegingarria unibertso atsegingarri batean…».
Hamaika izenburu nabarmendu ditzakegu udan sartu berri garen honetan: Violette Ailhaud-en El hombre simiente albumari, adibidez, sekulako sentsualitatea dario, edo literatura arabiarrari, jeneralean: Mila gau eta bat gehiago bildumari, Fatima Mernissiren Sueños en el umbral lan biografikoari —laster irakurri ahal izango dugu euskaraz—, edota Abdela Taiaren edozein nobelari. Gurean, Euskal idazleen ipuin erotikoak antologia ere eskuragarri daukagu.
Jose Maria Fonollosa poeta ondorio honetara iritsi zen: «Zenbat urtetan ez ote naizen ibili sinpletasunaren bila…, existentziaren arrazoia topatu nahian. Maitatu, jan, lo egin. Hona hemen bizitzaren giltza eta zergatia. A zer nolako miraria egunero maitatu, jan eta lo egin ahal izatea. A zer nolako gozamenak». Eta Karen Blixen idazlea ere antzera mintzatu zen: «Ur gazia da guztiaren sendagarria: izerdia, malkoak, itsasoa…»
Gorputza dugu munduan egoteko modua, eta maitasuna, erotismoa dugu denborari tranpa egiteko trikimailua. Gorputza aintzat hartzea eta onartzea, gorputzarekin adiskidetzea, azken batean espiritua zaintzea da, arimarekin dantza egitea. ■