Makroen arriskuak
Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Aurreko batean eukaliptoaren garapena eta makrofestibalen konparaketari buruz irakurri nuen: «Eukaliptoa azkar hazteko gai da. Negozio ona da egurraren industrian, asko eta bizi-bizi ematen duelako. Baina, era berean, ingurua jaten du, ur asko eta nutriente ugari behar baititu. Gauza bera gertatzen da makrofestibalen formatuarekin: kulturaren ulerkera terminoetan hitz eginda, usurpatu egiten dute lurra; inguruko zuhaitzak desagerrarazteko gai dira».
Konparaketa, termino antzekoetan, makrogranjak zein elikagaien ekoizpen industrialeko ustiategiak eta etxalde dibertsifikatuen artean ere egin daiteke. Gutxi batzuentzako negozio handia izan daitekeenak eta erraz xamar eraiki daitekeenak (are gehiago diru publikoarekin gogoz bultzatzen baldin bada), lan baldintza kaxkarrak sortuz eta ingurunea kaltetuz, gure lurraldean lurrari zein kulturari lotuta osatzen joan den ehun produktiboa hondora dezake. Ustiaketa bukatu eta gero, makro horiek desagertzen direnean, negozio hobea beste lurralde batzuetan dagoelako adibidez, basamortua azaltzen da. Herriko dendak eta merkataritza-gune handiekin lehen eta online erosketekin orain, gertatzen ari den bezala.
Joseba Tapiak irrati elkarrizketa batean zioen bezala, txikitasunean dago duintasuna. Erabat ados: benetakotasun, kooperazio eta aniztasun kontzeptuak dimentsio txikian oinarritzen dira, ez datoz globalizaziotik, globalizazioak ezdeustatzen ditu, tokian tokikoa ezabatzen joaten da. Antxoekin batera bajura eremua marrazoez betez gero, badakigu zein aterako den garaile.
Politika publikoak eta zerbitzuak askotan handientzako diseinatzen dira, buruhauste eta ezagutza txikiekin epe motzeko emaitza puztuagoak ekar ditzaketelako. Politikagintza bera ere makro eredura egokituta. Goitik beherako planifikazioa eta enpresa, ustiategi zein korporazio handien interesen araberakoa.
Ekimen txikiez osatutako Euskal Herriko jairik handienetara joan gaitezke: Europako administrazioen jarrera eta jarduera lotsagarriaren aurrean, Iruñeko udaletxean Palestinaren aldeko txupinazoa nabarmentzeko duintasun urrats sinbolikoa delako. Badakigu sinbolismotik areago ekintza kolektiboak beharrezkoak direla, txupinazo solidario horren alde bozkatu duten hamar milatik gora pertsonak zein ekimenarekin emozionatu garen beste milaka euskal herritarrena kasu, Israelekin kolaboratzen duten enpresei boikot aktiboaren bidez. Kontraboterea osatzeko bai behar dugula denon erantzun makroa. Etsaia horrelakoa delako. ■