Desbideratzeak
Monica Leiva • Kazetaria
Uda iritsi da eta Gipuzkoako katalanok Mediterraneo aldera abiatu gara. Ekialderantz goaz Pirinioak ardatz ditugunok. Mendikate hori partekatzen dugu, eta, mendeetan zehar, han bizi garen herriak batu ditu. Meategiak, ikatz-labeak, burdinolak eta fabrikak igarotzen ikusten ditugu, mendikate osoari oparotasuna eman ziotenak (ez dezagun pentsa Urola Garaiko kontua bakarrik direnik). Arditurriko meategietatik Ripolleko arma eta iltzeen errementerietaraino, Les Bourdetteseko zintzarrien fabrikaziotik igaroz, meatzaritzak eta burdingintzak kultura oso bat sortu dute Burdin Arotik gaur egun arte. Badiola, Ferrier, Herrero, Farga… mendez mende gure mendi partekatu eta lehiatuan bizi izan diren leinuak.
Uda denez, bailara eta mendi-magalak ardiz, behiz, behorrez barreiatuta agertzen dira. Artzaintza eta transhumantzia partekatzen dugun beste errealitate sozial eta ekonomiko bat da. Baita gaur egungo ingurumen erronkak eta artzainen, abeltzaintzaren eta harrapari handien arteko elkarbizitza zaila ere. Prats de Molló edo Arizkuneko inauterietatik haratago, hartzak (eta otsoak) Pirinioetan berragertu dira (berriki otso bat Larhun inguruan ikusi dute), Pirinioetako artzain txakur arraza autoktonoek (Euskal Artzaina, Brie, Gos d’Atura, haien artean hain antzekoak direnak) desagertzeko arriskuan jarraitzen duten bitartean, Border collie delakoaren nagusitasuna nabarmena da. Mendi kate osoan oso bizirik dirauen zerbait gaztaren kultura da, Idiazabal, Ossau-Iraty edo Urgèlia jatorrizko izendapenekin, Cerdenyan.
Gerri, Esterri, Suert, Arinsal, Urtx, Salardú, Beret, Aran… Aurrera egin ahala, Katalunian dauden ehun euskal toponimo baino gehiagorekin egiten dugu topo. Ez hain ohikoak ekialdera eta hegoaldera, non hizkuntza erromantze berri baten –katalana– aurrerapenak atzera eragin baitzion euskal hizkuntzari IX. eta X. mendeen bitartean. Baina bi hizkuntzen elkarbizitza nahikoa luzea izan zen. Esquerra, xabola, pissarra, gavarra, paparra, motxilla, estalvi, gavet, gerdó, marrà, samarreta euskal substratuko hitz katalanak dira. Gainera, Kataluniako herri eta hirietako izendegian euskal pertsona ospetsuen eta toponimoen presentzia ugariak harreman historiko eta kultural aberatsak aipatzen ditu.
Hori guztia errebeldia hutsagatik idazten dut, egun gizartean islatzen denari kontra egiteagatik, pertsonen eta kulturen arteko adiskidetasun, maitasun eta topaketaren frogak bilatzeagatik, partekatutakoa eta oraindik partekatzeko dagoena ospatzeagatik. Tira, desbideratzeak. ■