Svalbard
Ines Castiella Imaz • Kultur eragilea
Svalbard itsaso glaziar artikoan kokatutako uhartedi bat da, garai batean Groenlandiarena zena, baina gaur egun Norvegiako Erreinuaren menpe dagoena. Erdi Aroan, balearen arrantzan ziharduten euskal marinelak ere iritsi omen ziren bertara, baita euskarazko hitzen bat edo beste txertatuta utzi ere bertakoek egiten zuten hizkeran.
Horretaz aparte, Svalbard uhartediaren hiriburu den Spitsbergen izeneko hirian, hazi gordailu bat eraikitzea deliberatu zuten, munduko handiena, inoiz munduan zer edo zer ‘terriblea’ gertatzen bazen, gizateriak biziraun ahal izateko. Lur azpian metro batzuetara, gizakiak neurriak hartu ezean jasan ezinezko hozbero eta bestelako muturreko baldintza fisikopean dagoen habearte erraldoia, Svalbard.
Baten batek aurreratu zigun bizitzen gabiltzanak ez omen direla lirikarako garai onenak eta horregatik akordatu gara Svalbardekin. Une gogorretan jo izaten baitu gizakiak oinazea arinduko dion dena delako horretara. Hezurrekin eta artikulazioekin arazoak dituenak badaki hotza jartzearena beti izaten dela sendagilearen gomendio nagusietako bat. Hotza, ahalik eta hotzena eta latzena, orduan eta hobea, sendagarriagoa.
Hezurrezko ez diren beste ezinegon batzuen aringarri izaten da lirikarena, poesiarena esaterako. Jo dezagun Emily Dickinson izan zela halako gaitz bat pairatu zuen norbait. Eta hori zela kausa, erabaki zuela etxetik ez ateratzea, beti zuriz janztea eta poesia baliatzea bere ezinegona bideratzeko iturri. Demagun, bazekiela Svalbard existituko zela noizbait, eta bere azken borondateetan jasota utzi zuela bere bizipenak, poemak eta idazlanak nahiko lituzkeela bertan gorderik utzi. Nor edo norentzat lagungarri izan zitezkeelakoan, edota mundua eta gizateria aldrebestuko balira, lirikak bizirik iraun zezan. Biziraun zezan gizaldi eta gizaldietan.
Azken egun hauetako beroaldiekin, albiste zein baino zein etsigarriagoak bata bestearen atzetik, munduaren gainbehera badatorrela lirudikeen honetan, ni ere zuriz jantzi, eta poesia liburu batzuk besapean hartuta joango nintzateke, Ipar Polotik zazpiehun kilometrora dagoen Norvegiako irlara, izotzak, denboraren joanaren kontra mundua salbatuko duten milioika hazi ezberdin zaintzen dituen tokira, oraindik gizatasuna darien hitzak milioika hazi espezie ezberdinen artean ongi gorderik uztera, denbora luzez auren aterpea izan dezaten eta noizbait, mundu berri batean hazi horiekin guztiekin batera ernaberritu daitezen; noizbait munduan edertasunik bizi izan bagenuen behintzat ez dadin inoiz ere galdu. ■
