Lan espazioak
German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta kirol psikologoa
Etengabe ongizateaz hitz egiten den garai hauetan eta buru osasuna zaintzeak teorian indarra hartu duen honetan, zenbait erakundetan errealitate asko mozorrotzen direla esango nuke. Tamalez, langile asko dira igande arratsaldeetan ezinegonez blai egoten direnak badakitelako hurrengo egunean astelehena datorrela eta nora joan beharko duten. Askok gaua lo egin ezinik igarotzen dute.
Dena presaka egin beharrean aurkitzen gara, bizi garen gizarte kapitalistak etengabe produzitzera bultzatzen gaitu, maiz muga ‘sanoetatik’ askoz haratago, eta okerrena da hori normaltzat hartzera iritsi garela. Baina ez, ez da normala lanean kateatuta egotea, ez da normala egunero ordu estrak sartu behar izatea, ez da normala nagusiarekin hitz egiteko beldurrez egotea, ez da normala lanean ez zaudela ere burua lanean edukitzea, ez da normala egunak joan eta egunak etorri izugarrizko presioa edukitzea lanari dagokionez, ez da normala dagozkizun lanetatik haratagoko lanak egin behar izatea eta gainera horiek egitearren ordaindua ez izatea, ez da normala astelehenaren beldur izate, eta batez ere, ez da normala hau normala dela pentsatzea.
Lan inguruak ingurune segurua izan behar du zeinetan langileen osasun fisikoa nahiz psikologikoa zaindu behar den. Erakunde askok jartzen omen dituzte zentroan errespetua, enpatia, aniztasuna, inklusioa, ongizatea, talde-lana… Baina praktikan jartzeko unea heltzen denean aurrez aipatutako horiek 3 euroko billete bilakatzen dira sarri. Askok besteen aurrean diskurtso ederrak botatzen dituzte, baina lurrean apur bat arakatuz gero zulo sakonak aurkitzen dira maiz.
Azken uneko hamaika mobida, kudeatu beharreko beste hainbeste sorpresa, askotan pertsona berarengan erortzen diren zenbait zeregin… Gauza bat da erresilientea izatea eta azken unean gertatzen diren oztopoei soluzio bat ematea, eta beste gauza bat da, zutaz nola aprobetxatzen diren ikustea.
Gero antsietateagatik edo/eta depresioagatik baja asko daudela esanez kexatuko dira zenbait. Lan baldintza benetan duinak edukiz gero ez litzateke horrelakorik gertatuko, edo ez behintzat hainbesteko maiztasunarekin. Baina, eta salbuespenak salbuespen, errazagoa da dena langilearen errua dela esatea.
Lan ingurune seguruak eskubide dira, eta lan ingurune seguruak bermatzeko buru osasuna erdigunean jartzea ezinbestekoa da, eta horretarako, besteak beste, prebentzioan lan egin behar da. ■
