Udako altxorrak
Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Udako gau batean, mutiko batek amets berezi bat egin zuen, berehala ahazten zaizkigun ametsak ez bezalakoa, izan ere goizean argi gogoratu baitzuen amestutakoa: hondartzan zula eta zula zebilela, bi euroko txanpon bat topatu zuen. Gosaritan, pozarren eman zion amari ametsaren berri, baina gero, hondartzan, lagunekin eta urarekin jolasean, erabat ahaztu zuen ametsa. Hamaiketakoarekin, amak badaezpada ere semeari ametsa gogorarazi, eta mutikoak, zulaketan hasita, bi euroko txanpon bat topatu ez zuen ba! Haren poza, orduan! Ametsa, mirari baten pare, bete egin zitzaion, eta pasadizo hura betiko geratu zitzaion gogoan.
Asko idatzi da altxorrei buruz: Tutankamonen altxorra, inka eta aztekenak… Literaturako lanik ederrenetako bat Stevensonen Altxor uhartea dugu, Asun Garikanok bikain euskaratua –Botilako deabrua ipuin gogoangarria bezala–. Eta mutiko ameslariaren kontakizuna Juan José Millásen El mundo liburu autobiograkoan irakur dezakegu, hau ere udarako gomendagarria oso.
Beste ipuin batean, Krakoviako Martin nekazari pobreak ere altxor batekin egin zuen amets: altxorra Pragan zegoen, gaztelu azpiko bazter batean. Ameskeria iruditu arren, ametsa behin eta berriro errepikatu zitzaionez, azkenean nekazaria dirugosez beterik abiatu zen Pragarantz. Noizbait ere, iritsi da gaztelura, hasi da han-hemenka zulatzen, baina soldadu bat agertu zaio. Eta soldaduak jakin duenean zeren bila dabilen, barrez hasi zaio: ‘Hara bestea! Nik ere amestu diat Krakovian badela Martin izeneko gizon bat, etxe atariko baratzean sekulako altxorra daukana. Txorakeria galantagorik, bururatu ere ez niri hara joatea!’. Martin itzuli zen Krakoviara, eta, sinesgogor, badaezpada ere baratzea zulomiatzen hasita, hara non altxor miresgarri bat aurkitu zuen! Batzuetan, itzulinguruka ibili beharra daukagu benetako ondasunak begien bistan dauzkagula konturatzeko.
Emily Dickinsonen ustez, bizitza dugu sekreturik delikatuena –bai ederra Preferiría ser amada liburua, gutunazal marraztuekin (envelope poems)–. Jose Maria Fonollosak dio oinarrizkoena hiru gauzetara mugatzen dela: maitatzea, jatea, eta lo egitea; horrekin nahikoa dugula bizitzaren oparia estimatzeko. Beharbada horixe nahi izan zuen mutikoaren amak, semeari hare artean bi euroko txanpona ezkutatu zionean; beharbada bizitzaren misterioa deskubritzen lagundu nahi izan zion. Juan Jose Millás urte askoren buruan konturatu zen horretaz, psikoanalistaren dibanean etzanda; bere ere jabetu zen ederra dela bizitzako altxorrak bilatzea orain, udan, esate baterako. ■
