Beroa luzerako!
Judit Garcia llorens • Baserritarra
Uda honetako beroa hizpide izaten ari da bazter guztietan. Ekainaren bukaerarako, lurra kiskalita zegoen eta uztailean tregoarik gabe jarraitzen dugu. Egoera zaurgarrian dauden pertsonengan ondorio latzak uzten ari da bero hau. Gainontzekoontzat ere ez da makala izaten ari. Bentiladoreak eta haize egokituen aparatuak lepo saltzen ari dira, egoera bideratzeko sektore hau estrategikotzat jo beharko dugu gure lurraldean hemendik aurrera.
Baina industriak gailu berriak sortzeak ez ditu tenperaturak apalduko. Lan baldintza onak sortzen baditu ere eta fokua industriaren zati baten elektrifikazioan jarrita egon arren, dena ezin dute teknologiak eta industriak konpondu.
Tamalez, tenperatura aldaketa hauek geratzeko etorri badira, bero izugarria pairatzea icebergaren punta besterik ez da. Hemengo eguraldira egokitutako ekosistema, landare zein animalientzako izugarrizko jipoia da. Baita haizearen kalitate, ur eta lurrarentzat ere.
Azken asteotan Europako agintariak aurrekontuak nora bideratuko diren eztabaidatzen ari dira. Arlo batzuek gero eta lehentasun handiagoa dute: defentsa eta armamentua. Eta hamarkadetan zehar Europako aurrekonturik garrantzitsuena izan den nekazaritzarena, murrizten doa. Hurrengo epealdiari begira, %20 jaistea planteatzen ari dira. Non geratuko dira nekazaritzako etorkizuneko erronkak, eta sektorearen trantsiziorako planen finantzazioa? Kalitatezko elikagaiak sortzea ingurumena eta klima zainduz ekoizpen ekologikoaren bidetik, energia fosilaren menpekotasuna gainditzea, erreleboa, etxaldeen autonomia, lan baldintzak duinak, herritarron elikadura osasuntsurako eskubidea…
Jaurlaritzak, bere aldetik, joan den astean datu batzuk aditzera eman zituen, horien artean hauek: azken 5 urteetan, EAEko ustialekuen kopurua %9 jaitsi da, baina Eusko Labelean dauden ustialekuen kopurua %25 jaitsi da (607tik 455era). Jaurlaritzak hortik hiru ondorio atera ditzake. Alde batetik, ekoizpenari dagokionez, marka honek ez duela balio ekoizpena iraunkortasunerantz bideratzeko. Bestetik, markaren balizko balioa ez zaiola baserritarrari iristen. Eta, azkenik, kontsumitzaileek ez dutela benetako balio erantsirik ikusten logo horren atzean. Erabaki politiko bakoitzak aukera-kostu bat du, baina noizbait Euskal Herriko nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen ereduaren trantsizio ekologikorako planifikazioan fokua jarri beharko da. Horrela, gainera, esaten dena eta egiten dena elkarrengana gerturatzen joango dira. ■
