Doraemonekin topo egingo banu
Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Ikasturte berri bat hasten den honetan, Doraemonekin topo egingo banu, bere poltsiko magikotik zerbait ateratzeko eskatuko nioke. Ez nuke jakingo zehazki zer. Doraemonek hasperen egingo luke. Eskua poltsikoan sartu eta ate bat aterako luke.
– Ate magikoa. Edozein lekutara lehenago iristek».
Nik ezetz. Errazegia. Berriro saiatuko litzateke.
Gero, ur gainean ibiltzeko zapatila batzuk, denbora gelditzeko makina eta hurrengo egunean zer gertatuko zen jakiteko aparatu bat. Botoi bat sakatzea nahikoa litzateke biharamunean zer gertatuko zen jakiteko. Eta hurrengo egunean. Eta hurrengoan. Aldez aurretik jakin ahal izango nuke zein izango ziren egun onak, zein egunetan jaikitzea ere mereziko ez lukeen. Nor ezagutuko nuen. Norengandik urrundu beharko nuen. Urtebete barru nola egongo nintzen ere jakin ahal izango nuke.
– Keba!
– Ziur?
– Ziur.
Dena jakiteak beste norbaitek aldez aurretik kontatutako pelikula bihurtuko luke ikasturtea.
Iparrorratz txiki bat aterako luke.
– Eta hau?
– Iparrorratza?
– Badut bat!
– Honek nora joan behar duzun esaten dizu.
Erabaki zail bat hartu beharko nuenean, orratzari begiratu eta kito.
– Gorde hori ere.
Doraemon pazientzia galtzen hasiko litzateke.
– Nobita bera baino narritagarriagoa zara! Zer nahi duzu?
Poltsiko haren barrura begiratuko nuke, Han barruan imajina zitezkeen irtenbide guztiak zeuden, batek ere ez ninduen konbentzitzen. Orduan bururatuko litzaidake.
– Uhmm… badaukazu zerbait ikasturteak pixka bat gehiago iraun dezan?
– Ez.
– Eta gauzak gertatzen ari diren bitartean haietaz ohartzeko zerbait?
– Ba ez.
– Ederra poltsikoa.
– Aizu!
Une batez isilik geratuko ginateke. Aurrean iraila izango nuke, gero urria, azaroa, abendua… Hirurehun eta hirurogeita bost egun, oraindik hutsik. Oraindik ezagutzen ez nituen pertsonak. Oraindik hasi ez ziren elkarrizketak. Agian aurreikusita ez zegoen bidaia bat. Behar baino gehiago luzatuko zen urtebetetze bazkari bat. Arratsalde arrunt bat, une hartan jakin gabe, urteetan gogoratuko nuena.
– Uste dut badakidala zer nahi dudan, –esan nion.
– Azkenean.
– Gauzak gordetzeko zerbait.
Irribarre egin eta kutxa txiki bat aterako luke.
– Hemen dena sartzen da.
– Dena?
– Tira, gordetzea merezi duen guztia.
– Eta nola jakingo dut zer sartu?
Doraemonek sorbaldak jasoko lituzke.
– Hori ez da nire kontua!
– Katu madarikatua!
– Mapatxea naizela!
Kutxa txikia poltsikoan gordeko nuke. Hutsik zegoen. Oraindik. Ez nuke jakingo zer aurkituko nuen hurrengo hamabi hilabeteetan, zer aterako zen ondo eta zer gaizki, ezta hurrengo iraila iristean non egongo nintzen ere. Baina kutxa huts bat neraman. Eta ikasturte oso bat hura betetzeko. ■
