Sustrai sendoetatik datoz kimu berriak

Iparra_Hegoako_azken_ekita

Segurako Iparra-Hegoa jaialdiak mende laurdena beteko du aurten. Loretan gelditu beharrean, ordea, aro berri bati ekin nahi diote, jende berria sartuta eta ekimena zabalduta.

Bidasoak batu eta banatzen ditu Euskal Herriaren hegoaldea eta iparraldea. Hain gertu eta aldi berean hain urrun dauden bi lurraldeen arteko harremana bultzatzea izan da Iparra-Hegoa jaialdiaren helburua, sortu zenetik. Duela hogeita bost urte landatu zuten Itsasuko gereziondoa Seguran, eta dagoeneko sustrai sendoak egin ditu mende laurdenean, eta kimu berriak ematen ari da. Erreleboa badago, eta segurar gazteak prest daude belaunaldi aldaketa gauzatu eta antolaketa lanei heltzeko. Aro berri bati ekin nahi dio orain jaialdiak, enbor beretik sortutako zuhaitz adaxka gazteak bezala, iparraldeko eta hegoaldeko herrien artean harreman, festa eta senidetze berriak sortzea lortu nahi dute.

Iparra-Hegoa jaialdiaren lehendabiziko hazia duela 26 urte jarri zuten, Elizondon (Nafarroa). Han elkartu ziren Segurako Elorri elkarteko eta Urruñako (Lapurdi) txaranga bateko hainbat kide.  Pixkanaka Elizondon sortutako harremana sendotzen joan zen naturalki.  Jaialdiaren bultzatzaile nagusietako bat izan da Xabier Albizu segurarra, eta haren esanetan,  «Euskal Herria ulertzeko modu bera dugunon artean erraza» da harremanak sortu eta indartzea.

Lagun arteko elkarrizketa batetik hasitakoa, forma hartzen hasi zen, pixkanaka. Aurreneko hizketaldi horietan  berehala ohartu ziren, kilometroz hain hurbil egonagatik, Iparraldea  eta Hegoaldea elkarrengandik oso urruti zeudela. Euskarak eta euskal kulturak batzen bazituen ere, elkarren arteko ezezagutza handia zen. «Ez genuen elkar ezagutzen, eta oraindik ere ez behar adina». Albizuk argi du horren arrazoia: «Urte askoan oso banatuta eduki gaituztelako da». Horri erremedioa jarri nahi izan zioten. Lau helburu hartu zituzten oinarri hastapen hartan: harremanak sendotzea, kultura elkartrukatzea, gerturapen guneak sortzea eta Euskal Herria egituratzen laguntzea.

Antolatutako aurreneko ekitaldian, Itsasuko (Lapurdi) gereziondoa landatu zuten Segurako Errebote eraikinaren ondoan. Mende laurdena pasa da geroztik, eta jaialdia hazten eta berritzen joan da etengabe. Iparra-Hegoa bezala, urtero loratzen baita gereziondoa.

Egun bakarretik, ia bi hilabetera

Iparraldekoek egin zuten aurreneko gerturatze saioa, Seguran antolatutako lehen ekitaldira etorrita. Lehendabiziko saio hartatik «harreman jatorra» egin zutela dio Albizuk. Ekitaldi soil batekin hasi zen Iparra-Hegoa, baina laster  «asteburu txukun samar bat» antolatzera pasatu ziren ondoren, «elkar sakonago ezagutzeko» asmoarekin. Festari eduki kulturala ere eman zioten, hitzaldiekin eta kontzertuekin.

Jaialdiaren 10. urtemugan, duela 15 urte, salto kualitatiboa eman zuten, asteburuko egitarauaz gain, aste osoko ekintzak antolatuta. Gaur egun, ia bi hilabeteko ekintza sorta izaten dute, Euskal Herriko hainbat herritan sakabanatuta. «Elkarrekin bide bat egiten» ari direla uste du Albizuk; «ezker eta eskuin adarrak zabaldu ditugu, bidaide bikainak izan ditugu han eta hemen». Dena larrosa kolorekoa izan ez bada ere, urteotan «momentu magiko ugari» bizi izan dituztela dio. «Batzen gaituena baloratzen ikasten ari gara. Euskal Herria eraikitzeko era asko daudela erakutsi nahi izan dugu urte hauetan guztietan». Zentzu horretan, Iparra-Hegoak «Euskal Herria osatzen laguntzeko bere aletxoa» jarri duela uste du.

Maquetación 1Zazpi herrialdeak gerturatuz

Iparraldea eta Hegoaldea batzeaz gain, Euskal Herria egituratzeko eta herrialde ezberdinen arteko harremana bultzatzeko ahalegina ere egin du Iparra-Hegoak. Euskal Herriko zazpi herrialdeak banan-banan ezagutu dituzte Seguran, eta baita «zortzigarren herrialdea» deitzen dioten diaspora ere.

Egituraketa lan horretan, Udalbiltza bezalako erakundeekin harremana izan dute, eta bestelako ekitaldiak ere sortzen lagundu du Iparra-Hegoak. Hala sortu zen, esaterako, Euskal Herriko Mus Txapelketa. Bihar, martxoak 14, jokatuko dute zazpi herrialdeen arteko finala, Gopegin (Araba). Lurralde guztietako 2.000 bikotek baino gehiagok parte hartu dute azken edizioetan. Bide beretik, Goierriko eta Iparraldeko ikastolen arteko harremana bultzatu eta elkar laguntzeko hainbat jaialdi antolatu dituzte. Iparraldeko ikasleak ere urtero etortzen dira Segurara, eta bertako kultura, bizimodua eta ekonomiaren inguruan ikasteko aukera izan dute.

Ikasleen artean ondo txertatuta

Iparraldeko ikasleen eta segurarren arteko harremana oso gertutik bizi izan du Pello Aranzabal Baionako Bernat Etxepare Lizeoko hezitzaileak. «Gure gazteentzat nahi dugun festa eredua da Segurakoa, Iparra-Hegoan ematen dena; euskalduna, auzolanean oinarritua, parekidea… eta hori bultzatu nahi dugu gure gazteen artean». Harremana «kasualitatez» sortu bazen ere, «oso ekuazio polita» dela dio, eta ikasleen artean «oso ondo txertatu» dela.

Ipar Euskal Herrian, «Seaskako Lizeo bakarra» dagoela azaldu du Aranzabalek. Lizeo hori sortzerako garaian, kanpaina bat egin zuten, Euskal Herri osoan sagarrondoak salduz. Garai hartan Seaskako ikasle baten guraso zen Lierni Elortzak proposatu zien Segurara ere joateko aukera. «Joan ginen eta bikain pasa zen, sekulako harrera egin ziguten, sagarrondoak saldu genituen, eta oso egun polita pasa genuen han».

Kanpaina bukatu zenean, ordea, harreman horrekin nola jarraitu aztertzen hasi ziren. «Urtebete lehenago ezagutu nuen Iparra-Hegoa jaialdia, eta bertara irteera bat egitea proposatu genuen». Baina ez zuten ohiko irteera bat izatea nahi, museoetara edo hiriburuetara egin izan dituztenak bezalakoa. «Zerbait hezitzailea izanda ere, modu informalagoan egin nahi genuen». Lehen urte hartan, «ikasleak motibatu» behar izan zituzten Segurara joan aurretik, ez baitzuten festa haren berririk. «Hara joan ginen eta sekulakoa izan zen, ikasleak oso pozik bueltatu ziren, primeran pasa zuten, gauza asko deskubritu zituzten, eta oso harreman polita sortu zen, ez bakarrik Segurako gazteekin, adin ezberdinetako jendearen arteko fusio polita ere izan zen».

Bigarren urterako, ez zegoen joan nahi zuten guztientzako tokirik. «Denek joan nahi zuten, eta adin tartea mugatu egin behar izan genuen, horrela denak pasako direla bermatzeko».

«Ekimen militantea»

Segurako festaren baloreekin bat egiten du Lizeoak, eta egun, «Lizeoaren urteko proiektu bat gehiago» bihurtu da. Baina argi daukate Segurara ez direla ikusle soil moduan joango. «Hastapenetik planteatu genien hau ekimen militante bezala; hau da, gu ez goaz hara zerbait kontsumitzera edo ikustera bakarrik, geuretik ere zerbait eraman nahi dugu Segurara. Bakoitzak bere gaitasunak baliatuz, batzuk dantza, besteek kantua, musika edo bertsoak, haur jolasak prestatu… Gure parte bat eraman nahi dugu festa horretara». Horretarako irailetik hasten dira lan taldeetan banatu eta entseatzen.  Eta ikasleek ondo erantzuten dute. «Esplikatzen diegu auzolanean oinarritutako festa bat dela, eta ez dela Eurodisney, gu ere zerbait eramatera goazela; eta egia esan, orain arte oso ondo ulertu dute. Jarrera onarekin doaz, mahaiak mugitu behar badira, edozertan lagundu behar bada… beraiek ere parte sentitzen dira».

AzalaZiklo berria, belaunaldi berria

Mende erdiko emaria eman duen iturria ez da agortu oraindik. Iparra-Hegoak jarraituko du aurrerantzean ere, baina «ziklo berri bat» zabaldu dela uste dute antolatzaileek. «25 urteotan gauza asko aldatu dira, baina beldur ginen estankatuko ote zen, gaur ondo funtzionatzen duen hori betirako uzteko saiakera batekin». Aldaketak eta gauza berriak sartzeko, ordea, ezinbestekoa zen «jende berria» sartzea, eta azken hiru urteotan, horretan egin dute ahalegina.

Idoia Lopetegik 34 urte ditu, eta umea zenetik ezagutu du Iparra-Hegoa jaialdia herrian. Hala ere, duela hiru urte, antolaketa lanetan laguntzen hasi zenean konturatu zen «Iparra-Hegoa sekulakoa» dela. «Balioa ematen diozunean konturatzen zara hori ezin dela galdu». Baina etorkizuna bermatzeko, «pixkanaka jende gaztea» sartzeko beharra ikusten dute, jaialdiari «begiratu gazteago bat» emanez. «Iparra-Hegoaren oinarrietako bat harremanak dira, eta prozesu horretan pixkanaka joan behar da, naturalki». Hori bai, garbi daukate jaialdiak hasierako helburuei eutsi behar diela. «Belaunaldi berria sartzen ari da eta beste 25 urteko ziklo bat ireki dela esa daiteke».  Ziklo berria orain artekoaren «jarraipena» izango da, baina «belaunaldi berrien eskutik».

Harreman berriak sortzea helburu

Aurrera begirako bide horretan, jaialdiak nola hazi behar lukeen ere hausnartu dute. 25. urtemugaren harira gogoeta saio bat egin zutela azaldu du Lopetegik. «Ikusten genuen Iparra-Hegoak urtez urte indarra hartu duela, eta guretzat oso potoloa den zerbait bihurtu da». Jaialdia indartzen jarraitu nahi dute, baina ez dute «makro festa handi bat» bihurtzerik nahi. «Segurako aste hori indartzen jarraitzen badugu, izaera galtzeko arriskua dauka». Horregatik, Iparra-Hegoaren proiektua eta filosofia «Euskal Herrian zehar» hedatzen joatea nahi dute. «Herri batean eginda oso emankorra da, baina askoz ere emankorragoa izango da Euskal Herriko puntu desberdinetara zabalduta, bakoitzak nahi duen formatuan».

Uste berekoa da Pello Aranzabal ere, Segurako formula «oso egokia» ikusteaz gain, «potentzial handia» ikusten baitio. «Uste dugu Iparra-Hegoa ezin dela bilakatu makrofesta batean; hau da, mikrofesta askoren batuketa bat izan behar duela». Lizeoan eta ikasleen artean egiten duten lanketarekin ere, hori bera lortu nahi dute. «Guk nahiko genukeena da gure ikasle ohiek, hemendik 5-6 urtera, haien herrietan hastea pentsatzen nola egin dezaketen haien Iparra-Hegoatxoa, beste izen batekin bada ere, edo senidetze bat beste herri batekin».

Martxoaren 23tik 29ra loratuko da aurten Iparra-Hegoa. Sustrai sendoetatik jaiotako kimu berrien emaitza, ordea, datozen hogeita bost urteetan loratzen jarraitzea espero dute, bai Segurako plazan, eta baita Euskal Herriko bazter gehiagotan ere.

Aire berriak antolakuntzan, lanak batzorde txikien bidez banatuta

Ametsak amets dirau (Lierni Elortza, Iparra-Hegoaren sortzailea)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>